detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Jesus M. Ugalde: "Etika-falta da gaur egun sufritzen ari garen krisi ekonomikoaren arrazoietako bat"

Ez da nolanahiko curriculuma Jesus Ugalde fisikari-kimiariarena (Bergara, 1957). Kimika Fisikoko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hori guztia nahikoa ez, eta 2012an Jakiunde akademiaren lehendakaritza jaso zuen "ilusioz eta arduraz".

Bere ibilbide zientifikoan, 200 argitalpen zientifiko baino gehiago ditu eta dibulgazio zientifikoko 20 saiakera. Honako sari hauek ere jaso ditu: Doktoretzako Sari Berezia (1985); X. M. Munibe Ikerketa Saria (1997); National Sciences and Engineering Research Council of Canada-ren Truke Zientifikoko Nazioarteko Saria, eta 1989ko Killam Post Doctoral Fellow Award, Halifaxen (Kanada). 2003ko Euskadi Ikerketa Saria.

Hori guztia nahikoa ez, eta 2012an Jakiunde akademiaren lehendakaritza jaso zuen “ilusioz eta arduraz”. EHUko bulegoan hartu gaitu, akademiaren nondik norakoak azaltzeko.

Zein da Jakiunderen funtzioa?
Oso akademia gaztea da Jakiunde. Bost urte baino ez ditu eta, zentzu horretan, akademia jaioberria da. Euskal Herrian dagoen akademia generalista bakarra da. Jakiundek jakintza arlo osoak hartzen ditu bere baitan -hizkuntzarena izan ezik, horretarako baitago Euskaltzaindia-, eta gaiak kokatu egiten ditugu, testuingurua jartzen diegu gai guztiei, Euskal Herrian. Beraz, alde batetik, gure lana da goi aholkularitzako erakunde bat izatea Euskal Herrian. Eta, beste alde batetik, hemen dauden beste erakundeetarako zerbitzuan gaude eta bikaintasunaren grina eta gogoa zabaltzen saiatzen gara. Horrekin batera, zientzia, arte eta letren zabalkundea egiten dugu gure herrian.

Bergarako Olaso Dorrean du egoitza Jakiundek

Zu lehendakaria zara. Orain dela urtebete inguru hartu zenuen kargua. Nola ekin zenion lan honi?
Arduratsu heldu nion, baina baita ilusioarekin ere. Ilusio handia daukat, zer akademia klase daukagun eta akademikoak zein diren ikusita... Baina ardura ere bada, lehenengo 5 urteetan akademiak batez ere etxe barruko lanak egin ditu. Akademia eraiki egin da. Barne antolakuntzarako arauak, estatutuak eta kokapen instituzionala, horixe egin da. Eta hortik aurrera, lehenengo 5 urte horietan akademia akademiko kopuru kritiko batera iritsi da. Eta hori ez da gauza batere erraza izan. Akademikoak aukeratzea oso gauza delikatua da eta garrantzitsua ere bai. Aukeraketa prozesu nahikoa zaila izan da. Har ezazu kontuan 25 akademikorekin hasi ginela, eta orain 59 gara. 60 izan beharko genuke baina, tamalez, Xabier Lete hil egin zitzaigun.

Bikoitza baino gehiago
Horixe da. Hazkunde hori modu arduratsuan egin dugu eta lanak ere eman dizkigu. Orain bigarren fasean gaude. Fase honetan herriari erakutsi behar diogu akademia, ezagutzera eman bai herriari, bai herrian dauden beste erakundeei. Alde honetatik, ez pentsa bost urte hauetan Jakiundek barneko lanak bakarrik egin dituenik, kanpoko lanak ere egin ditu. Esate baterako, Jakiunde ezaguna da gazteen artean, batez ere, aurreneko 5 urteetan egin ditugun ekintza gehienak gazteei bideratuta izan direlako. Hor izan ditugu Topaketak programak eta Jakin-mina egitasmoa.

Eta zer harrera izan duzue?

Nik uste dut oso ona izan dela. Horren froga da gero eta eskakizun gehiago jasotzen ari garela bai Topaketak programarako, bai Jakin-mina programarako.

Zertan datza Topaketak programa hori?
Topaketak programa bat da, Jakiundek antolatu duena, 17-18 urteko gazteekin hitz egiteko. Haiei eskaini zitzaien programa. Bertan erakusten da akademikoak ez direla entelekia etereoak, baizik eta hezur-haragizko gizon-emakumeak, pertsonak direla. Bizpahiru akademiko ikastetxeetara joaten dira eta topaketa bat egiten dute akademikoek eta gazteek dituzten kezken inguruan eztabaidatzeko eta, batez ere, horiek partekatzeko.

Eta zein izan dira emaitzak?
Harrigarria da ikustea kezka horiek ez direla hain desberdinak, nahiz eta adinean aldea nabarmena izan, batzuen eta besteen artean. Nik uste dut oso harrera polita izan duela. Oso bilera libreak dira, hau da, inor ez dago derrigortua, eta formatua ez dago inondik inora aurretik ipinita. Beraz, eztabaida horiek sortu egiten dira, sustatu egiten dira, interesagatik. Eta, horrela, ikastetxe asko pasatu ditugu Hegoaldeko lau probintzietan, Iparraldekoetara oraindik ez gara heldu topaketa hauetan, baina Jakin-mina programan bai.


2012ko batzarrean -irudian- hautatu zuten Ugalde lehendakari.

Jakin-mina ere beste programa bat da?
Jakin-mina beste formatu bat da. Programa honetan batxilergoko ikasleei konferentzia bloke bat eskaintzen zaie. Ez bakarra, eta hau oso garrantzitsua da. Bloke horretan jakintza arlo asko daude eta, beraz, era askotako hitzaldiak daude hor. Bospasei izaten dira blokeko eta ikasleei esaten zaie denetara joan behar dutela, ikus dezaten jakintza ez dela bakarrik partziala edo arlo batetik atera daitekeen jakinduria. Ikus dezaten hor badagoela pluraltasun bat eta diziplina arteko elkarrizketa bat egon daitekeela, batzuek eta besteek esaten dutena, nahiz eta askotan formetan diferenteak izan, muinean ez dira hain desberdinak. Gainera, kultura osotasun bezala zabaltzearren, hau da, kultura, alde batetik, artistikoa eta letren kultura, humanitateak bezala ezagutzen dena -baina zientzialariok gizaki ere bagara, ez gara martzianoak-; eta horrekin batera, kultura teknologiko-zientifikoa ere bai. Horrelako cocktail bat eskaintzen zaie eta osorik hartu behar izaten dute.

Zein da zuen harremana beste erakunde batzuekin?
Lehenengo harreman instituzionala Olaso Fundazioarekin daukagu, Bergarako Olaso Dorrean baitugu egoitza. Kutxarekin ere izan dugu harremana, finantziazio bideak errazten dizkigu, eskuzabaltasunez jokatu dute Jakiunderekin. Bestalde, Ikastolen Konfederazioarekin ere badugu harremana. Esate baterako, San Fermin ikastolak Nafarroa Oinezen omendu egin gintuen. Euskal Herriko ikastetxe gehienekin dauzkagu hartu-emanak, lehen aipatu ditudan programa horien harira. Beste hainbat udaletan ere egin ditugu hitzaldiak eta erakusketak. Horrez gain, zazpi unibertsitateetako errektoreak Jakiundeko akademikoak dira eta, beraz, haiekin ere badugu harreman instituzionala. Eta ezin ahaztu gobernu erakundeak. Lehendakariak, esaterako, harrera ofiziala egin zigun apirilean. Aldundiekin ere badugu harremana, batez ere Gipuzkoakoarekin, egoitza Bergaran dugulako. Tamalez, Nafarroako Gobernuarekin ez dugu harreman sendorik, baina bidea ekinez egiten da eta uste dut lortuko dugula. Iparraldean ere egin ditugu gure sartu-irtenak, baina Hegoaldeak baino gobernu organo ahulagoak ditu. Bestalde, Gaindegia edota Aranzadi bezalako fundazioekin ere aritzen gara elkarlanean. Sarea osatzen ari gara.

Zein da urtebete honen balorazioa?
Orain Jakiunde fase berri batean sartuta dago. Jakiundek zabaldu egin behar du, eta, beraz, orain erronka nagusia Euskal Herriko erakundeen artean kokatzea da, geure burua ezagutaraztea, nor garen eta zertarako gauden azaltzea eta beraiek nola profitatu dezaketen Jakiundek eskaini diezaiekeena. Horretarako, Jakiundek hausnarketa sakon bat egina dauka, 2011-12an aritu ginen horretan, zer gai lehenetsi erabakitzeko. Lau gai aukeratu genituen eta horiek lantzen ari gara orain.

 

Jesus M. Ugaldek unibertsitateko lana eta Jakiundekoa uztartzen ditu.

Zein dira, bada, lau gai horiek?
Jakiundek badu kezka zientzia-politikaren gainean, izan ere, oso gauza garrantzitsua dela deritzogu Jakiundeko akademikook, Euskal Herrian, batez ere, gure bizitzaren parte inportante bat izango delako. Hemen guk ez dugu baliabide natural handirik, eta genituenak gehiegi ustiatu ditugu, arrantza, esate baterako. Gure lana industrian dago kokatuta, baina zientziak parte handia du. Horren inguruko adierazpen bat lantzen ari gara, herriari helarazteko. Bigarren gaia sormenak eta berrikuntzak osatzen dute. Sormena beti artistekin lotzen dugu eta berrikuntza industriarekin. Baina horiek biak funtsean gauza bera dira, bat dira. Azken batean, sortzearen funtsa dago hor. Jakiundetik uste dugu orain arte bi hauek ez diotela elkarri asko begiratu eta guk gizarteari proposatu nahi diogu onuragarria izan daitekeela elkarrengandik gertuago egotea. 2014ko udazken alderako kongresu bat prestatzen ari gara honen gainean. Hirugarren gaia etikaren kontzeptua da. Gaur egun bolo-bolo eta hitzetik hortzera dabilen hitza da etika. Besteak beste, etika falta da gaur egun sufritzen ari garen krisi ekonomikoaren arrazoietako bat. Norbanakoen jarreretan ere etika erabiltzen da. Beraz, etikak badu garrantzia eta beste lantalde batek horretan egiten du lan. Lantalde honek aztertzen du zer eskain diezaiekeen alderdi guztiei etikak. Talde hau pixkanaka doa eta hemendik bizpahiru urtera ere aterako dugu zerbait. Azken egitasmoa, berriz, geure burua ezagutaraztea da.

Eta nola landu duzue azken puntu hau?

Informazioaren eta komunikazioaren garrantziaz jabetuta, jauzi bat egin nahi dugu. 15 minutu inguruko bideoak osatzen ari gara, puri-purian dauden gaiak lantzen dituztenak; filmazio horietan bi akademiko izango dira gai horiei buruzko elkarrizketa batean. Hiru baditugu dagoeneko eta asmoa beste hamar grabatzea da. Kontu handiz egin nahi izan ditugu grabaketa horiek, zinemaren kalitatearekin, eta Alberto Gorritiberea zuzendaria bera izan dugu gurekin lanean; berak egin digu gidoia zinemaren hizkuntza eta teknika erabiliz.

Zein dira grabaketa horietako gaiak?
Lehenengoa Jakiunderi buruzkoa izan da. Bigarrena, energia eta eboluzioari buruzkoa izan da. Eta hirugarrena, musikaren ingurukoa da. Oso interesgarriak dira eta gomendagarriak. Besteak oraindik egiteko ditugu.

Emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren bidean al da Jakiunde?
Emakumeak ez dira gehienak, baina badira. Parekidetasun natural baten bidean doa Jakiunde. Hau da, emakumezko akademikoak aukeratu egiten dira, baina ez emakumeak direlako, nor bere alorreko merituengatik baizik. Beraz, ez dira gauzak behartzen. 59 akademiko gara eta horietatik 20 inguru dira emakumeak.

Jakiundetik nola ikusten duzue Euskal Herriko egoera?

Gehien kezkatzen gaituena krisi ekonomikoa da. Batzuek diote aukera garaia ere badela, baina guk ikusten dugu, krisian egonda, eutsi egin behar dela eta ez da erraza. Gu saiatzen ari gara irtenbideak azaltzen eta sozialki justuenak proposatzen, denek aurrera egin ahal izateko eta indartuta ateratzeko. Bestalde, ilusioz ikusten dugu Euskal Herrian ematen ari den baketze eta elkarbizitza prozesua.
 

Jakiunderen web gunea


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zu lehendakari zara. Orain dela urtebete hartu zenuen kargua. Nola ekin zenion lan honi?
Alde batetik, ardura nik uste dut handia dela Jakiunderen lehendakari izatea eta arduratsu alde batetik heldu nion, baina baita ere ilusioarekin. Ilusioa ikusita ze akademia klase daukagun, zeintzuk diren akademikoak, eta hemen utzidazu esaten gauza oso argi eta garbia, alegia, akademiak dira akademikoak direnak. Hau da, akademia instituzio bezala gutxi da, eta gurea gutxiago, zeren eta lehen esan dudan bezalaxe tradizioa ez du, tradizioa oraintxe eraikitzen ari gara, eta orduan akademia akademikoak direnak dira. Eta, beno, nik, ikusita zeintzuk diren akademikoak, horrek ilusioa besterik ez du sortarazten, eta halaxe piztu zidan niri ere bai ilusioa. Baina ardura ere bada. Ardura, zeren eta lehenengo 5 urteetan akademiak batez ere etxe barruko lanak egin ditu. Akademia eraiki egin da. Barne antolakuntza arauak, estatutuak eta kokapen instituzionala, hori egin izan da. Eta hortik aparte, lehenengo 5 urte horietan akademia akademiko kopuru kritiko batera iritsi egin da. Eta hori ez da gauza bat ere erraza. Akademikoak aukeratzea oso gauza delikatua da eta garrantzitsua ere bai. Lehen esan dudanagatik, akademia akademikoak direnak dira. Orduan, aukeraketa prozesu nahikoa zaila izan da. Har ezazu kontuan hasi ginela 25 akademiko, eta orain 59 gara. 60 izan beharko ginateke, baina tamalez Xabier Lete hil egin zitzaigun, duela hiru-bat urte, uste dut, hiru-lau urte. Xabier Lete ere akademikoa zen eta orain bat gutxiago daukagu.

Bikoitza baino gehiago.

Horixe da. Orduan, handipen hori arduratsu egin dugu eta lanak ere eman dizkigu. Eta orain arte, esaten dudan bezala, horixe izan da lanik garrantzitsuena. Orain bigarren fasean gaude eta orain egin behar dugun jauzia da herrira erakutsi, ezagutaraztea eman bai herriari, baita ere herrian dauden beste erakundeei. Alde honetatik ere, ez pentsa 5 urte hauetan Jakiundek bakarrik barneko lanak egin dituela, kanpoko lanak egin ditu ere bai. Nik esan dut barneko lanak garrantzitsuenak, baina ez bakarrak. Orduan, nik esan dezaket Jakiunde askoz ezagunagoa dela gazteen artean helduen artean baino, batez ere aurreneko 5 urteetan egin ditugun ekintza gehienak gazteei bideratuta izan direlako. Hor izan ditugu Topaketa programak, hor izan ditugu Jakin-mina egitasmoa ere bai, indarrean dirauena, eta abar.

Eta zer harrera izan duzue?

Harrera nik uste dut oso ona izan dela. Horren froga da gero eta eskakizun gehiago jasotzen ari garela bai Topaketak programarako, baita Jakin-mina programarako ere bai. Topaketa programa bat da, Jakiundek antolatu zuena gazteekin hitz egiteko. Alegia, gazteek ere, eta gazteak hemen esaten ari naiz ze benetan gazteak dira, horiek dira 17-18 urteko tarte horretan dauden gazteak, batxilergoko bigarren kurtsoko adinekoak edo unibertsitateko lehenengo kurtsoko adinekoak dira. Horiei eskaini zitzaien hau eta orduan topaketa horretan egiten dutena da alde batetik erakutsi akademikoak ez direla entelekia etereo batzuk, baizik eta hezur-haragizko gizon-emakumeak, pertsonak direla. Eta orduan egiten duguna da bi-bat akademiko, batzuetan hiru izan dira, beste zenbait kasutan bat, baina gure nahia edo norma da bi izan daitezen, joan egiten dira ikastetxe horretara eta orduan topaketa bat egiten dute diskutitzeko edo eztabaidatzeko eta batez ere amankomunean, beno, komunean jartzeko bai batzuk, alde batetik ikasleak, eta bai besteek, beste aldetik akademikoak, dituzten kezkak. Harrigarria da ikustea kezka horiek ez direla oso diferente, nahiz eta adinean diferentzia nabarmena izan batzuen eta besteen artean. Horrek harrera nik uste oso polita izan duela. Oso bilera libreak dira, libreak esaten dut inor ez dela derrigortua hara joatera, eta bestalde formatua ez delako inondik inora aurretik ipinia, ez dago ezarria inondik inora. Eta orduan eztabaida horiek sortu egiten dira, sustatu egiten dira, interesagatik, noski eta esan beharra dizut bi-bat orduko saioak izaten direla eta normalean moztu behar izaten dugu, zeren eta bestela horrek jarraitu egingo luke beste ordubete bat gutxienez. Eta horrela ikastetxe asko pasatu ditugu Hegoaldeko lau probintzietan eta Iparraldekora oraindik ez gara heldu topaketa hauetan, baina Jakin-mina bai. Jakin-mina beste formatu bat da eta hemen egiten dena da ikasleei hauei pixka bat gaztetxoei, batxilergoko ikasleei, eskaini egiten zaie konferentzia bloke bat. Ez bakarra, eta hau da oso inportantea.
 

detalle2

Document library

C1
09-24-2013

x61pRelaContWAR

  • Noelia Lataburu (Maramara taldea)
16291851
06:20

x61pViewCountWAR

6646

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR