Liburu honetan, kodetzeko lehenengo sistemetatik hasi eta gaur egun erabiltzen diren kodetzeko sistemetara arteko historia kontatzen da: Egiptotik hasi eta Interneten garaira bitarteko kriptografoen eta kode-hausleen mundu sekretua, hain zuzen ere. Enkriptazioari buruzko historia zehatza, batetik, eta espioitza eta aurrerapauso intelektualez beteriko istorioak, bestetik, konbinatzen ditu egileak liburu liluragarri honetan. Besteak beste, kontatzen da nola Eskoziako Maria Estuardo erregina eraila izan zen enkriptazio ahul batean konfiantza izateagatik; II. Mundu Gerran alemaniarrek erabili zuten Enigma kodetzeko makinaren historia ere aurkituko du irakurleak; eta, nola ez, Interneteko PGP enkriptazio sistema ere aztertzen da...
Liburu hau hainbat hizkuntzatara itzulia izan da; besteak beste, portugesera, txinerara, frantsesera, alemanierara, gaztelaniara, italierara…, eta kasu askotan best seller bat izatera iritsi da. Orain, Elhuyar Fundazioak euskaraz jarri du eskuragarri, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Sailaren laguntzarekin.
Z izpiak zientzia-dibulgazioko bilduma bat da, 16 urtetik gorako irakurle ororentzako liburuz osatua, zientziaren irakurketa argigarria, arina eta atsegina bultzatzeko sortua. Eskuartean duzun hau bildumako laugarrena da.