detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Willis Drummonden disko berria: "Tabula Rasa"

Durangon harrapatu genituen, disko berriaren aurkezpenean, eta elkarrizketa hau egin genien.

‘Willis Drummond’ 2005. urtean sortu zen rock-taldea da. Estilo berezia dute, 90eko hamarkadako punk eta rock hotsak uztartzen baitituzte, eta bide honetan arrakasta izaten ari dira. Hasieratik, sei disko argitaratu dituzte: ‘Anthology’ (autoprod-2007), ‘Willis Drummond’ (bidehuts-2009), ‘Zuzenezkoak 2’ (bidehuts-2010),  ‘Istanteak’ (bidehuts-2011), ‘A ala B’ (bidehuts-2012), eta ‘Tabula Rasa’ (Atala-2016). Azken lan hau eskuratzeko jarraitzaileek denbora luzez itxaron behar izan dute, baina, azkenean, Durangoko Azokan aurkeztu zuten. Bertan, taldekide guztiekin egin genuen topo, euren standean: Jurgi Ekiza (gitarra eta ahotsa), Xan Bidegain (baxua), Felix Buff (bateria) eta Joseba B. Lenoir (gitarra). Guk Xan Bidegaini (Baiona, 1980) egin genion elkarrizketa.

Xan Bidegain eta taldea osorik.

1.    Noiz erabaki zenuten Willis Drummond taldea sortzea, eta zein izan zen  helburua?
Taldea duela hamar urte baino gehiago sortu genuen: hasieran, hirukotea ginen eta gero beste kide batzuk hasi ziren. Orain, lau taldekide gara, eta gure azken diskoa aurkeztu dugu. Durangoko Azokan promozioa egiten eta jendea ezagutzen ari gara plazer handiz.
2.    Izena ikusita, askok ingelesez abesten duzuela pentsatuko lukete. Zergatik erabaki zenuten euskaraz abestea?
Euskaraz kantatzen dugu; Euskal Herriko taldea gara, batzuk Hegoaldekoak eta besteak Iparraldeakoak. Gure hizkuntzan kantatzen dugu, amets egiten dugun hizkuntzan.
3.    Iparraldekoak izanik, Hegoaldera ere maiz etortzen zarete. Zertan bereizten da Iparraldeko eta Hegoaldeko bizimodua? Eta musikari gisa?

"Tabula Rasa" diskoa

Beti galdetzen digute zein den Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasuna. Taldeko hiru Iparraldekoak gara, eta bat Hegoaldekoa. Nik, egia erran, ez dut desberdintasun handirik sentitzen. Gauza da hemen areto gehiago daudela, Hegoaldea Iparraldea baino handiagoa delako. Jendearekin komunikatzeko hizkuntza berdina erabiltzen dugu, eta, nire ustez, mundu globalizatu honetan gauzak parekatzen ari dira. Ez dago hainbesteko desberdintasunik. Hala ere, eskaintza askoz handiagoa da Hegoaldean, eta oraindik jendeak kontzertuetara joateko ohitura du. Agian, ohitura hau gehiago ari da galtzen Iparraldean. Baina ongi; ez da hain desberdina.
4.    ‘Tabula Rasa’ diskoa atera berri duzue, etengabeko garapen batean dago Willis Drummond?
Aldaketak beti egiten ditugu, nik erraten dut ez direla disko berdinak bi aldiz egin behar; aldakuntzak egin behar direla. Gure disko honen berritasun nagusia da orain laukotea garela, kide batek duela zenbait hilabete utzi baitzuen. Gainera, guk gure artean ekoitzi dugu Kanadako ekoizle batekin. Beraz, berrikuntza nagusia da auto-ekoizpena  ko-ekoizpen bat dela. Burke Reidekin hasi genuen aurreko diskoa, hori da Kanadako ekoizlea eta oso harreman ona izan genuen berarekin. Lagunak bilakatu gara eta naturalki egiten dugu lan elkarrekin. Irailean hiru asterako etorri zen Euskal Herrira, eta askatasun handia utzi zigun. Diskoari gure tokea eman diogu, eta oso lan interesgarria da.
5.    Azken hau egiteko denbora-tarte luzeagaoa hartu duzue. Zein izan da prozesua?
‘A ala B’ aurreko diskoarekin biran 200 kontzertu baino gehiago eskaini genituen bi urtez, eta, horren ondoren, atseden hartzea erabaki genuen, beharrezkoa zelako. Gu lagunak gara, eta oso ondo konpontzen gara, baina, hala ere, geldialdi bat behar genuen. Bakoitzak bere proiektuekin jarraitu du, elkarrekin jotzen eta elkar ikusten jarraitu dugu… Erraten nuen bezala, lagunak garelako, eta, entseguetara itzuli garenean, naturalki hasi gara berriro ‘Tabula Rasa’ gure disko berria aurkezteko.
6.    2005. urtean taldea sortu zenutenetik, kontzertu asko eman dituzue. Zer duzue nahiago, jaialdi erraldoia edo areto txikia?
Areto txikian beti erraten da jendearekin berotasuna eta hurbiltasuna lortzen dela. Oso goxoa dela. Oholtza handi batek, berriz, jende gehiago hunkitzeko parada ematen du, eta hori ere oso interesgarria da. Egia erran, Belgikako areto txiki batean edo Euskal Herriko jaialdi batean, bietan gurea oneski eta txintxoki egiten dugu, noren aurrean gauden sobera pentsatu gabe.

7.    Hemendik aurrera, zer asmo duzue?
Hemen gaude Durangoko Azokan azken diskoa aurkezten. Azokaren ostean, Holandara joango gara bidaia txiki bat egitera, eta gero Euskal Herrian diskoaren aurkezpen kontzertuak egingo ditugu, urteetan lagunak bilakatu diren eszenatoki horietan.
‘Willis Drummond’ taldearekin Frantzian, Espainian, Europako bazter askotan jotzeko aukera izan dugu, eta Euskal Herrian barna ere bai, eta ahal den bezainbat ateratzen jarraitu nahi dugu.


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Noiz erabaki zenuten Willis Drummond sortzea?
Orduan, sortu genuen taldea duela hamar urte baino gehiago, hirukote gisa hasieran, eta gero gauzak aldatu ziren. Beste kide batzuk sartu ziren, eta orain gira lau taldekide eta hemen gure bosgarren diskoa aurkezten dugu aurten. Eta hori, Durangon gaude plazer handiarekin eta promozio pixka bat egiten, jendea ezagutzen, eta gure musika aurkezten.
2.    Izena ikusita, askok ingelesez abesten duzuela pentsatuko dute…
Hori da. Euskaraz kantatzen dugu; gu Euskal Herriko taldea gira, nola izan diren Hegoaldeko batzuk eta Iparraldeko batzuk. Gure hizkuntzan, amesten dugun hizkuntzan kantatzen dugu.
3.    Musikari gisa, zertan bereizten da Iparraldeko eta Hegoaldeko bizimodua?
Orduan beti galdetzen digute zer den desberdintasuna Iparralde eta Hegoalde artean; egia da, taldeko hiru Iparraldeakoak gira eta bat Hegoaldekoa. Orduan, egia erran, ez dut desberdintasun handirik sentitzen. Gauza da hemen areto askoz gehiago direla, aukera gehiago, handiagoa delako Hegoaldea Iparraldea baino. Azkenean, jendearekin komunikatzeko hizkuntza berdina erabiltzen dugu, eta pentsatzen dut gure mundu globalizatuan gauzak nibelatzen direla azkarki. Ez da hainbesteko desberdintasunik. Salbu eskaintza askoz handiagoa dela Hegoaldean, eta berdin jendeak baduela kontzertuetara joateko ohitura oraindik, agian, galtzen ari dena denetan, eta Iparraldean pixka bat gehiago. Baina bai, ongi, ez da hain desberdina.
4.    Zer duzu nahiago festibal handia edo areto txikia?
Beti erraiten da areto txikia delarik jendearekin duzun hurbiltasuna, berotasuna, hori oso-oso goxoa da. Gero, oholtza handi batek eskaintzen dizun bista eta jende gehiagoren hunkitzeko parada oso interesgarri da ere. Eta egia erran, gu izan dadin Belgikako garito batean edo Euskal Herriko jaialdi handi batean, pentsatzen dut beti berdin hartzen dugula. Gure gauza egiten dugu oneski, txintxoki eta ez sobera pentsatuz nor dugun aurrean, egia erran.
 

detalle2

Document library

B1
01-12-2017

x61pRelaContWAR

  • Malutafilms
16170161
00:04:00

x61pViewCountWAR

7121

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR