Paisaian murgilduta bizi gara. Lurrazalaren formek, urak eta haizeak zizelkatutako erliebeek, haietan hazten diren landareek eta bertan bizi diren animaliek osatzen dute gure eguneroko bizitzaren eszenatokia, gure ohiko erreferentzia-sarea. Horrexegatik, balio estetikoz eta sinbolikoz kargatutako errealitatea da paisaia, belaunalditik belaunaldira transmititzen eta maitatzen irakasten dugun errealitatea. Baina, aldi berean, etengabeko aldaketan ere badago paisaia. Memoria ariketa soil bat egitea aski da ohartzeko nola desagertu diren antzina ezagutu genituen bideak eta eraikinak, nola agertu diren azpiegitura berriak -dorre elektrikoak, presak, kanalak, ur-deposituak, araztegiak, pistak-, garai batean soro izandako hainbat leku baso nola bihurtu diren eta, alderantziz, nola irentsi dituen hedapen urbanistikoak aspaldiko baso eta larreak. Argazki edo plano zaharrei begiratuz gero, ezin saihestu bertigo-sentipen bat, aldaketa horien erritmoa azken hamarkadetan etengabe hazi dela ohartuta. Inguruan ikusten dugun paisaia ez baita naturala. Giza espeziearen berezko ezaugarria da ingurumena etengabe moldatzea, bere beharretara egokitzeko: babesa, elikagaiak eta ura segurtatzea lehenik, gizarte-antolamenduaren eta balio kultural jakin batzuen transmisioa beranduago. Tokiko komunitateen eta ingurumen faktoreen etengabeko elkar-eragin horien emaitza da paisaia, kulturalki moldatua eta ondare-balioz kargatua. Paisaiari begi berriz begiratzeko gonbita da, beraz, liburu hau. Urumea bailarako
mendietan azken mende eta erdian izan den aldaketa handia hartuko dugu horretarako aitzakia, informazio-iturri desberdinak uztartuta -ahozko iturriak, artxiboko dokumentuak, plano eta argazki zaharrak, toponimoak, paisaian sakabanatuta gelditu
diren aztarna materialak- aldaketa horien zergatiak eta eskualde honetako gizartean
izan duten eragina aztertzeko. Guretzat oso aberasgarria izan da lan hau egitea;
irakurleari opa diogu neurri berean aberasgarri izan dadila lortutako emaitzak
ezagutzea, eta ondare ezezagun honetan murgiltzea.