detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Maialen Beloki: "Zinemaldia oso garrantzitsua da Donostiarentzat"

Maialen Beloki (Donostia, 1983) elkarrizketatu dugu eta Zinemaldiak dituen ezaugarriez hitz egin digu.

 

Bere ametsa bete du Maialenek: Donostiako Zinemaldiko zuzendaritza-taldean hasi da lanean. Etxea ondo ezagutzen du, beste sail batzuetan ibili izan delako aurrez. Zinemaldia, eta zinema orokorrean, berarentzat zer den azaldu digu.

 

2013ko Zinemaldiko kartel irabazlea

 

Maialen, noiz konturatu zinen zinema hain garrantzitsua izango zela zure bizitzan?
Txikitan, amak zuri-beltzezko filmak jartzen zizkidan; oso gustuko izan dut beti zinema, beste jende askoren moduan. Ikasketak aukeratzerako orduan pentsatu nuen: “Zinema gustatzen zait eta komunikazioa gustatzen zait”, hortaz ikus-entzunezkoak ikastea erabaki nuen, Iruñean. Karrera hasi eta berehala konturatu nintzen gehiago gustatzen zitzaidala ikertzea parte-hartze aktiboa baino. Horregatik, doktoretza egitea erabaki nuen. Esan daiteke Zinemaldian lan egitea beti izan dela nire ametsa. Ni donostiarra naiz eta ikusle moduan askotan joan naiz zinemaldira.

Behin ikertzen hasita, zerk erakarri zintuen Antxon Ezeiza aukeratzerakoan?
Doktoretzako kurtsoak euskal eta espainiar historiari buruzkoak egin nituen eta nire tesi zuzendaria Santos Zunzunegi izan zen. Berak bere garaian euskal zinemari buruzko tesia egin zuen eta ikertzerakoan konturatu zen Antxon Ezeizaren kasua bereziki interesgarria zela, bai egin zituen pelikulengatik eta baita gaiengatik ere. Egia esan, berak aurkeztu zidan gaia eta berehala esan nuen baietz. Oso interesgarria iruditu zitzaidan. Antxon Ezeizaren kasuan, ideologia eta artea oso lotuta daude. Berak pentsatzen zuen artea gizartea eraldatzeko erabili behar zela.

Hainbeste ikertu ostean, zerekin egin zenuen topo?
Esan behar da Antxon Ezeizari asko gustatzen zitzaiola hitz egitea, edozein gairi buruz hitz egitea. Pertsona ikaragarri azkarra, memoria onekoa eta kultua zen. Bere ibilbidean zehar egindako pelikula batzuk gustukoagoak ditut beste batzuk baino, eta mugimendu batzuk beste batzuk baino gehiago interesatzen zaizkit. Baina mugimendu guztiak oso adierazgarriak dira eta mugarri bezala uler daitezke; bai errealismo dialektikoaren inguruan egin zituenak eta baita erbestearen ondoren euskal zinema nazionalaren inguruan egin zituenak ere. Bai pelikulak eta baita debate teorikoa ere.


Oso ezberdina da zinemaldia barrutik eta kanpotik?
Bai. Egia da aspaldi hasi nintzela zinemaldian lanean, ikasten nenbilela prentsa-bulegoan hasi nintzen. Gerora, aukera izan dut beste esparru ezberdin asko ezagutzeko. Ikasleen nazioarteko topaketak, Zinemira, eta 2011n hautatze-taldean ibili nintzen. Ondoren, zuzendaritza-taldean aritu naiz. Uste dut oso pribilegiatua naizela oso esparru ezberdinak ezagutu ditudalako. Zorte handia da etxea barrutik ondo ezagutzea.

Iaz hautatzaile-lanetan ibili zinen. Zenbat film ikusten dituzue hautatzaileok?
Hautatzaile-taldeko kideok 1.800 film ikusten ditugu, baina gutariko bakoitzak ez ditu denak ikusten, hori ezinezkoa delako. Saiatzen gara ahalik eta gehien ikusten, eta pelikula bera ahalik eta jende gehienak ikusten du, kontrastatu ahal izateko. Maiatza, ekaina eta uztaila erokeria izaten da. Jaikitzen garenetik iluntzera arte filmak ikusten aritzen gara.

Zinema zaletasuna izan arren, lana denean eta horrelako kopuruan…
Erantzukizun handia daukagu. Jendeak hona filmak bidaltzen dituenean ilusio guztiarekin bidaltzen ditu. Lan ikaragarria dago atzetik eta guk errespetu hori zor diegu. Bestalde, ikusten dugun film-kantitatea kontuan hartuta, batzuetan lan astuna izaten da. Hala ere, nahikoa da film on bat ikustea egunari buelta emateko.

Beste jaialdi batzuekin alderatuta, egia da Donostiako jaialdian ikusleek parte-hartze handia dutela?
Bai, Donostiako Zinemaldiarentzat oso garrantzitsuak dira ikusleak. Beste zinemaldi batzuk ere antzerakoak dira: Berlinekoa, esaterako. Cannesek, ostera, ez dauka zer ikusirik. Industriara bideratutako zinemaldia da, herritarrek ezin dituzte sarrerak erosi zinemara joateko.


Zer da Zinemaldia Donostiarentzat?

Zinemaldia hiriarentzat oso jaialdi garrantzitsua da, bai erakartzen duen turismoagatik eta baita sortzen den giroagatik ere. Donostiarrok beti esaten dugu udara ez dela bukatzen abuztua bukatzen denean, udara bukatzen da zinemaldia bukatzen denean. Urteko oso momentu garrantzitsua da.

 

Eta zer da Donostia Zinemaldiarentzat?
Kanpotik etortzen direnek zinemaldiari buruzko iritzi bat jasotzen dute, baina beti esaten da Donostiarekin maiteminduta joaten direla. Horrelako hiri batean kokatuta egotea onuragarria da guretzat.

 

 


detalle2

Document library

B2
05-17-2013

x61pRelaContWAR

  • Testua eta argazkiak-Iker Barandiaran Zubiate (Arteman Komunikazioa)
16289866

x61pViewCountWAR

12039

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR