Argitalpen honetan gauzatzen den lan programak 2018an egin zen Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan du jatorria. Nortasun anitzeko gizartea arloaren barruan, gure komunitateetako aniztasunaren eta kohesioaren kudeaketaren joera positiboak eta negatiboak aztertu ziren, eta, aldi berean, prospektiba egin zen immigrazioaren, hezkuntzaren eta eleaniztasunaren erronken inguruan, besteak beste.
Bere ondorioetan, Eusko Ikaskuntzak herritartasun eredu berri bat bultzatzea defendatu zuen, errealitate sozial eta kulturalen aniztasuna onartuz eta aniztasunari balioa emanez. Horretarako, erakundeek eta eragileek ahalduntze soziala sustatzen duten tresnak ezartzearen alde egin zen, «indibidualismoa gainditzen duten proiektu kolektibo komunen garapena bideratzeko».
Horren guztiaren berri ematen du txosten honek, proiektu berritzaile bat laburbiltzen duena. Proiektu horretatik, kontrastez betetako lurralde baten erradiografia lortzen da, XXI. mendeko Nafarroarena, hain zuzen. Horrez gain, gatazkaren gako batzuk eskaintzen ditu eta gizarte moderno demokratikoen berezko erronketan sakontzen du. Aniztasuna eta haren kudeaketa aberastu eta ahalmenak ematen dituen balio gisa ikusi behar da, komunitate modernoa, irekia eta plurala eratzeko.
