Imanol Perez Albeniz, ilusionista: "Niretzat, magia bizitzeko modu bat da"

Gasteizko gazte hau hasita dago magiaren munduan bere lekutxoa egiten, eta dagoeneko hainbat sari irabazi ditu.

Imanol Perez de Albeniz (Gasteiz, 1999) ilusionista eta bigarren batxilergoko ikaslea da. Mago gisa, D´Albeniz izen artistikoa erabiltzen du eta berentzat magia “bizitzeko modu bat da”. Egunero, eskolatik itzultzean, hiruzpalau ordu ematen ditu bere trukoak entsegatzen. Imanolek gaztea bada ere, hainbat sari irabazi ditu: Granadako Magiako bigarren saria, Frantziako Magiako hirugarrena, eta Europakoan ere, hirugarrena. Guztiak karten manipulazioan, hori baita bere espezialitatea. Gasteizen bere talentuaz gozatzeko aukera izan dugu.

1.    Zer da magia zuretzat? Noiz erabaki zenuen mago izatea?
Niretzat magia bizitzeko modu bat da. Besteek hemen mahai bat ikusten dute, baina nik ideia bat ikusten dut. Nire aita ere magoa da. Horregatik, txikitatik Gasteizko Magialdiara joan izan naiz, niretzat Europako festibalik onena. Ikusle nintzenean, hori egin nahi nuela pentsatzen nuen, ziur nengoen; lan egin dut eta urteekin lortu dut. 6 urte nituenean hasi nintzen aitarekin eta 14 urterekin serio hartu nuen, gaur arte.

2.    Nondik datorkio aitari mago joera hori?
Nire aitak 30 urte zituenean, lagun batekMagialdiara gonbidatu zuen, zer zen ikustera. Nire aitak mago-ibilbidea hasi zuen eta bere lagunak, berriz, alde batera utzi zuen.

3.    Nola sortu zen magia edo lehenengo magoa?
Antzina magoek jendeari ziria sartzen zioten: dirua lortzeko, magia beltza egiteko… Beranduago, magia antzokira heldu zen, ikuskizun bat izatera eta, gaur egun, truko bat bezala hartzen da.

4.    Magia adin guztietako jendearentzat da aproposa?
Bai, noski. Umeei asko gustatzen zaie eta helduei ere bai, gaztarora eramaten ditugulako magiaren bidez. Beste batzuk trukoa bilatzen saiatzen dira. Horien aurrean ezin dugu ezer egin. Nire ustez, gozatzen ez badute, ez dute magia ikustera joan behar.

5.    Zure ustez, zein herrialdetakoak dira magorik onenak?
Azken hamarkadan, espainiar estatuak eman ditu mago gehien, baina Txina eta asiar herrialdeak kontuan hartu gabe, haiek oso onak baitira kategoria gehienetan. Espainiak kartomagia eta gertuko magian ditu magorik onenak, batez ere.

6.    Euskaldunoi magia gustatzen zaigu? Zein motatakoa? Zergatik?
Nik baietz uste dut. Euskal Herrian festibal asko daude: Eibarren, Gasteizen, Bilbon… Jendeak interesa duelako. Nik karten manipulazioa egiten dut eta, agian, umeei beste zerbait gehiago gustatzen zaie, baina helduek dena atsegin dutela iruditzen zait.

7.    Zer eduki behar du mago batek? Eta zu, zerk bereizten zaitu?
Mago batek ilusionatzeko eta besteei zerbait emateko gogoa eduki behar du. Ni agertokiaren gainean eroso nago; horrela sentitzen naiz. Nire ustez, magoak naturaltasunez egin behar du, horrek axola du.

8.    Nolako trukoak egiten dituzu?
Ni karta-manipulatzailea naiz: horiek agertzea eta desagertzea da nire ikuskizuna. Modalitate hau Eszenatokiko Magia kategoriaren barruan dago, baina ez manipulazioa bakarrik: Magia Orokorra (animaliekin edo gauzekin sortutako magia) eta Ilusio Handiak (norbait kutxa batean sartu eta ezpatak sartzea, adibidez) ere bai.
Bestalde, Gertuko Magiak ere hainbat alor biltzen ditu: Mikromagia (txanponekin eta gauza txikiekin egindakoa), Kartomagia (ikuslearengandik gertu, baina kartekin) eta Mentalismoa (pentsamenduekin jokatzea). Orokorrean, hori da sailkapena.

9.    Hainbat sari irabazi dituzu: Granadan bigarren saria; Frantzian hirugarrena, eta Europa mailan ere hirugarrena, duela gutxi… Zer izan dira sari horiek zure lan-ibilbidean?
Hori ez nuen espero eta nire adinarekin oraindik gutxiago. Nik aita etxean ikusten nuen eta zaila zen pentsatzea ona nintzela, ohituta geundelako magia egin eta ikustera. Gero, kalera atera eta hori esan zidaten “maila handia duzu”, eta jendea ni ezagutzen hasi da… Etxetik ateratzen naiz eta lana eskaintzen didate. Abenduan, adibidez, Alemaniara joango naiz nire bikotekidearekin. Bertan, bi pieza egingo ditugu: biok elkarrekin egiten duguna eta karten manipulazioa. Gainera, Ingalaterrara eta Frantziara ere eraman nau magiak.

10.    Europako hirugarrena geratu zinen. Nolakoa izan zen egun hura?
Ikaragarria izan zen; ezin dut azaldu. Kategoria horretan esperientzia handiko magoak zeuden, adinean ez baitago mugarik eta nik 17 urte bakarrik nituen. Ez genuen espero eta ikaragarria izan zen.

11.    Eta une honetan, zer duzu eskuartean?
Nire bikotekidearekin pieza berri bat sortu dut, ilusio handien kategoriakoa. Horrez gain, Jaiki dantza taldearekin ‘Ilusioaren doinua’ ikuskizuna estrenatu genuen duela hilabete Agurainen. Azkenik, nire manipulazioko pieza ere lantzen ari naiz. Beraz, lanpetuta nago.

12.    Nor da zure idoloa?
Nire aitaz gain, Eduardo Galeano argentinarra, bera da manipulatzaileen maisua. Nire lagun baten bidez ezagutu nuen, eta nire irakaslea izan zen bi urtez. Berak irakatsitakoa nire kabuz landu dut.
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer da magia zuretzat?
Magia niretzat ia ia bizitzeko modu bat bezala da. Zeren, adibidez, igual kaletik beste pertsonak (pertsonek) hemen mahai bat bakarrik ikusten dute eta, nik, agian, ideia bat ikusten dut eta... Txikitatik, nire aita magoa da eta, orduan hemen, Gasteizen Magialdia dago, Europako festibalik ia ia onena, niretzat onena. Eta orduan txikitatik etortzen nintzen espektadore (ikusle) bezala, eta hasten hasi (hasi egin) nintzen, nik ere hori egin nahi nuelako. Horrela pixka bat lan egiten eta lortu nuen.

2. Zuk zer egiten duzu?

Karta manipulatzailea naiz eta pixka bat kartak agertzea, desagertzea… Pixka bat karten txikia handia egitea, ez dakit nola azaldu. Eta uste dut, publikoari asko gustatzen zaiola. Esaten da manipulazioa magiaren zailena dela, eta hasi naizenean (nintzenean), nire aita(k) esan zuen: “Hori ez Imanol, beste gauza bat…”, eta, ni “Ez, ez, manipulazioa”. Eta beno, gaur arte. Lehenengo urte asko egon nintzen teknika bakarrik lantzen: bakarrik eskuak, eskuak, eskuak, eskuak… Eta gero, Eduardo Galeanorekin aurkitu nintzenean, eskuak baino gorputz guztia landu genuen: zerbait espresatzeko, noiz arnasteko, eta hori. Bakarrik sei minutu eta erdirako, dela nire zenbakia.

3. Truko bat egingo zeniguke?
IMANOL: Hemen gaude Gasteizen eta pixka bat, 42 poker kartarekin jokatuko dugu eta trukotxo pixka bat motza egingo dugu. Hor ez dago ezer, barruan, ez dago ezer. Bakarrik, ezagutzen dituzue poker kartak? Bai, pikak eta guztiak, ez? Begira, pixka bat nahastuko (nahasiko) ditugu kartak… Adibidez, zuk, kartak ukitzea nahi dut, eta bat hartzea, hori? Seguru? Bai, hartu, ikusi eta kamerak ikustea nahi dut, bai? Badago? Begira, hemen ikusiko duzu eta erditik galduko dugu. Erdian egongo da, ez dut ezer egin. Eta orain, pixka bat, zerbait kontatuko dut: begira, karta hauek nik ukitzen ditudanean, normal daude. Baina zuk, beste pertsona batek ukitzen dituenean, pixka bat aldatzen dira, agian atzamarrengatik edo ez dakit. Eta kolorez aldatzen dira. Bai, bai, ikaragarria da baina begira: ikusiko dugu e! Oraindik ez… Agian oraindik ez e, pixka bat denborarekin, eta… Bai, bai, karta gorri bat dago hemen… Eta bakarrik bat, ez? Bakarrik bat! Esan ahal duzu zein zen zure karta, kamerak ikusi duena?
IKUSLEA: Zortzikoa, pikak.
IMANOL: Pikak zortzikoa? Hori? Zortzikoa zure karta, gorria bihurtu da… Baina hau ez da hemen bukatu. Begira. Hemen utziko dugu piketako zortzia eta zure eskua gainean ipintzea nahi dut. Horrela, nik (ez) ezer ukitu ahal izateko eta ez aldatzeko, bai? Eta orain, zuk gelditzea nahi dut.
IKUSLEA: Hor.
IMANOL: Hor, begira, geratu kartarekin eta bai? Geratu duzue (zarete)? Eta pixka bat nahasiko dut, ez dut ezta hartu (ere), orduan ez dakit non egon daiteke(en). Pixka bat gehiago eta berriro egingo dugu. Orain ez atzamarrekin, bakarrik bistarekin (ikusmenarekin). Begiekin, begira e! Nire ustez, jada aldatu da kolorez e! Begira: oraindik ez, oraindik ez… Igual, txssss, agian orain bai… Ba ez, ez dago… Aaaaaaaaaaaa!!Eske agian, eske batzuetan zerbait gertatzen da… Karta gehiago ez gorriz tintatzeko, jada tintatuta dagoen karta gorri bat bihurtzen da. Esan ahal duzue zein zen ikusi duzun bigarren karta?
IKUSLEA: Hamarrekoa, bihotzak.
IMANOL: Bihotzeko hamarra? Buelta eman diezaiokezu kartari? Bihotzeko hamarra!!! Hori izan da guztia!!

B1
09-15-2017
16175465
00:04:49
4736