detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Uzta ona

Baratzezalea zara? Uzta ona jaso nahi duzu? Hemen dituzu Jakoba Errekondoren zenbait aholku.

Gure aitona-amonek baratzean zer eta noiz landatu jakiteko, beste gauza batzuen artean, ilargiari erreparatzen zioten. Ilgora, ilbehera, ilberria… Ilargia zein puntutan dagoen deskribatzeko, hitz horiek erabiltzen dira, eta euskaraz hirurogei baino gehiago omen daude, tokian tokikoak. Baina, gaur egun, baratzean zerbait landatu nahi badugu, ilargiari begiratuko diogu? Edo zeri erreparatuko diogu?

Uzta ona izateko, hiru gauza hartu behar ditugu kontuan: batetik, zer landatu nahi dugun, hau da, hazi-mota bertakoa edo kanpokoa den; bestetik, lurrari erreparatu behar diogu, urteetako zaintza, ongarri-mota, osagai kimikoak erabiltzea; eta, azkenik, eguraldia: landare bakoitzari eguraldi-mota bat komeni zaio, batzuei eguzkia eta beste batzuei euria.

Jakoba Errekondo (Usurbil, 1961) agronomoa eta paisajista da. Berak paisaia kulturalari lotutako proiektuetan lan egiten du, eta komunikabideetan landareen zabalkundean eta kontsulta-lanetan aritzen delako da ezaguna. Duela hogeita hamabi urte hasi zen Euskadi Irratian gai honi buruzko kontsulta-programa egiten, eta 1.000 artikulu inguru argitaratu ditu Argia aldizkarian hogei bat urtean. Duela urtebete “Bizi baratzea, garaian garaikoa garaiz” liburua argitaratu zuen, eta ordutik herriz herri dabil, hitzaldiak ematen. Liburua, jendearen lehengo eta oraingo ohiturak, ilargia eta itsasoa, eta beste hainbat gai izan ditu hizpide Errekondok.

ILARGIA ETA ITSASOA, UZTA ONAREN GIDA
Urte askoan, ilargiari eta itsasoari erreparatu diote patatak edo ilarrak landatzeko garaian. “Ilargiak lagundu egiten du, baina ez du miraririk egiten”, kontatu digu Errekondok. “Aurretik egin beharreko lana ondo egin ez badugu, ilargiak ez digu ezer konponduko. Ilargiak eragin fisiko nabarmena du, eta aurreko lanak ondo egin baditugu, lagundu egingo digu. Ez da sorginkeria bat”.

Ilargia bakarrik ez, itsasoak ere zerikusia du, baina biak lotuta daudelako. Ilargiak itsasoa mugitzen du: azken batean, marea ilargiaren eta eguzkiaren grabitatearen eraginez sortzen da. “Horregatik Euskal Herriko leku askotan, ilgorari “ura gora” esaten zaio eta ilbeherari, urak behera. Beraz, itsasoak eta ilargiak uzta onari lagunduko diotela esan daiteke, baina ez da baldintzatzen duen faktore bakarra”, azaldu digu paisajistak.

FROGATUTA EGOTEA DA GARRANTZITSUA
Nekazaritza produktiboan lanean ari direnek ez diote ilargiari edo itsasoari begiratzen. Edozer lortu ahal dutela uste dute, platanoa landatzea, adibidez. Horretarako, negutegia, berogailua… behar dituzte. Hori egitea, Jakobaren iritziz, gehiegizkoa da: “Etorkizuneko nekazaritzara jo behar dugu, lurrari lotutakoa izateko, ingurumena eta paisaia kulturala zaintzeko, lurra garbi mantentzeko…”. Bere hitzetan, nekazaritza-mota hau zabaltzen ari da, eta, horrekin batera, jendearen heldutasuna eta lurrarekin edo herriarekin duen konpromisoa: “nekazaritza kulturaren zati garrantzitsuena da niretzat, kulturaren oinarria, eta hori leku bakoitzeko naturarekin lotzea oso garrantzitsua da”.

Gure arbasoen garaian, sinesmenak pisu handia zeukan. Gaur egun, berriz, sinesmenei ez, frogei jarraitzen diegu. Badakigu noiz zer landatu behar den, produktu kimikoek zer eragin duten gure osasunean, lurra ondo zaindu behar dela… “Hori guztia egunerokotasunean ikusten da, bai nekazarien bai kontsumitzaileen aldetik. Gero eta gehiago arduratzen gaitu gure osasunak, eta hori denon onerako da”.

“BIZI BARATZEA, GARAIARI GARAIKOA GARAIZ”
Lehen esan dugu orain urtebete argitaratu zuela Jakoba Errekondok “Bizi baratzea, garaiari garaikoa garaiz” liburua. “Liburuak nik uste baino arrakasta handiagoa izan du, eta inguruan sortu den giro hau ez nuen espero”, aitortu digu. Herriz herri 130 aurkezpen egin ditu, eta horrek jendeak interesa baduela adierazten du. Askok baratzea eduki nahi dute, orokorrean gertatzen ari da. “Modernoa denak kontsumo-taldea edo baratzea edukitzen du, eta krisiak mesede egin dio: zein kalitatetakoa den ez dakigun zerbait erosteko, hobe geurea ekoiztea. Horretarako, herri-baratzeak, elkarteak… sortu dira. Guztiak lagundu dio liburuari”, esan digu.

Berehala hurrengo liburua argitaratuko du, lehenengotik sortutako komikia. Euskal Herriko zortzi komikigilek hartuko dute parte.

Eta zuk, baratzea duzu edo eduki nahi duzu? Zergatik? Zure ustez, ilargiak eta itsasoak uzta baldintzatzen dute?


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zure ustez, zerk baldintzatzen du uzta ona?
Esan dezakegu hiru oinarri dituela,ezta?. Batetikan, zer landare erabiltzen dugun, hazi-klasea, aukeraketa nola egin dugun, zer aldaera edo zer barietate, bertakoa den, kanpotik ekarritakoa den… Bigarrena, izango litzake lurra. Lur hori nola zaindu dugun, zer ongarri dituen, ongarri falta duen edo ez, prozesu naturalak egiten ditugun, prozesu industrialak, kimika erabiltzen dugun eta abar. Eta hirugarrena izango litzake eguraldia, eguraldiak ba asko baldintzatzen du eta badakigu segun zer eguraldiaren arabera ba landare batzuk ondo etorriko dira edo ez, eta normalena da landare batzuk ez badira ondo etortzen, beste batzuk ondo etortzea. Justu zergatik? Ba batzuei eguraldi bat gustatzen zaielako eta beste batzuei beste bat.

Ilargiak zer eragin du?
Garbi dagoena da ilargiak ez duela milagrorik (miraririk) egiten, ez baldin badugu lana ondo egin ilargiak ez digu konponduko, baina lagundu bai eta hori ba betidanik dakigun zerbait da eta gero eta garbiago dakigu gainera, esaten nuena, ilargia ez da, ez dakit, sorginkeria bat azkenean da eragin fisiko nabarmen bat eta beno ba eragin horren arabera ba lagundu dezake guk aurretik egin beharreko lan guztiak ondo egin baldin baditugu ba lagundu dezake.

Gaur egun ilargiari edo itsasoari erreparatzen diogu?
Beno, nik uste dut, nekazaritza produktiboan ikuspegitik lanean ari direnak ba ez diote ezerreri (ezeri) erreparatzen eta hori agronomian erakusten da, ba beno, niri esan zuk zer nahi duzun eta nik lortuko dut, ezta? Orduan ba imajinatu nik nahi dut hemen platanoa produzitu, jarri negutegian, jarri beroak, jarri kalefakzioa (berogailua), argi gehiago behar baldin bada, baina astakeria bat da. Orduan gero eta gehiago jo behar dugu ba lantzen ari den etorkizuneko nekazaritzara, ezta? Eta dela (dena) lurrari lotutakoa, ingurumena zaintzen duena, gure paisaia kulturala kontutan hartzen duena, produktu toxikoak erabiliko ez dituena, lurra garbi utziko duena hurrengo batentzako, eta abar eta abar. Eta hor gero eta gehiago nabarmentzen da lotura hau baita ere ezta? Ba lurrarekin, ilargiarekin, gauzak hobeto eta naturalago egiteko joera hau ba nik uste dut asko zabaltzen ari dela eta horrek adierazten du gure jendartearen heldutasuna ezta? Eta gure konpromisoa lurrarekin eta gure herriarekin ez? Azkenean nekazaritza delako kulturako parte inportanteena ezta? Gure kulturaren oinarria nekazaritza da eta orduan hori lotzea toki bakoitzean eta toki horretako naturarekin eta bere osagarri guztiekin ba nire ustez oso inportantea da.

Zure ustez, zergatik izan du arrakasta zure “Bizi Baratzea” liburuak?
Beno arrakasta nik uste dut, nik espero nuen liburua aterako zela, inola ere ez nuen espero hainbeste, eta ez liburua bakarrik, baizik eta  ondoren sortu den  giro hau, ezta? Ehun eta hogeita hamar aurkezpen egin ditut liburuarenak urtebetean, herriz herri joanda. Orduan horrek adierazten du jendeak badaukala gogoa lehenengo, orduan eta orokorrean ikusten dugu ezta? Ba bai, lurrarekiko atxikimenduaren garrantzia, natura, ingurumena, gure osasuna , kalitatezko janariak nahi ditugula, eta lurrerako buelta bat, ezta? Jendeak landu egin nahi du lurra, ukitu egin nahi du, haurrei erakutsi nahi die zer den lurra eta nik uste dut horrek ekarri duela alde batetatik buelta hori. Beste alde batetatik, orokorrean gertatzen ari den gauza bat da, orduan ez da nik daukaten gogo bat, baizik eta ikusten duzu ba “modernoa” den baratzea, kontsumo taldeak, ekologikoa eta abar, hori dena dator ezta? Eta gero nik uste dut  inoiz ez dugula ahaztu behar krisiak ikaragarrizko mesedea egin digula eta ba, hau da, ordaindu egin behar da eta gainera, ez dakizu ze kalitatekoa eta orduan, ba beno, horrek lagundu du ba bakoitzak bere irtenbideak topatzen. Eta orduan ba hor herriek ere lagundu dute, herri baratzeak sortuz, elkarteak eta abar eta orduan ba horrek  denak nik uste dut ba liburuari lagundu diola.
 

x61pRelaContWAR

detalle2

Document library

B2
11-11-2016

x61pRelaContWAR

16244353
00:03:38

x61pViewCountWAR

7743

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR