Aldizkari Digitala
Susana Talayero, Kronika geldiezina
Erakusketa honetan, artistak azken hiru hamarkadetan (1987-2016) egindako lanik esanguratsuenak bildu dituzte lehen aldiz.
“Enkarguz egindako lan honek
nire ibilbide artistikoaren gogoeta
eta berrikusketa bat egitera behartu nau”
Susana Talayero
|
Erakusketa hiru ataletan dago banatua: 1987tik 1995era arte Erroman egindako lanak, 1999tik 2009ra bitartean sortu zituen pinturak eta azkenik 2014. urte arte gauzatutako artelanak. Helburu pedagogikoa eta terapeutikoa duten obrak dira: 40 margolan, plastikoz eta kautxuz egindako objektuak, tintaz eta gouachez margotutako irudiak, bideo lanak, instalazioak, paper collé, mikrofitxak, buruhandiak, argazkiak, lorategia, Italian gauzatutako Erroma-mahaia, Paul Celanen poemen inguruan egindako margolanak... Lan hauek material eta teknika ezberdinez eginda daude, eta sormen eta esperimentazio sakonaren emaitza dira. Erakusketak esanahi metaforiko handia du, eta Nicolas de Lekuona margolari surrealistaren eragina nabarmena da. Aimar Arriola erakusketako komisarioaren ustetan, informalismoak eta, batez ere, "Art-brut”ek zerikusi handia dute Talayeroren ibilaldi artistikoan. Susanaren artegintzak ikerketa lan handia eskatzen du.
Erakusketa hau anitza, originala eta kezkaz betetakoa da. Berak dioen bezala "material guztiak nobleak dira eta ezerk ez du balio ezerk baino gehiago". Horregatik, Susanak, ikuspegi inuzenteak alde batera utziz, bizitzaren alderdi basatienak aztertzen ditu. Berak dio baliabide ezberdinen bidez bizitasun handia duen espazio artistikoa jorratzen ahalegindu dela.
Susana Talayeroren erakusketa ekainaren 6ra arte egongo da ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan.
Ezerezaren arrosa (2003)
