Gino Bartali, "Mussoliniren txirrindularia" juduak salbatzen aritu zen

Historiako txirrindularirik onenetakoa izan zen, bost itzuli handi irabazita, baina bere lorpenik handiena beste bat izan zen.

Bigarren Mundu Gerraren garaian Europa ez zegoen jaietarako. Jai eta ospakizunak ahaztuta zeuden, eta, horiekin batera, kirol-ekitaldi guztiak: Munduko Futbol Txapelketa, Joko Olinpikoak eta garai hartako garrantzitsuenetako bat: Frantziako Tourra.

Urte batzuk lehenago bizikletaz beteta zeuden errepideak tankez bete ziren, eta txirrindulari gehienak soldadu bihurtu. Gino Bartalik, ordea, lasai jarraitzen zuen bere asteroko entrenamenduekin Toskanako bide gorabeheratsuetan, Florentziatik Asiseko monasterioraino. Bera handiegia zen gerrara joateko. Tourraren irabazlea zen, Italiako heroia, eta Mussolinik nonahi erakusten zuen italiar guztien harrotasunerako. Horregatik zen Bartali askorentzat faxismoaren kirolaria, baina, egia esan, lehenengo Tourra irabazi zuenean, 1938an, ez zion garaipena Mussoliniri dedikatu nahi izan, eta gutxi ziren “Il Duce”ri horrelakorik egitera ausartzen zirenak.

Italiarrentzat heroi handi bat zen.

Esan bezala, mundu guztiarentzat Bartalik bere entrenamenduekin jarraitzen zuen, gerrak irauten zuen bitartean sasoia ez galtzeko. Inork ez zekien bere joan-etorrietan ehunka judu salbatzen ari zela.

Sare baten partaide

Sarean parte hartzeko eskaera Florentziako apezpikuak egin zion. Giorgio Nissim antifaxistak zuzendutako sistema bat zen, ahalik eta judu gehien salbatzeko. Izan ere, 1943ko azaroan, Italian bizi ziren judu guztiak atxilotzeko agindu zuten.

Juduei laguntzeko lan horretarako, apezpikuak bazuen konfiantzako faltsifikatzaile bat paperak egiteko, baina norbait behar zuen garraiatzeko… Orduan, Bartalirekin gogoratu zen. Txirrindulariari planteatu eta honek onartu egin zuen. Urtebetez, astero-astero bete zituen Asiseko monasterioraino zeuden 175 kilometroak paperak garraiatzen. Bizikletaren tutuaren barruan ezkutatzen zituen.

Askotan tokatzen zitzaion polizia-kontrolak pasatzea, bai alemanak, bai italiarrak, baina poliziek errespetuz agurtzen zuten: heroi bat zen. Ez zuten gelditzen, ez bazen autograforen bat eskatzeko, eta, Gino handia deskantsatzera edo zerbait jatera gelditzen bazen, bizikleta zaintzen zioten.

Bartali eta bere bizikleta.

Txirrindulariak bere entrenamendua astero egiten jarraitu zuen 1945era arte, gutxi gorabehera, Mussolini erori arte.

Gerra bukatutakoan, errepidera itzuli eta berriro hasi zen era guztietako lasterketak irabazten, besteak beste 1947ko Tourra, hamar urteko aldearekin bere lehenengotik, beste inork lortu ez duen balentria.

Balentriarik handiena

Bartalik 1954an utzi zion lehiatzeari. Gero, taldeak zuzentzen eta irratirako komentarista-lanak egiten jarraitu zuen, baina bere balentriarik handiena hil ondoren aireratu zen, 2003an. Goian aipatu dugun Giorgio Nissimen seme-alabek, aitaren paper zaharren artean, egunkari bat aurkitu zuten; bertan sareak nola funtzionatzen zuen azaltzen zen, eta Bartalik juduen paperekin egindako joan-etorrien berri ematen zuen.

Zergatik egin zuen?

Garai hartan Italia zatituta zegoen-Bartali zaharra eta Coppi gaztea, “Il Campionissimo”. Beharbada gerrak bultzatuta, inoiz kirolean ezagutu den lehiarik handienetakoa bizi izan zuten. Coppi aurrerakoia zen, modernoa, ateoa, isilagoa. Bartali, berriz, berritsuagoa, harroagoa zen, kontserbadorea eta elizkoia. Horregatik aukeratu zuen erregimen zaharrak bere heroi moduan. Gerora ikusi zenez, Coppi ez zen hain ateoa, ezta Bartali hain jainkozalea ere, eta benetako lagun minak zirela erakutsi zuten behin baino gehiagotan, baina, agian, kirolak balio izan zien italiarrei bere zatiketa azalerazteko.

Bi lagun/etsaiak 1952ko Tourrean. Argazki historikoa italiarrentzat: zein ari zaio besteari laguntzen?

Dena zeukan Bartalik: dirua, ospea, Mussoliniren errespetua... Orduan, zergatik jarri zuen bizitza arriskuan? Batetik, proposamena benetan errespetatzen zuen gizon batek  egin ziolako, Florentziako apezpikuak, baina, batez ere, bere kontzientziak horrela jokatzea eskatzen ziolako.

Txirrindulari harro eta ahoberoak jakin zuen bere benetako balentria isilpean apal gordetzen.

Israeleko gobernuak bere izena Justuen Jardinean sartu zuen, eta aurten Giroan omenaldia egingo diote.


B2
01-16-2018
16139916
2678