Amelia Earhart hegazkin-pilotu aitzindaria: nola hil zen?

1928ko uztailaren 18an, Amelia Earhart estatubatuarra izan zen Ozeano Atlantikoa hegazkinez zeharkatu zuen lehen emakumea. Hegazkin-pilotuaren lorpen askoren berri dugu, baina bere gorpurik ez.

Badakigu bera izan zela lehen andrea Atlantikoa (bai lagundurik, bai bakarrik) hegazkinez zeharkatzen, lehen emakumea 14.000 oin gora hegan egiten, hegazkin-linea baten zuzendari orde izan zela, andreentzako hegazkin-lasterketa bat sortu zuela… Eta Electra hegazkinean munduari bira ematen ari zela, desagertu zenean. Eta gauza gehiago ere badakigu. Baina ez denak. Adibidez: espia al zen?

Ozeano Barean desagerturik?

Amelia Earhart 1897ko uztailean jaio eta 1937an hil zen, Fred Noonan pilotuarekin batera Ozeano Barean. Edo hiltzat jo zituzten, Electra hegazkina eta gorpuak ez baitira azaldu. Mundu-bira egiten ari ziren bi amerikarrak. Roossevelt presidenteak 9 itsasontzi eta 66 hegazkin jarri zituen bi pilotuen bila. Kostua: 4 milioi dolar. Alferrik. Hipotesi batek dio larrialdi horretan Japonen menpeko Marshall Uharteetan lur hartu zutela, eta AEBetako espiatzat jo eta hil egin zituztela. Rollin Reinek, US Armyko koronel ohiak, idatzia du Amelia AEBetara itzuli zela, segurtasunagatik izena aldatuta. Zenbaitek antzeko zerbait dio Fred Noonani buruz, beste izen batekin itzuli zela sorterrira.

 

Fred Noonanekin.

Hasierako Electra hegazkinean bi pilotu baino gehiago zihoazen, baina istripu baten ondoren, Ameliak eta Fredek bakarrik joatea erabaki zuten Kaliforniatik aurrera, baita bidaiaren norabidea aldatzea ere, helmugari eutsita. Maiz zuten eguraldi txarra, eta Indonesian disenteriak gaixotu zuen Amelia. Baina emakume gogorra zen. 3 urte lehenago, 1934an, hegan egin zuen Kaliforniatik Hawaiira,eta handik Washingtonera. Bidaia hori egiten baziren aurretik 10 pilotu gizonezko hilak. Bera ez.

Gizon-emakumeen arteko berdintasunaren alde

Amelia 1931n ezkondu zen George Palmer Putnam editorearekin. Ameliaren hegaldiak oso garestiak ziren, baina senar trebea zuen diru-iturriak lortzen. Emaztearen ibilerak ere argitaratu zituen bi liburutan, bat Amelia desagertu eta gutxira. Emaztea bilatzeko dirua ere aurkitu zuen. Neurri handi batean senarrari esker finantzatzen ziren Ameliaren hegaldiak. Eta 1932an, ezkonberritan, senarrak  tentatu zuen emaztea Atlantikoa eskalarik egin gabe zeharkatzera, berak bakarrik zeharkatzera. Ameliak berak ere egin nahi zuen bidaia hura: baita egin ere, hainbat emakume piloturi aurrea hartuta! Andre baten hegaldirik luzeena zen hura, besteak beste. Orduan hasi zen oso ezagun egiten, sariak jasotzen, omenaldiak… Ordura arte, batez ere emakume batzuen artean zen ezaguna. Izan ere, Ameliak hegazkin-zaletasuna eta lanbidea ez zituen beretzat soilik nahi. Horregatik sortu zuen 1929an emakumeentzako hegazkin-lasterketa. Maiz animatzen zituen emakumeak gizonek egindako balentriak egitera. Parean nahi zituen gizon-emakumeak.

Nola hasi zen Amelia hegazkinetara zaletzen?
 

1920an, hegazkin-erakustaldi bat ikustera joan eta ondoren, berak eskatuta, horietako baten barruan eraman zuten, 10 minutu. Hori izan zen hegazkin batean sartu zen lehen aldia, bere lehen hegaldia.
Baina hegan egiteko gogoa Lehen Mundu Gerran hasi zitzaion pizten hegazkin-eremu bat bisitatuta. Boluntario zebilen gerran Amelia, ahizpa batekin. Gerran zauritutako pilotuen erizaina zen, Toronton.

 

 

Baina, berez, benetako lehen hegazkina 10 urte zituela ikusi zuen Ameliak. Hala definitu zuen ikusitakoa: “Kable herdoilduz betetako gauza bat da, zurezkoa; ez da batere interesgarria”. Berak zaletasun hobea zuen: aldizkarietan emakume-argazkiak moztea. Normalean gizonek egindako lanetan arrakasta izandako emakumeak ziren aukeratzen zituenak. Ume-jolasak ere mutilenak zituen orduan: zuhaitzetara igo, saguak tirokatu, elur-leran ibili… Ameliatxo aitona-amonekin bizi zen, oso eroso. Eta ahizparekin eta amarekin. Ama gurasoekin bizitzera itzuli zen eta, senarrak ezin zuelako alkohola utzi. Amelia Kansasen jaio zen: 1897ko uztailaren 24an.

 


B2
07-24-2013
16137269
7338