Legegintzan euskara bere bidea egiten ari da eskuz esku, belaunaldiz belaunaldi, erakundez erakunde. Artikulu honetan azalduko da nolakoa izaten ari den bide hori, nondik gatozen eta nora goazen, aintzat hartuta Euskal Herria euskaraz bizi eta lan egitea nekeza izaten ohi dela batzuetan, eta araugintzan ere euskarak bere tokia hartzea ere ez dela erraza izaten ari. Horregatik, garrantzi berezia du, legegintzan ere, beste eremu askotan bezala, euskaraz bizi eta lan egiteko baldintzak ezartzeak.
Euskal araubidean baldintza berritzaileak ezarri ditu 6/2022 Legeak, ekainaren 30ekoa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedura arautzen duenak. Berritasunak ekarri ditu araugintza prozeduran hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna eta hizkuntza eskubideak bermatzea aldera, eta, horiekin batera, erronka berriak jarri dizkigu langintza honetan ari garen eragile eta erakunde guztiei.
Artikulu honetan berritasun horiei buruz arituko gara. Besteak beste azalduko dira, legegintzan euskararen normalizazioan sakontzeko zein kontzeptu berri eta zein tresna jasotzen diren lege berrian, baina saiatuko gara berritasun horiek kokatzen legegintza elebidunen berezitasunetan. Horretarako hiru ataletan banatuko da azalpena:
a) Lehenbizikoa, gaur egun arteko gogoetabidea izango da: nondik gatoz eta nola heldu garen gaur egun arte.
b) Bigarrenean, araugintza demokratikoan ingurumari elebidunek duten eragina azaltzen saiatuko naiz.
c) Azkenik, hirugarrenean, 6/2022 Legeak ekarri dituen berrikuntzak azalduko ditut hizkuntza trataeraren inguruan. Ausartuko naiz esatera paradigma aldaketa bat ekarri duela gurera.