Stephen Hawking, unibertsoa gurpil-aulki batetik

Askoren ustez, XXI. mendeko bururik argiena, orain arte behintzat.

Stephen Hawking fisikari eta kosmologoa 2018ko martxoan hil da. Gaitz larri bat izan arren, unibertsoa bere gurpil-aulkitik ikertzen eman zuen bizia. Unibertsoak nola funtzionatzen duen jakiteko zulo beltzak aztertu zituen, eta Big Bang teoria ere berritzen saiatu zen. Hil baino urte gutxi lehenago proposatu zuen agian unibertso bat ez, baizik asko ditugula. Ateo hil zen.

Stephen Hawking-en gurasoek Londrestik ihes egin zuten alemaniarrengatik, baina itzuli egin ziren Stephen jaio ondoren. 1942ko urtarrilaren 8an jaio zen mutikoa, Oxford hirian, Galileo jaiotako egun berean, baina 300 urte geroago. Txikitan ez zen beste munduko ikaslea, eta Oxford Unibertsitatean sartu zenean, berak esana da 1.000 ordu egin zuela lan karrera osoan. Hots, batez beste, ordubete egunero besterik ez. Aspertu egiten zen unibertsitatean eta nahiago zuen lagunekin egon eta Oxford arraunlari-taldean ibili lemazain.

1962an Cambridgen hasi zen, eta 1963an, 21 urte zituela, Alboko Esklerosi Amiotrofiko (ELA) gaitz neurologiko sendagaitza diagnostikatu zioten. 2 urteko bizi-itxaropena eman zioten medikuek. Albisteak depresio izugarria sortu zion, eta Wagner entzuten ematen zuen ia denbora osoa. Egoera horretan merezi zuen doktoretza-tesia amaitzea? Baina gaitza, galera fisiko erabatekoa ekarriko ziona, motel zihoan hedatzen, eta horrek hauspotu egin zuen. Lanean hasi zen gogor, eta 1965ean ezkondu egin zen, lehen aldiz. Fisikariak bere autobiografian dio azkar hilko zela uste zuela, eta hil-ostean seme-alabek eta emazteak norbait beharko zutela. Horregatik onartu zuen, hasieran bederen, andreak maitale bat izatea, eta etxe berean bizitzea denak. Bizi eta lan egin. Etxean ere lan asko egiten zuen fisikariak.

Lemaitre apaizaren Big Bang teoria ikertzen
Garai horretan unibertsoa ulertzeko bi era zeuden, nolabait esateko. Alde batetik, teoria batek esaten zuen unibertsoa etengabe hedatzen dela, baina ez duela hasiera eta bukaerarik. Einstein teoria horren alde zegoen. Beste teoria, Georges Lemaitre apaiz astrofisikariaren Big Bang delakoa, dioena guztia Big Bang leherketarekin hasi zela. Bi ikuspegiek talka egiten zuten, alde bateko eta besteko ikerleak etsaituta zeuden. Hawking izan zen aurrena bi ikuskerak hurbiltzen. Uste zuen ez bukaera eta ez hasiera duen unibertsoko une-aldi jakin batean ere gerta daitekeela leherketa latz bat, Big Bangean bezala. Eta nondik etorriko zen leherketarako energia hori? Zulo beltz txikiek askatutako berotasunetik. Leherketa ikaragarria hori kalkulatu zuen: milioi bat hidrogeno-bonba lehertzea bezala, bakoitza megatoi batekoa.

1979an Cambridge Unibertsitateko matematika-katedra lortu zuen, eta bertan aritu zen irakasle jubilatu arte. Ingelesez “chair” hitzak katedra eta aulkia esan nahi du. Hawking umoretsuak esaten zuen berak biak zituela. Hori da Hawkingen beste ezaugarri bat: adituentzako hitzaldirik gordinenean ere umorea sartzen zuen. Bazuen beste ezaugarri bat: hipotesiren batean kale egiten bazuen, ez zuen arazorik onartzeko.

Hawking, best seller, Hawking, miretsia…
Hawkingen beste kezka bat zen ikerketak ulergarri egitea jende arruntarentzat. Asmo horrekin, 1988an, “Denboraren Historia Laburra” argitaratu zuen. Asmoak asmo, aljebra asko jakin behar da liburua ulertzeko. Mundu osoko itzultzaileak hasi ziren lana itzultzen, eta hainbat urtetan zehar 10 milioi ale saldu ziren. 1995ean euskara ekarri zuen Gaia argitaletxeak.

Urte horretan bigarren aldiz ezkondu zen. Lehen emazteak liburu batean idatzi zuen matrimonioak lau osagai zituela: bera, senarra, honen gaixotasuna eta fisika. Fisikak leku lar hartzen zuen senarraren burmuinean. Beraz, banandu egin ziren, baina 5 urtera berriro ezkondu zen Hawking, bera zaintzen zuen erizain batekin. 11 urte gazi-gozo egin zituzten elkarrekin. Erizainaren lehen senarra ingeniaria zen, Hawkingen mireslea, eta honek komunikatzeko erabiltzen zuen ahots-sintetizadorea garatzen lagundu zuen.

Badirudi Hawkingek miresle asko zituela. Adibidez, 13 milioi ikusle jarri ziren telebista aurrean bera behin ikusteko “The Big Bang Theory” telesail amerikarrean. Telesail horrek zientzia du oinarri, baina umorezko emankizuna da. Beste telesail arrakastatsu bat “The Simpsons” da, eta hor lau bat aldiz azaldu da fisikaria.

2015ean Hawkingen bizitza zinemara eraman zuten, eta filmean Hawkingen rola egiten zuen aktorearen lana asko gustatu zitzaion zientzialariari berari. Pelikularen estreinaldira bere lehen emaztea azaldu zen, Jane Wilde idazlea. Adiskidetu egin zen senar ohiarekin. Izan ere, minduta zegoen emakumea, neskametzat hartzen zuela senarrak, ez ziola utzi espainiar literaturako klaseak ematen, ez ziola inoiz eskerrik asko esan bera zaintzeagatik... Idazle honek ikerlearen ateismoa ulertzen laguntzen digu. Idazleak, besteak beste, fedeari esker lortu zuen Hawking hainbeste urtez zaintzea. Baina Wilderen fedeak eta Hawkingen ateismoak talka egiten zuten. Hawkingek ez zuen ulertzen Jainko zintzo batek ELA bezalako gaitz bat onartzea. Eta gainera, uste zuen unibertsoa ulertzeko, edo azken urteetan esan zuen bezala, unibertsoen nondik norakoa ulertzeko, ez dagoela Jainkoaren beharrik. Halaxe hil zen, ateo, 2018ko martxoaren 14an, Einstein jaio zen egun beretik 39 urtera.


B2
04-24-2018
16143114
3890