Kuadrillak betiko dira?

Leku guztietan daude lagun-taldeak, baina, batzuen ustez, "kuadrillak" pisu berezia dauka Euskal Herrian.

Momentu onetan: zinemara, paseatzera edo zerbait hartzera joateko, afari edo bazkari bat egiteko, urtebetetze-eguna ospatzeko… Eta une txarretan ere bai: bizitzako une gogorretan negar egiteko, arazoak kontatu eta konpontzen laguntzeko, aholkua eskatzeko…  Horretarako, eta beste hainbat gauzatarako ditugu lagunak. Euskal Herrian, ‘betiko lagun-taldeari’ kuadrilla deitzen diogu. Nolakoa da zure kuadrilla?

Bizitza osoa elkarrekin daramaten lagun-talde hauetan, hainbat profiletako jendea aurkitzen dugu: batetik, “festaren arima”, guztia antolatuta dagoenean azalduko da, eta ez du ezeren ardurarik hartuko; bestetik, “planak egiten dituena” dugu, antolatzailea, baina lagunek ez dute bere lana balioetsiko; gero, “aholkularia”, arazoa edonork izanda ere zer esan dakiena, zentzudunena; “lanpetuena”; “ligoia”; “mamua”; “haurra”; “eminentzia”; “erromantikoa”… Zerrenda amaierarik gabea izan daiteke. Zure lagunen bat identifikatu duzu? Eta zeure burua?

Gu Bilbon Iraia Morañorekin elkartu gara. Berak 28 urte ditu eta Galdakaokoa da. “Nire kuadrillan neskak gara guztiok, eta, gaur egun, zerbait hartzeko geratzen gara normalean”, kontatu digu. Asier Errastik, berriz, 40 urte ditu eta Eskoriatzakoa da. Donostian geratu gara berarekin. “Gu, orain, emazteekin eta seme-alabekin elkartzen gara. Errealitatea asko aldatu da urteekin”, adierazi digu.

 

 KUADRILLAKOAK, NOR DIRA?
Ikastetxe-garaian sortutako harremana izan daiteke; kirola edo musika gustatzeagatik sortutakoa; gure neska-lagunaren edo mutil-lagunaren lagunen bikoteak izan daitezke… Modu askotan sortzen dira kuadrillak. “Niretzat, elkarrekin dibertitzen den jende-multzoa da. Betidanik elkar ezagutzen dutenak edo bakarrik parrandarako ezagututakoak, hainbat mota daude”, kontatu digu Morañok.

Asier Errastiren ustez, berriz, betiko lagunak dira: “Umetatik batera ibilitakoak; nire kasuan, herriko betiko lagunak dira”. Zortzi edo bederatzi mutil elkartzen ziren Eskoriatzan, baina, gaur egun, hori aldatu egin da: “Bikotekideak eta seme-alabak ere gurekin egoten dira geratzen garenean. Beraz, orain gehiago gara”.

Iraiaren kasuan, sei neska dira, kuadrilla txikia, bere hitzetan. “Hiru urte genituenetik lagunak gara. Jende gehiago ibili izan da gurekin, baina, azkenean, betikoak geratu gara. Lagunak garelako jarraitzen dugu elkarrekin”.

EUSKAL HERRIAN BAKARRIK?
Edozein film edo telesail ikusiz gero, euskaldunok beti kuadrillan irudikatzen gaituzte, guretzat garrantzitsua den zerbait delako. Baina hain garrantzitsua da? Beste herrialdeetan ez al da horrelakorik gertatzen?

Iraiaren ustez, beste herrialdeetan ere badu bere garrantzia kontzeptu honek eta lagunak taldeetan banatzen dira. Asierrek, ordea, kontu honek inguruan mito gehiegi dituela uste du. “Nik argi dut txikitako horiek direla nire kuadrillakoak, harreman berezia dudalako beraiekin. Baina, ez zait hain kontzeptu itxia iruditzen. Askotan, batzuk kanpoan daudelako edo edozein arrazoi tarteko, zaharragoekin edo gazteagoekin elkartzen gara. Beraz, ez dugu aldiro kuadrillakoekin bakarrik ibiltzeko helburu itxi hori betetzen”.

Lagun hauek betiko direla esaten da. “25 urtean lagunak izan bagara, orain zer egin behar dugu adiskide izateari uzteko?”, galdetu digu Iraiak. “Laguntasuna mantenduko dut, baina kuadrillaren egitura, orain arte bezala, aldatzen joango da. Hamabost urterekin ordu asko pasatzen ditugu kuadrillakoekin, eta, adinean aurrera joan ahala, gutxiago”, kontatu digu Asierrek. Haiek, ia gehienak, herritik kanpo bizi dira eta horrek batzen ditu: herrira itzultzeak, Eskoriatzara.

Eta zuk, zergatik dituzu lagun horiek? Adinean aurrera joan ahala, harremana aldatu egiten dela uste duzu? Zer da lagunekin gehien gustatzen zaizuna egitea? Zergatik?


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zer da kuadrilla bat zuretzat?
IRAIA MORAÑO: Niretzako kuadrilla bat batera dibertitzen diren jende talde bat(ek) osatzen dute: izan ahal dira neskak, mutilak… Betidanik ezagututakoak edo bakarrik juergarako ezagutzen duzun jendea, uste dut kuadrilla-tipo diferenteak dauzela (daudela).

ASIER ERRASTI: Azkenien (azkenean) betiko lagunak ez? Apur bat umetatik hor batera ibili garen hor lagunak eta gero, asko zabaldu leike (daiteke) gaur egun, hor, urteekin aldatu egiten da kuadrilla-eredua edo kuadrilla bera, bai. Berez, niretzat, betiko herriko lagunak, hor osatutako taldea.

Zer egiten duzu kuadrillakoekin?
IRAIA MORAÑO: Gero eta zailagoa da kuadrillakoakaz (kuadrillakoekin) igual elkartzea, ez? Baina bueno, elkartzen garenean, lehen igual elkartzen ginen juergarako (parrandarako) eta oin (orain) badauz (badaude) juerga batzuk sakratuak direnak, adibidez: Gabon Zaharra, herriko jaiak eta horiek, baina gehienbat elkartzen gara hitz egiteko, kafe bat hartzeko, pote batzuk hartzeko eta ba bueno, ez dakit, beste gauza batzuk bilatzen doguz (ditugu) gaur egun.

ASIER ERRASTI: Gehixenbat (Gehienbat) elkartzen garenean, Eskoriatzan bertan. Osea ja gaur egun gehienok gainera kanpoan bizi gare (gara) eta gero eta zailagoa izaten da elkartzea eta gero eta gutxiagotan elkartzen gare (gara) ere bai. Azkenean edade (adin) kontuagatik eta gauza guzti horregatik (horregatik guztiagatik). Baina elkartzen garenean beti Eskoriatzan, edo Eskoriatzan bertan zerbait dagoelako, edo gabon ingurutan denok herrira bueltatzen garen horreitan (horietan) egindako bazkarixak (bazkariak), afarixak (afariak), edo eguna jartzen gabelako (dugulako) eta baten baserrian elkartzen gara denok edo edozer gauza, baina bueno. Gaur egun, gehiago izaten da Eskoriatzan elkartzen jarraitzen dugu, baina izaten da gehiago geratu beharra ze egia esanda, kuadrillako asko Eskoriatzatik kanpo bizi gara gaur egun, gehienok.

Betiko izango da zure kuadrilla?
IRAIA MORAÑO: Nik uste dut, horrela izan bada, azkenean, 25 urteetan zehar  izan bagara lagunak, ba orain zer egin ahal dugu lagunak izateari uzteko, ez? Nik uste dot (dut) bai, edozer gauza barkatu ahal dugula. Igual nagusitan gauza batzuei garrantzi gehiago ematen dotzezu (diezu), eta gaztetan, igual pentsatuko zenuke “Ai hau egingo badidate, ez dut inoiz barkatuko!”. Baina orain, nagusia izanda, beste gauza batzuk hartzen dituzu kontuan, ez? Eta igual, arazo bat badekozu (badaukazu) eta lagun bat deitu ahal badozu (baduzu), ba igual, azkenean, horrek (hori) da balio dauena (duena).

ASIER ERRASTI: Bai, bueno, azkenean kontua da gu betiko herriko lagunak eta kuadrillakoak beti lagunak izango gare (gara), hor. Kontua da zuk askotan kuadrilla mantendu deikezula (dezakezula) baina kuadrilla beran (beraren) egitura edo harremana-edo aldatu egiten da ez? Azkenean, hamabost urterekin kuadrillakoekin egoten zara egunean hamar ordu; hogeita bostekin hamar eta gauez beste ez dakit zenbat eta parrandan eta ez dakit zer; hogeita hamabostekin egoten zara beste egoera batzuetan, beste leku batzuetan gelditzen zara, beste giro batzuetan eta askotan da bizitzan zehar aldatu egiten dela. Nik garbi daukat hor, nire Eskoriatzako lagunekin, beti mantenduko dudala harreman hori, beti lagunak izango garela, eta beti egiten dugu ahalegina hor elkartzeko eta egoteko. Baina bueno, azkenean bizitzak berak bakoitza leku batean jartzen dau (du), eta batzuetan asko egoten gare (gara), eta beste batzuetan ez hainbeste, apur bat hori. Baina laguntasun hori bai mantenduko dugu eta gure kasuan, adibidez, herrixak (herriak) batzen zaituen bitartean eta denon gurasoak bertan bizitzen jarraitzen duten bitartean eta horrela, beti dago hor… Azkenean guretzat kuadrilla beti izango da Eskoriatza esateko modu bat, ez?
 

B1
01-24-2017
16170479
00:04:25
6438