Aldizkari Digitala
Rafa Zulaika: "Hiritarrok mugaz gaindiko harremana oparoagoa izatea eta naturaltasunez bizitzea lortu behar dugu"
Pasioa sumatzen da Baionako Euskal Museoko zuzendaria Rafa Zulaikarengan (Donostia, 1963), bere ogibideaz eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanez hitz egiten duenean. Baiona ez da bere lantokia bakarrik, baita bere aisialdirako gunea ere. Mugaz gaindiko elkarlanean sinesten du Zulaikak eta buru-belarri ari da horretan lanean.
Zein izan da zure ibilbidea museologian?
Bizitza profesionala beti museoetan eman dut. Bilboko Arte Ederren Museoan hasi nintzen duela urte asko. Sei urte eman nituen han. Gero, Donostiako ontzi museoan egon nintzen lanean, hiru urtez. Handik San Telmo museoko zuzendari izatera pasatu nintzen, bederatzi urtez. Ondoren, etapa hori amaitu eta arlo pribatuan jardutea erabaki nuen, enpresa gisa, bereziki mugaz gaindiko kultur proiektuetan aritzeko. Horretan nengoela jakin nuen Baionako Euskal Museoan zuzendari-lanpostua bete behar zutela. 2007an aurkeztu, lanpostua lortu nuen eta gaur arte.Eta nola ekin zenion lanpostu honi?
Oso pozik hasi nintzen eta orain ere hala nago. Museoetan eta mugaz gaindiko kontuetan aritua nintzen. Iparraldean lan egitea erronka profesionala iruditu zitzaidan, batetik, hizkuntzaren aniztasuna ikaragarria delako, hiru hizkuntzak erabiltzen baitira han. Eta ez ote du horrek euskalduna euskaldunago egiten? Eta, bestalde, testuinguruaren aldaketagatik. Museoetako prozedurak, legediak… desberdinak dira, baita lankidetza eta jendearen arteko harremana ere. Honek guztiak elikatzen du nik beti jarraitu dudan helburua: hemen Euro-hiri bat dagoela (Donostia-Baiona). Erakundeek agian egingo dute horren alde, baina hiritarrok ere lortu behar dugu mugaz gaindiko harremana oparoagoa izatea eta naturaltasunez bizitzea.
Egunero egiten duzu joan-etorria?
Askok galdetzen didate hori. Beti esaten dut nire egunak baionarrak direla eta gauak donostiarrak. Goierrin lan egiten duten donostiar asko ezagutzen ditut, nik adina kilometro egiten dituzte, baina haiei inork ez die horrelakorik galdetzen. Hori geure buruetan dago. Karrera garaian ere, Madrilen ordubete neukan etxetik unibertsitatera; hiri handietan hori gertatzen da. Donostia eta Baiona arteko esparru hori euro-hiri gisa ulertzen badugu, naturala da Baionan lanpostua izatea eta Donostian izatea etxea.
Rafa Zulaika, elkarrizketaren egunean
Zer helburu jarri zenion zeure buruari lanpostua hartzean?
Iparraldearekin beti moldatu izan naiz ongi, ez hizkuntza aldetik bakarrik, nortasun aldetik ere bai, esango nuke. Horrez gain, betidanik museoek, ondareak eta, are gehiago, kultura-transmisioaren gai horiek -zergatik gorde objektu batzuk, zergatik zaindu…- erakartzen ninduten. Eta ikusi nuen bitartekaritza hori, transmisio lanaren arlo berezi hori, asko lantzen zela Frantziako museoetan. Museoko leloa bera ere 1924an sortu zuten “Hemen sartzen dena bere etxean da”. Goxo hartze hori berezia da. Hau guztia kontuan hartuta, helburua bizitza pertsonalarekin jarraitu ahal izatea zen, alde batetik eta, bestalde, Hegoaldeko museoetan izandako ibilbide profesionala Iparraldeko museoaren esperientziarekin osatu ahal izatea. Oso gozozalea naizenez gero eta bertako euskal pastela eta txokolatea izugarriak direnez gero, txantxetan esan ohi dut beti hauen mugalaria edo kontrabandista ere banaizela (kar, kar). Nire autoaren atzealdean begiratuko balute, beti topatuko lukete hango txokolatea edo euskal pastela.
Eta aipatu dituzun helburu horiek betetzen ari zara?
Nik baietz esango nuke. Zalantzarik gabe, erronka izaten jarraitzen du. Mentalitate kontua, esaterako. Klixeetan ere erortzen gara, handik erosketatara etortzen dira eta hara hitzordu jakinetan joaten gara -Herri Urrats, Korrika...-. Baina bertan ere lan egin daiteke, eta ni ez naiz bakarra. Horrez gain, mugaz gaindiko elkarlanerako proiektuetan parte hartzea gustatzen zait, apal baldin bada ere. Honek ematen dit, nolabait, zentzua maila pertsonalean eta profesionalean.
Alde handia al dago lan egiterakoan?
Bai, igartzen da aldea, baina ni hilabetean hango ohituretara erabat moldatu nintzen, baita lan egiteko modura ere. Han lan egitea oso oparoa da, Hegoaldearekin harremanak bultzatzean eta elkarlanean aritzean; zoragarria da.
Jende andana museoaren atarian
Nola definituko zenuke Baiona?
Baiona niretzat ez da lantokia bakarrik. Nire aisiari eta arlo pertsonalari ere oso lotuta dago. Bertako elkarte askorekin harreman sakona daukat, tartean abentura batzuk ere baditut, bertako talde batekin Quebecera arraunera joatea, adibidez. Horrez gain, Baionako historia benetan aberatsa da. Ibaiekin duen harremana azpimarratuko nuke, Aturri eta Errobi dauzka. Zentzu honetan, Landen zonaldeak eta Euskal Herriak bat egiten dute Baionan. Beraz, oso aberatsa da. Halaber, Baiona eta inguruan dituen herrixkak kultur elkarte aldetik oso aberatsa dira. Besteak beste, hiru museo daude bertan. Ahulena, agian, biztanleen ehuneko altua adineko jendea dela izan daiteke, baina kanpus berriak ere bizi handia emango dio Baionari. Ezin ahaztu, gainera, txokolatearen hiriburua dela.
Eta Hegoaldean ezaguna al da oparotasun hori?
Ez dut uste. Hemendik Iparraldera egun-pasa joateko ohitura hori zabalduta dago, autobusean joan eta bisita azkarra egitea hiriari. Baina Baionan paisaia ikaragarriak daude, eta ez gara ohartzen.
Erronka handia izan al da zuretzat lanpostu hau onartzea?
Hizkuntzaren aberastasunaren aldetik, erronka handia da prozesu horretan parte hartzea. Bestalde, museoetan oraindik ere badaude erronkak, adibidez, ondareari zer garrantzi ematen diogun neurtzea. Museoetako objektuek helburu izatetik baliabide izatera pasatu behar dute. Hau da, gure helburua ez dadila izan objektu zaharrak gordetzea, baizik eta horien transmisioan lan egitea. Arlo honetako profesionalen artean egin berri ditugun topaketa batzuetan gai honi buruz hausnarketa egin dugu. Adibidez, noiz eta nola bildu behar ditugu gaur egungo objektuak? Noiz pasatuko da funtzio duen objektu izatetik ondare izatera?
Zer funtzio betetzen dute museoek egun?
Museoak topagune izan daitezke, non bildu, non eztabaidatu, non partekatu ideia anitzak, non alderatu iritziak. Izan ere, ez dugu beti guk esan behar, adibidez, euskaldunon balea-arrantza era honetara gertatu zen. Ikerketa-lanak, artxiboetan, liburutegietan… hor daude. Museoetan ikerketaren emaitza, ondare gisa gorderik erakutsi behar dugu, baina ez hori bakarrik, baita zer testuingurutan gertatu ziren, ez objektua bakarrik. Ni neu Baionako Euskal Museoan hori praktikan jartzen saiatzen naiz. Gaur egun, teknologia berrien bitartez ere lortzen dugu partaidetza bultzatzea, objektuei bizia ematea eta horiek zertarako erabiltzen ziren azaltzea. Argazkiek ere garai bateko testuinguruaren inguruko informazio asko ematen digute, garai bateko gizon-emakumeen ohiturak, harremanak, rolak, kultura… Ondareak izugarrizko aukerak ematen ditu gizartea eraberritzeko, aldatzeko.
Baionako Euskal Museoa
Museora joaten dena horretaz jabetzea zailegia ez ote da?
Hori lortzea ikaragarria da. Horregatik, nik beti esaten dut bisitaririk berezienak eta aberatsenak belaunaldi bat baino gehiagokoak direla -aiton-amonak bilobekin…- edota kanpotarren bat bertako norbaitekin, nork bere ideiak alderatzeko. Gizarte museook gizartearekiko lotura duten gaiak landu ditzakegu, eta pasio handiz bizi dut hori.
Eta zer topatuko du Euskal Museora joaten denak?
Hasteko, espero dut ahalik eta harrerarik goxoena, beroena jasotzea. Ez dugu ahaztu behar gure leloa “hemen sartzen dena bere etxean da” dela. Beraz, horrela sentiarazi nahi dugu bisitaria. Bildumen aldetik badira hogei bat areto, 2.000 inguru objektu daude bertan eta gure historiaren puntu ugari lantzen dira: artzaintza, nekazaritza, itsas nabigazioa edo merkataritza, pilota, jaiak, erlijioa eta historia bera ere. Eta hori guztia duela hamar bat urte guztiz eraberritutako museo batean topatuko du bisitariak. Horrez gain, partaidetza eta, arlo batzuetan bederen, interaktibotasuna-edo jorratzen ere saiatzen gara. Beraz, bisita interesgarria da.
Hementxe duzue museoaren web orria: http://www.musee-basque.com/eu/
Segidan, Rafa Zulaikarekin izandako elkarrizketaren zati bat, bideo formatuan ikusgai:
Zer topa dezake bisitariak Euskal Museoan, Baionan?
Beno, hasteko espero dut harrerarik ahalik eta goxoena, beroena. Gure leloa izanik “hemen sartzen dena bere etxean da” ba horrela, etxean eta museoa, Euskal Herria, oro har, eta bere kultura eta bere ondarea etxeko gauza bezala sentitzea, ikustea eta hori elkarbanatzea. Gero, bildumen aldetik badira hogei-bat areto, non 2.000 inguru objektu aurkezten diren, izanik artzaintza, nekazaritza, itsas nabigazioa edo merkataritza, baita pilota, jaiak, erlijioa eta historia bera ere islatzeko bildumak. Eta hori guztia duela hamar-bat urte guztiz eraberritutako museo batean, non informatzeaz gain, saiatzen garen bai nonbait partaidetza eta, arlo batzuetan bederen, interaktibotasuna-edo jorratzen.
