Autobus edo tren-bidaietan zer egiten dugu?
Autoz garraio publikoa erabilita baino lehenago iritsiko gara joan nahi dugun lekura. Edo ez, baina askotan horixe entzun dugu jendearen ahotan.
Autoz laburragoa edo luzeagoa izanik ere, zer egin dezakegu gidatzen dugun bitartean? Irratia edo musika entzun, ala ondokoarekin hitz egin. Horiek dira auto-gidariaren aukerak. Errepidean kontzentratuta joan behar baitu, zentzumenak horretan jarrita, abiadura errespetatu, eta seinaleei erreparatzeari utzi gabe, gainera.
Alex Mendiburu, Aitana Miner eta Imanol Muro elkarrizketatu ditugu
Autobusez, metroz, tranbiaz edo trenez bidaituz gero, ordea, denbora tarte luzeagoa izango dugu eta nahi duguna egiteko baliatu dezakegu; ez duzu uste? Eta zuk, zertarako erabiliko zenuke? Tarte hori probesteko aukerak amaigabeak dira: egunkaria irakurtzea, gertatzen denaren berri izateko; ezagun, lagun edo senide batekin berriketan joatea; eguneko agenda errepasatzea; liburu bat irakurtzea; inguruko bidaiariei erreparatzea eta euren bizimodua irudikatzea; sare sozialak eguneratzea edo Whatsappez hitz egitea; emailak erantzutea; lo-kuluxka bat egitea; edo leihotik kanpora begira joatea, ezertan pentsatu gabe. Ziur zuri beste hainbat aukera bururatuko zaizkizula eta gu ere kalera atera gara, zuzenean jendeari gai horren inguruan galdetzera.
GARRAIO PUBLIKOA
Hiri handietan luzeagoa da lanerako bidaia: New Yorkeko biztanleek, esaterako, egunean 108 minutu igarotzen dute trenean, autobusean edo metroan, eta Torontokoek, berriz, 96 minutu inguru.
Euskal Herrian distantziak laburragoak dira, eta, hiriak txikiagoak izanik, denbora gutxiago behar dugu lanera iristeko. Horren adibide da Bilbo: bidaiak 35 minutuko iraupena du, gutxi gorabehera, eguneko. Gainera, 15 eta 29 urte arteko gazteen artean, lehen baino gehiago erabiltzen omen da garraio publikoa: 2016ko datuen arabera, % 39,8k, hain zuzen ere. “Normalean autoz edo motoz etortzen naiz unibertsitatera. Garraio publikoa gutxi erabiltzen dut, eta, erabili behar dudanean, trena hautatzen dut. Beste herri batera parrandara joateko aukera onena da”, aitortu digu Alex Mendiburu 19 urteko gazteak. Aitana Minerrek, berriz, egunero hartzen du autobusa: “Hernanitik Donostiara autobusez etortzen naiz goizero”. Azkenik, Imanol Muro Filosofiako ikasle gaztea bizikletaz etorri ohi da kanpusera, baina, “batzuetan, autobusa edo topoa (Euskotrenekoa) ere erabiltzen ditut”.
PROBETXUZKO TARTEA?
Lehen ez bezala, jende gehiena sakelakoa eskuetan duela ikusten dugu gaur egun, bai autobus edo tren-geltokian, bai garraio publikoan doanean. Alex lagunekin joaten da gehienetan, eta, bestela, “telefonoarekin joaten naiz, Whatsappetik norbaiti idazten edo sare sozialetan murgilduta”. Aitanak ere lagunekin hitz egiten du, baina, bakarrik joaten denean, unibertsitateko testuak irakurtzen ditu edo entzungailuak jarrita musika entzuten du.
Imanolek, aldiz, irakurtzeko probesten du beti tarte hori: “Filosofia, antropologia, politika edo errealitate sozialen inguruko entseguak, (saiakerak) batez ere. Literatuta erlaxazio intelektualerako irakurtzen dut”.
Batzuentzat erabilgarria izan daitekeen tartea denbora galtzea da besteentzat. Imanolek eta Aitanak aprobetxatzen dutela uste dute, irakurtzen duten bitartean behintzat: lehenengoak liburuak eta bigarrenak klaseetarako testuak. Alexek, ordea, ez du hori uste: “Telefonoa eskuartean dudala joatea ez da fundamentuzko zerbait egitea, nire ustez”.
Eta zuk, zer egiten duzu garraio publikoa erabiltzen duzunean? Zertan igarotzen duzu denbora? Probetxuzko zerbait egiten duzula iruditzen zaizu?
1. Garraio publikoa erabiltzen duzu?
ALEX MENDIBURU: Gutxi, normalean etortzen naiz kotxez edo motoz. Gutxi erabiltzen dut, baina erabiltzen dudanean, normalean trena. Igual beste herri batera joan behar banaiz (badut) parrandan edo, normalean trenez.
AITANA MINER: Bai, garraio publikoa erabiltzen dut eta gehienetan autobusa erabiltzen dut.
IMANOL MURO: Bueno, normalean nire propioan, bizikleta erabiltzen dut batez ere, eta kanpora joateko normalean, gurasoekin kotxean, bidaia luzeetarako. Baina… Eta gero, bizikleta erabiltzen ez dudanean, normalean, garraio publikoa: bai autobusa, bai hemen topoa (Euskotren).
2. Zer egiten duzu bidaia horietan?
ALEX MENDIBURU: Normalean lagunekin joaten naiz, bakarrik ez naiz joaten. Orduan, normalean hitz egin edo. Eta bakarrik baldin banoa, telefonoarekin normalean: pues, norbaitekin hitz egin Whatsappetik edo sare sozialetan egon edo…
AITANA MINER: Hernanitik Donostiara etortzen naiz goizero autobusean, eta erabiltzen dut normalean edo lagunekin hitz egiteko, mobilarekin (telefono mugikorrarekin) egoten naiz bestela musika entzuten, eta bestela, klaserako testuak irakurtzen ditut bakarrik baldin banijoa (banoa).
IMANOL MURO: Irakurtzen, beti. Beti tartea daukadanean, liburu bat hartu eta irakurri. Filosofia irakurtzen dut batez ere, edo antropologia… Normalean literatura relajatzeko (erlaxatzeko) bezala irakurtzen dut, pixka bat erlaxazio intelektualerako, bestela filosofia eta antropologia… Politika ere eta errealitate sozialen inguruko entseguak (saiakerak).
3. Denbora hori aprobetxatzen duzula uste duzu?
ALEX MENDIBURU: Ez, nik uste dut ezetz. Azkenean trenean zoaz, norabait joan behar duzu… Orduan, probetxuzko gauzak egin beharrean, normalean, mobilarekin (telefono mugikorrarekin) galtzen duzu denbora, egia esan.
AITANA MINER: Bai, nik uste baietz, batez ere testuak irakurtzen ditudanean.
IMANOL MURO: Irakurtzen nagoen bitartean bai. Probetxuzkoa iruditzen zait irakurtzea.
4. Zein modutan egiten zaizu bidaia motzagoa?
ALEX MENDIBURU: Lagunekin, lagunekin. Bai, nik uste lagunekin egiten baldin baduzu, askoz eramangarriagoa, askoz motzagoa egiten dela bidaia.
AITANA MINER: Musika entzuten nijoanean (noanean).
IMANOL MURO: Irakurtzen, irakurtzen denbora azkar pasatzen da edo oso nekatua baldin banago, lo kuluxka bat bota eta horixe.
5. Gogoan duzu oso luzea egin zaizun bidaiarik?
ALEX MENDIBURU: Bai, bai. Behin Parisera joan nintzela trenez, familiarekin, duela ia lau urte edo, hor bai, gogorra egin zitzaidan. Pariseraino, ordu asko ziren, familiarekin, bai hori nahiko neketsua, egia esan. Lo egin eta gauza gutxi.
AITANA MINER: Bai, Bartzelonara joan nintzenean autobusean izan zen luzeena egin zitzaidana, eta pasa nuen denbora irakurtzen, eta gero, musika entzuten, baina ordu asko ziren eta luzea egin zitzaidan hala ere.
IMANOL MURO: Egia esan ez nuke jakingo esaten. Agian, karabana hartuta Suitza joan ginenean, ordu asko izan zirelako, baina ez daukat rekuerdo (oroitzapen) txarrik.