detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Miel Anjel Elustondo. Euskal diaspora: "ezagutzen ez dena ez dugu maite"

Miel Anjel Elustondo (Azpeitia, 1958), Gasteizen bizi den azpeitiarra da. Kazetaria eta elkarrizketatzailea. 1993an Estatu Batuetara ingelesa ikastera joan zenetik, Nevadako eta Idahoko lurretan bizi diren euskaldunen historiak biltzen ibili da

Mr. Basque eta Zozoen Elean liburuen egile, euskal diaspora ongi ezagutzen du. Berarekin elkartu gara Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan.

 

Noiz joan zinen lehenengo aldiz Estatu Batuetara eta nolatan?
Ni 93an joan nintzen lehendabiziko aldiz Estatu Batuetara, hain zuzen ere Renora (Nevadara), Ingelesa ikasi nahi nuen eta hiruhilabeteko ikastaroa egin nuen. Renoko unibertsitatean bazen eta badago euskal ikasketen programa bat, eta bertan bazegoen euskal dantzarien talde bat. “Zenbat gara” da taldearen izena. Renora heldu eta 15 egunera Euskal Jaialdia zen Winnemucca-n, eta bertako lagunek esan zidaten ea jaialdira joan nahi nuen; baietz esan eta bai joan ere. Hiru orduko bidea egin genuen eta dantzariekin batera desfilean parte hartu nuen. Euskal talde-mordoxka bildu ginen bertan.
Iluntzean, berbena-moduko bat egin zen, eta bi euskal amerikar ezagutu nituen. Oraindik gogoan ditut haien izenak: Inazio eta Juan. Haien kontakizunek erabat astindu zuten nire barrua, eta ondoko astean edo handik bi astera euskaldun haiek eta beste batzuk elkarrizketatzen hasi nintzen. Horrela hasi zen 93an nire diaspora edo dena delakoaren abentura.

 

Noiz hasi zinen elkarrizketak argitaratzen?
1993ko uda hartan bertan, uda haren amaieran, beste jaialdi bat izan zen Reno ondoko herri batean, Sparks-en. Han egin nuen argitaratzeko moduko lehendabiziko elkarrizketa.  Herriko euskaldunen apaiza ezagutu nuen, eta huraxe elkarrizketatu nuen: Jan Elizagarai. Haren atzetik beste hiruzpalau egin nituen, euskal ikasketen programako kide bat, bertako liburuzaina, Karmelo Urza, Linda White, Joseba Zulaika…  Horrelaxe amaitu zen uda hura.
Hurrengo urtean berriro joan nintzen Estatu Batuetara. Ingeles-maila hobetzeko bigarren ikastaroa egin nuen. Banekien Ameriketan euskaldunak bazirela eta euskal jaialdietara sistematikoki joateko gogo handia nuen. Elkarrizketak egiten hasi nintzen bata bestearen ondoren. Ez dakit zenbat egingo nituen, baina elkarrizketak eta argazkiak bildu eta, hona etorri orduko, irailean, garai hartako Euskaldunon Egunkarian argitaratzen hasi nintzen.

 

Zenbat urtez ibili zara elkarrizketak egiten?
Bigarren urtearen ondoren, beka bat jaso nuen urte osoa Renon emateko, bertako euskara-irakaslearen laguntzaile izateko. Urte osoa han pasatu nuenez gero, astero-astero bidali nituen artikuluak bertatik Euskaldunon Egunkarira. Garai batean hemendik hara joandako euskal amerikarrak edo hemendik hara joandakoen seme-alabak, batzuetan ilobak, haien historiak biltzen nituen elkarrizketetan. Bigarren urte hartan, euskal amerikar-mordoa ezagutu nuen. Hurrengo urteetako udetan, ordurako lagunak eginak nituenez, kasik beti joan izan nintzen. Elkarrizketa gehiago egiten jarraitu nuen, baina beste patxada batekin. Beharbada elkarrizketa espezializatuagoak edo bereziagoak egiten jardun nuen. Horrela iraun nuen kasik 20 urte.

 

Zenbait tokitan euskal presentzia oso nabarmena da.

 

Renon ibili zara, batez ere. Baina zein beste herrialdetan topatu dituzu euskaldunak?
Renora joaten hasi nintzen, baina han, Ameriketan, jendea ez da geldirik egotekoa, batetik bestera mugitzen da eten gabe. Ni ere haiekin mugitzen hasi nintzen. Euskaldunak non ziren, han ibiltzen nintzen. Nevadan bertan, Renoz besteko herri, herrixka eta gainerakoetan: Carson City, Winnemucca, Elko, Tonopah, Gardnerville... Jakina euskal jaialdiak Kalifornian ere egiten dira eta han ere izan ginen, San Franciscon, Los Banos-en, Chinon, Bakersfield-en, baita Idahoko hiriburuan, Boisen, ere.

 

Zuk ezagututako Euskal Etxeen egoera nolakoa da?
Ni han izan naizen garaian, hemendik hara joandako euskaldunak artean bizirik zeuden, eta, haiek erroak eta sustraiak hemen zituztenez, eutsi egin diote hemengo izaerari. Dudarik gabe, guk bezalaxe hitz egiten dute euskaraz. Dantzan ere gogoz egiten dute. Hori hemendik hara joandakoei dagokienez.
Gero, nik ikusi dudanez, Euskal etxeetan haien aurretik joandakoen seme-alabak, ilobak, bigarren-hirugarren belaunaldiak… biltzen dira. Baina, zer izango den? Lehendabiziko belaunaldi hori galdu den lekuetan, indarra galdu egin dute euskal etxe edo klubek. Ondoren, zer etorriko den, inork ezin erantzun duen galdera da. Zenbait lekutan, ez euskal etxeetan bakarrik, baita herrialdeetan ere, lehendabiziko belaunaldi hori joan denean, ez dago segidarik. Aldiz, beste zenbait lekutan, Idahoko Boisen, esaterako, zain berria dator. Hori ikusi besterik ez dago. Baita San Franciscon ere. San Franciscoko euskal etxean ere badator belaunaldi berri indartsua. Beste leku batzuetan zalantza handiagoak ditut. Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Kanada, Kuba, Argentina, Txile. Bakoitzak bere errealitatea bizi du.

 

Maite dugu euskal diaspora edo euskal erbestea hemen, Euskal Herrian?
Edozer gauza estimatzeko, preziatzeko, maitatzeko, ezagutu egin behar da. Eta nik uste dut hemen ezezagutza handia dagoela. Oinezko jendeak ez daki, ez zer den diaspora, ez non diren gure erbesteratuak, ez diasporaren kongresuak egiten direla ere. Eta, ez dakitenez, ezin dute estimatu, ez diaspora, ez erbestea eta ez hona etortzen zaizkigun kanpotarrak. Nik alde horretatik ez dut zalantzarik, ez ditugu ezagutzen eta ez ditugu maite.

 

Diaspora ezagutzeak Miel Anjel aldatu du?
Hau gauza pertsonala da, baina nire bizitzan badago Ameriketara joan aurretiko garai bat eta beste bat ondokoa. Hori da nire kasua, ez da guztion kasua. Nik ezagutu ditut hara joan direnak eta burua lehengo lepotik dutela dabiltzanak. Nire kasuan, guztiz aldatu da.

 

Hamaika lagun egin du Ameriketako lurretan.

 

Estatu Batuetara doazenei, gomendatzen al diezu euskal diaspora ezagutzea?
Hura han dago eta beti han egongo da, harik eta hemendik joandako euskaldunak hiltzen diren arte behintzat. Beraz, trekking bat egitera joaten dena, joan liteke euskaldunak diren lekuetara, eta euskal etxeetara, euskal dantzak diren lekuetara eta bertakoekin hitz egin. Diaspora jendea da, bidaiatzea jendea da, gainerakoan postal hutsa.

Hainbeste historien artean, izango duzu bat gogoan…
Jende asko ezagutzea tokatu zait, eta horietarik asko lagun egin ditut. Bakoitza historia bat da, eta lagun egindako horiek denak dira historia berezi niretzat. Badira, halere, abenturak eta kasuak. Azkenetako bat, esaterako: Renon nintzen Genoa izeneko herrian, lagun bat, adineko bat, elkarrizketatzen: Albert Montero, euskaraz ez zekien baina euskalduna den historia zuen. Hemendik hara joandakoen semea zen, oso historia bizia eta polita. Eskaini zidan kontakizun eder hura grabatu nion eta ondoren ondoko herrian, Gardnervillen, bazkaltzera gonbidatu nuen. Euskal jatetxe batean bazkaldu genuen, JT jatetxean. Bazkari ondorengo solasaldiaren  ondoren agurtu nuen, eta beste askotan gertatu izan zitzaidan bezala, bihotzaren pusketa bat han utzi nuela sentitu nuen. Oraindik gogoan dut Albert.


Eta autoa hartu eta Oregon aldera jo nuen. Kasik 8 orduko bidea izan zen. Renotik iparraldera jo nuen, Winnemucca eta Elko bazter batean utzi nituen eta Jordan Valleyraino heldu nintzen. 8 orduko bidea egin nuen eta ez nekien nik elkarrizketatu nahi nuen pertsona bizirik izango ote zen ere. Pertsona hura Eugenie Akordagoitia zen. Aurretik egindako bidaian, 3-4 urte lehenago, ezagutu nuen eta euskaraz zertxobait hitz egina genuen. Gurasoek Euskal Herritik eramandako euskararen aztarnak zituen Eugeniek bere hitzetan eta erabat hunkitu eta harrapatu ninduela esan behar dizuet. Horrela bada, 8 orduko bidea egin nuen kotxez, neu bakarrik, bizirik harrapatuko ote nuen ere jakin gabe. Heldu nintzen Jordan Valleyra; herrian sartu orduko gasolinera bat zegoen, Basque Station, Jin Zatika euskaldunarena, eta haren pare-parean, Eugenieren etxea. Kotxea bazter batean utzi eta Eugeniren etxera abiatu nintzen. Atea jo, kax-kax... Ai ama, gerokorik kontatuko dizuet, baina, beste batean…

 

http://www.euskalkultura.com/euskara/albisteak/eugenie-acordagoitia-egun-euskara-hiztun-bakana-jordan-valleyn-oregon-aeb-abahaztu-egin-behar-zaigu-euskara-ahaztu-bb
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Noiz joan zinen lehenengo aldiz Ameriketara?
Ni 93an joan nintzen lehendabiziko aldiz Estatu Batuetara eta orduan ingeles-ikastaro bat izan zen tarteko. Ingelesa ikasi nahi nuen, hiruhilabeteko ikastaroa egin nuen eta hara ailegatu eta 15 egunera, Renora ailegatu nintzen, Reno Nevadara, eta hara heldu eta 15 egunera Euskal Jaialdi bat zen Winnemucca -n, eta bertako lagunek, Renon bazegoen, Renoko unibertsitatean bazegoen eta badago, euskal ikasketen programa bat, eta bertan bazegoen orduan euskal dantzari-talde bat, “Zazpiak Bat”, eta, barkatu, “Zenbat Gara” zuen izena taldeak eta du izena taldeak. Eta esan zidaten ea joan nahi nuen eta joan nintzen. Orduan zen 3 orduko bidea zen eta haiekin batera parte hartu nuen desfilean. Orduan han euskal talde-mordoxka bat bildu zen. 
Iluntze hartan, berbena moduko bat izan zen, eta han ezagutu nituen lehenbiziko  bi euskal amerikarrak. Eta oraindik gogoan ditut izenak: Inazio eta Juan. Eta horrek erabat astindu zuen nire barrua eta hasi nintzen, ondoko astean edo handik bi astera, ba  euskaldun haiek eta beste batzuk elkarrizketatzen eta horrela hasi zen 93an gutxi gorabehera nire diaspora edo dena delakoaren abentura.

Zenbat urtetan ibili zara elkarrizketak egiten?
Ondoko urtean berriz joan nintzen Estatu Batuetara, ingeles-maila hobetzeko asmotan, bigarren ikastaroa nuen, eta orduan bai banekien euskaldunak bazirena banuen gogoa euskal jaialdietara sistematikoki joateko eta elkarrizketak ere egiten hasi nintzen bata bestearen ondoren, orduan ez dakit zenbat egingo nituen, baina bildu nituen elkarrizketak eta argazkiak, eta hona etorri orduko, irailean ba hasi nintzen publikatzen garai hartako Euskaldunon Egunkarian.
Bigarren uda horretan han nengoela jakin nuen urte osoa Renon emateko beka bat jaso nuela, bertako euskara-irakaslearen laguntzaile izateko lanean, nahi izanez gero. Eta hortaz, urte osoa bertan pasa nuenez gero, ba bertatik bidaltzen nituen artikuluak astero-astero-astero Euskaldunon Egunkarira eta ostiralero publikatzen ziren. Beti ziren euskal amerikarrak, hemendik hara joandakoak garai batean, edo hemendik hara joandakoen seme-alabak, batzuetan ilobak, eta haien perfilak idazten nituen; haien istorioak biltzen nituen.
Urte hori Renon igaro nuen. Beraz ezagutu nuen euskal amerikar-mordo bat, irakurri ere egin nuen hainbat, euskal ikasketen programaren liburutegian, baina urtea, ikasturtea, amaitu zen eta itzuli nintzen. Halere, ondoko udetan, zera segitu nuen joaten; ordurako lagunak eginak nituen eta joan nintzen kasik udaro eta beti ere elkarrizketa gehiago egiten, baina beste patxada batekin, zeren aurretik asko eginak nituen eta segitu nuen gauza gehiago deskubritzen, eta beharbada elkarrizketa espezializatuagoak edo bereziagoak egiten jardun nuen eta horrela iraun nuen kasik 20 urtean.

Nolakoa da zuk ezagututako Euskal Etxeen egoera?
Ni han izan naizen garaian, hemendik hara joandako euskaldunak artean bizirik zeuden eta haiek hemen zituzten erroak eta sustraiak eta eutsi diote hemengo izaerari. Dudarik gabe, guk bezalaxe hitz egiten dute euskaraz edo guk baino euskara jatorragoa nahi izanez gero, edo naturalagoa, eta dantza ere halaxe egiten dute. Hori hemendik hara joandakoei dagokienez.
Aurretik joandakoak eta aurretik joandakoen seme-alabak, ilobak, bigarren hirugarren belaunaldiak, neurri baten biltzen dira euskal etxeetara, nik ikusi dudanez. Eta zer izango den gero? Nik ikusi dudan denboran, euskal etxe horiek edo euskal klubek egiten zuten batez ere udako jaialdia. Hori zen haien hitzordurik inportanteena, eta hor indar handia jartzen zuten, hori ondo egiten, hori ondo antolatzen. Eta gainerakoan zenbait mus-txapelketa eta zenbait festa egingo zituzten, ba ez dakit, udaberri hasieran, edo Gabonetan, edo san martinetan, edo horrelako zerak. Lehendabiziko generazio  hori galdu den lekuetan, indarra galtzen da eta gero zer etorriko den inork ezin erantzun duen galdera da. Ez dakigu zer etorriko den etorkizunean, ikusten da zenbait lekuetan, ez euskal etxeetan bakarrik, baita herrialdeetan ere, lehendabiziko generazio hori joan denean ez dagoela segidarik. Aldiz, beste zenbait lekutan, eman dezagun, Idahoko Boisen zain berria badator, hori ikusi besterik ez dago, eta baita San Franciscon ere. San Franciscoko euskal etxean ere zain berria badator. Beste leku batzuetan duda handiagoak ditut.

Euskal Herrian estimatzen dugu gure diaspora eta erbestea?
Edozer gauza estimatzeko, preziatzeko, maitatzeko ezagutu egin behar da. Eta nik uste hemen ezezagutza handia dagoela, jendeak oinezkoak ez daki, ez zer den diaspora, ez non den gure erbesteak non diren, ez diasporaren kongresuaren berri, ez daki. Eta ez dakienez, ezin du estimatu ez diaspora, ez erbestea eta ez hemen etortzen zaizkigun kanpotarrak. Nik alde horretatik(an) ez dut batere zalantzarik egiten, ez dugu ezagutzen eta ez dugu maite.

Diaspora ezagutzea zer izan da zuretzat?
Hau gauza pertsonala da, baina nire bizitzan badago Ameriketara joan aurretiko garai bat eta beste bat ondokoa. Hori da nire kasua; ez da guztion kasua. Nik ezagutu ditut hara joan direnak eta burua lehengo lepotik dutela dabiltzanak. Nire kasuan, guztiz aldatu da.

Estatu Batuetara doazenei, euskal diaspora ezagutzea gomendatzen diezu?
Hura han dago eta beti egongo da han, harik eta hemendik joandako euskaldunak hiltzen diren arte. Beraz, trekking bat egitera joaten denak joan liteke euskaldunak diren lekuetara, eta euskal etxeetara, eta euskal dantzak diren lekuetara, eta jendearekin hitz egin. Diaspora jendea da; bidaiatzea jendea da. Gainerakoan postal huts bat da.
 

detalle2

Document library

B2
02-12-2016

x61pRelaContWAR

16239502
00:08:23

x61pViewCountWAR

8704

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR