Saut au contenu
-
-
09/05/2025 | 6
1780. Beitia sarjentua eta bere dragoiak Texasko Azuzena Acostarekin batera doaz. Espainia Berriko lurraldean barneratu den talde bati jarraika ari dira, zeina baitago franko-kanadarrez eta sauk-renard indiarrez osatuta. Hainbat triburen lurraldeak zeharkatu ondoren, iheslarien arrastoa galdu, eta Beitia sarjentuaren taldea Louisianako Sainte Genèvieve herrira iritsi da. Han, Thérèse Beaubien ezagutuko dute, Armand-en ama. Bertan jakinaraziko dietenez, britainiarrak —gerlari kopuru handia hartuta, horratik!—, Mississippin behera datoz, San Luis de Ilinueses herrira buruz, erasotzeko asmoz. Iheslariak gerlari talde handi horren parte direla pentsatuz, Azuzena Acosta eta Beitia sarjentuaren dragoiak San Luisera joango dira eta, han, historikoki San Carlos gotorlekuaren bataila izenez ezagutuko den honetan parte hartuko dute.
-
09/05/2025 | 15
"Asi gaitezen komunismoarekin alkar-izketan" aldarrikatzen zuen Joxe Azurmendik 1964an, 23 urterekin. Biziberriitzeko, ikusi, ikasi eta berritzea omen zegokien euskaldunei, entzun zaleak izatea. Bada, hirurogei urtetik gora beranduago, Azurmendi bera zenbait autore feministarekin (Jule Goikoetxea, Judith Butler...) elkarrizketan jarri du liburu honek. Ustez bi mundu ezberdinetakoak izanagatik, gizakia eta mundua ulertzeko moduetan pentsa zitekeena baino gertuago daudela erakutsi da: giza jainko zeru-semearen kritika, gorpuztasunaren aitortza, natura/kultura bestela josteko saiakera, hizkuntzaren zentraltasuna, loturetan eta loturei eskerrak askatzeko egitasmoa,.. Eta, oinarrian, intuizio partekatu bat: "Gizaberetxoak gara". Horrela, Azurmendiren baieztapena berretsi, gaurkotu eta aberastu da.
-
07/05/2025 | 19
lkarren antzik ez duten zazpi narraziok osatzen dute Bertol Arrietaren hirugarren ipuin liburua, nahiz eta guztietan agertzen diren bizitzarekiko eszeptizismo puntu bat erakusten duten gizabanakoak, heroitasunik batere gabeko egunerokoaren heroi arruntak, diesel jendea: errutinari aurre egiteko grinarik gabe dabilen idazle blokeatua, haurren urtebetetze ospakizunak kondena zaizkion aita etsia, laurogeitaka urteko pintore baten misterioa deskubritu nahi duen kazetari prekarioa, suizidaren maitasuna bilatzen duen mutilzahar desesperatua… Eta hala ere, edo justu horregatik, Bertol Arrietaren liburua ez da batere pesimista, ipuin ia guztiak zeharkatzen dituen umore ukitu -batzuetan malenkoniatsu- batek, bizitzaren ataka gaiztoei irribarre batekin aurre egin nahi horrek, hondo-hondoan ikuspegi bitalista bat ezkutatzen baitu.
-
-
-
-
-
07/05/2025 | 15
Elezaharrez, antzinako borrokez eta naturaren taupada geldiezinez inguratuta hazi da Aturi, aldi berean bizileku eta etsai izan daitekeen oihanean. Txikitatik, bere herriaren, mukaxien, jatorria azaltzen duten istorioak entzun ditu, eta ehizaren, biziraupenaren eta basoko espirituekiko errespetuaren sekretuak ikasi ditu. Baina bere patua gertaera tragiko batzuek markatuko dute: aitaren erailketak, katakanu beldurgarrien aurkako gerrak eta bere erresistentziaren mugara eramango duen erbesteratzeak.
Prosa erakargarria eta erritmo bizia darabiltza Jon Arretxek, irakurlea iniziazio eta erresistentziako kontakizun epiko batean murgilarazteko; tradizioa eta magia elkartzen ditu biziraupenaren aldeko borrokaren gordintasunarekin. Lurraren taupadak ez da abenturazko istorio bat huts-hutsik, lurrarekiko loturari, arbasoen memoriari eta patuaren bilaketari egindako kantua ere bada.
Espainiako sari nazionalean finalista izan zen. -