Maialen Chourraut: "Egunerokoan neure onena ematen saiatzen naiz beti"

2012ko abuztua baino lehen, gutxik ezagutzen zuten Maialen Chourraut piraguista (Lasarte-Oria, 1983). Baina Londresko Olinpiar Jokoetan, slalom modalitatean, ur bizietako K-1 mailako jaitsieran brontzezko domina lortu ondoren, guztion ahotan egon zen bere izena. 2012ko abenduan, berriz, Euskadi Irratiaren Kirolari Onenaren saria, Gipuzkoako Kirolari Onenaren saria eta Kirol Prentsa Elkartearen sariak jaso zituen. Zalantzarik gabe, 2012a urte oparoa izan zen lasartearrarentzat. Bere garaipenez, lanbideaz eta bizimoduaz hitz egin du Chourrautek La Seu d'Urgelletik.

Dudarik gabe, 2012a zure urtea izan da.
Bai, urte ona izan da. Luze prestatutako urtea izan da. Helburua Olinpiar Jokoetan jarrita genuen, bertan ahalik eta txapelketa txukunena egitea, eta azkenean lortu genuen.

Nola hasi zinen kirol honetan?
Hamaika urte nituela, Kontxako piraguismo-ikastaro batzuetan izena eman nuen. Gustatu egin zitzaidan eta errepikatu egin nuen. Ondoren, piraguismo-taldean sartzea proposatu zidaten eta onartu egin nuen. Piraguismoa zer zen oso ondo jakin gabe sartu nintzen. Pixkanaka ikasten hasi nintzen, oso talde onean nengoen, entrenatzaileek gogo handia zuten, oso lagun onak egin nituen… Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan. Kirol ezezaguna da, baina nik ezagutu nuenean ‘harrapatuta’ bukatu nuen.



Zerk harrapatu zintuen?
Denak. Kirolak, bertako jendeak, bertako giroak, naturarekin harremanak izateak… Piraguan ibiltzearen sentsazioa oso polita da, egunero hobetzeko proba txiki batzuk ditugu eta, proba horiek gainditzen ditugun heinean, harrapatu egiten gaitu. Baina, batez ere, taldeak erakarri ninduen.

Palmares zabala duzu, baina ia ezezaguna zinen joan den urteko Olinpiar Jokoak heldu ziren arte…

Olinpiar Jokoak lau urtean behin izaten dira Gurea bezalako kirolak bertan ezagutzen dira eta horregatik dira garrantzitsuak. Jokoei eta taldeak lortutako emaitzei esker, jendeak piraguismoa gehiago ezagutzea lortu dugu.

Lasarte-Oria utzi eta La Seu d’Urgellera joan zinen bizitzera…
Bai, hemen -La Seu d’Urgellen- 1992ko Olinpiar Jokoetarako kanal artifiziala eraiki zuten eta entrenatzeko primerakoa da. Erraztasun handiak daude, gimnasioa bertan dugu, entrenatzaileak ere hemen daude… Bide egokiena hona etortzea zela erabaki nuen.


Zer moduzko bizimodua daramazu Euskal Herritik kanpo?

Oso ona, oso gustura nago hemen. Primeran tratatzen naute eta oso toki lasaia da. Gainera, entrenatzeko zoragarria da. Hori bai, neguan hotz handia egiten du eta guk egunero entrenatzen dugu; baina negua pasatuta, guztia aldapa behera doa.

Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Goizeko 09:00etarako gimnasiora joaten naiz, handik atera eta uretara joaten naiz entrenatzera, eguerdira arte. Ondoren, etxera buelta, bazkaltzera, lo-kuluxka egin eta arratsaldean berriro piraguan ibiltzera. Hala ere, pixkanaka erritmoa moteldu beharko dut, haurdun nago eta.

Orduan, beste erronka bat duzu orain, ama izatea.
Orain erronka bikoitza daukat. Ahalik eta ama onena izatea eta Rion ahalik eta txapelketa onena egitea. Rioko Olinpiar Jokoetan egon nahiko nuke, piraguista izaten jarraitu nahi dudalako, hobetzen jarraitu nahi dut eta.

Zeure buruarekin oso zorrotza zarela entzun dugu.
Ez dakit zorrotza naizen, nik ahal dudana egiten dut, hori bai. Beti neure onena ematen saiatzen naiz nire egunerokoan.

Profesionala zara, baina bizimodua ondo atera dezakezu?
Emaitzen menpe bizi gara. Beka batzuk ditugu (Bat Basque Team, Kirolgi…), baina jasotzen jarraitzeko emaitzak behar dira. Munduko txapelketetan emaitza onak lortzea oso zaila da; hala ere, azken lau urteotan emaitza onak izan ditut eta horri esker piraguismotik bizitzeko aukera izan dut. Zorte handia daukat.



Arazoak ere izan dituzu ibilbide profesionalean: lesioak, porrotak…
Azken jokoetan zorte ona izan dut eta ez dut lesiorik izan, baina aurretik bai. Bi sorbaldetan ebakuntza egin zidaten. Lesioak jasan ondoren, orain kontuz ibiltzen saiatzen naiz, minik ez hartzeko. Bestalde, Pekinen ere izan nintzen, baina txapelketa oso gaizki atera zitzaidan. Sailkapen-proban kanpoan geratu nintzen, ez zitzaidan batere erraza egin. Londrestik esku hutsik bueltatzeko beldurra ere banuen…

Esku hutsik ez, brontzezko domina lepoan bueltatu zinen. Nola gogoratzen duzu une hura?

Egia esan, nik prestakuntzarekin gozatu dut, batez ere. Azken lau urteetan burua Londresen genuen eta prestakuntza hori geratu zait buruan. Gero domina heldu zen, baina oroitzapena globalagoa da.

Espainiarentzat bigarren domina lortu zenuen. Nolabait, espainiarren harrotasunaren ikur bihurtu zinen. Nola eraman zenuen hori?
Giroan nabari zen presioa zegoela, bai. Gure txapelketetara normalean ez da prentsarik etortzen eta egun horretan kazetari asko zeuden. Aurreko egunetan nire taldekideek oso emaitza onak lortu zituztenez gero, inoiz baino jarraipen handiagoa izan genuen.

Martxoaren 8an jaio zinen, emakume langilearen egunean. Gogorragoa al da zure kirolean emakume izatea?
Egunero gizonezkoekin entrenatzen dut, gure taldean ez da bereizketarik egiten. Entrenatzaileen eta federazioaren aldetik tratu bera jasotzen dugu. Zortea dut alde horretatik.

Etorkizunari begira, zein dira zure erronkak?
Txapelketen aldetik, Rioko Olinpiar Jokoak ditut buruan, baina, batez ere, egunero hobetzen joatea da nire erronka nagusia.

Noiz arte ikusten duzu zeure burua piraguista?

Ez dut mugarik jartzen adin aldetik. Oraingoz burua Rion daukat. Gorputzak eta buruak utzi arte egon nahi nuke, asko gozatzen dudalako. Piraguismoan ez dago morfologia tipo bat, asko luza daitekeen kirola da. Egoera fisikoak garrantzia du, baina teknika da garrantzitsuena. Mentalki gogor eustea ere garrantzitsua da; zentzu horretan esperientziak asko laguntzen du.

Segidan, eitbko Bisitaria saioan Xabier Euzkitzek Maialen Chourrautekin emandako denboraren bideoa duzu ikusgai.


Transcription:[+] Transcription:[-]


Maialen Chourraut.- Bada, kanala egin baino lehenago hau bertedero moduan zegoen, oso uztia, oso gaizki. Eta jokoetarako egin zuten eta herriari honek kristoren bizitza eman dio.
Xabier Euzkitze.- Hara! Azkenean, parke olinpikoa begien bistan. Kanal artifizialak handiagoa ematen du telebistaz eskaini ohi dituzten kirol-frogetan. Baina ur-lasterrek, egiari zor, bertatik bertara errespeto handiagoa ematen dute.
Prest?
Ze itxura daukat, Maialen?
M.C.- Piraguistaren pertxa badaukazu.
X.E.- Beno…ai, e? Bueno, Joan, zure eskuetan, e? Nik pala zertarako eraman behar dut?
M.C.- Arraun egiteko. Bueno, pala hartu behar duzu…alde batean daukazu bulto bat, bultoa daukazun aldean eskuina jarri.
X.E.- Hau eskubian.
M.C.- Uretan sartu behar da alde hau, bale? Eta alde hau. Orduan, sartu eskubikoa uretan eta ateratzera joaten zarenean motoan bezala egin behar duzu, (motor-hotsa), oso ondo.
X.E.- Eta honekin berdin?
M.C.- Jada, naturalki eskuina ondo jarriko zaizu. Oso ondo.
X.E.- Horrela?
M.C.- Ya está. Uretara.
X.E.- Hain erraza balitz!
M.C.- Ya está, ikusiko duzu.
X.E.- Ai, ai ai…
M.C.- Honekin jada kanala jaistea lortuko duzu.
Zer? Rio 2016 hor dago, e? joe…primeran!
X.E.- Joe…sentsazio ederrak, e? eskerrak hemen hinetzen, Joan! Pentsa, munduko laugarrenak ezin ninduen aurreratu! Saiatu da, e?
Orain, zer, Maialen, azken froga probatu behar da?
M.C.- Bai, azkenekoa. Orain, egin behar dena da kontzentratu…
X.E.- Maialen!
M.C.- Asko kontzentratu…
X.E.- Maialen, bizirik irten behar dugu, e?
M.C.- Arnasa hartu… (piraguari buelta eman eta uretan murgiltzen da Maialen) hori egin behar da, bai.
X.E.- Ez zaizu batere gustatzen burua sartzea…
Zer, egin behar da, ez?
X.E.- Gainera, luzitzeagatik ze gauza egiten dituen…
Hori da azken froga
X.E.- Benga, Joan!
M.C.- Entrenatzailean zerbait esan nahi badu…
Bueno, probatu beharko dugu, ez? Bestela…
X.E.- Bueno, nik hau utzi egingo dut, ezta? Nik hau utzi egingo dut.
M.C.- Zuk utzi eta jarri gorputza horrela. Eutsi hor fuerte.
Eutsi gogor!
Zer, prest al zaude?
On your marks, ready…
Empate técnico, oso ondo!
 

B2
02-25-2013
16287332
05:42
7371