Xabier Berasaluze "Leturia" Villabonako kale Nagusian, "Katea etxea"n jaio zen, bere aitona Pantaleon Leturiaren etxean, 1954ko urtarrilaren 19an. Musika-ibilbide luze eta oparoa egin du. 1958an, solfeoa ikasten hasi zen. Gero, 1963an, Elgoibarren bizi zela, pianoa jotzen ikasketako 4 kurtso egin zituen. Aurrerago, 1968an, gitarra ikasten , beste 4 kurtso. 1975ean, berriz, Villabonara bizitzera itzultzean, panderoa eta atabala ikasi zituen, eta 1977an, txalaparta ikasi zuen Juan Mari Beltranekin.
1977an, Ipintza trikitilariekin hasi zen, eta beste zenbait trikitilarirekin ere jo zuen hainbat plazatan, zortzi urtetan zehar. 1984an, Joseba Tapiarekin abiatu zuen bere aldirik ezagunenetakoa. 1987tik 2018ra bitartean, 11 CD grabatu zituen Tapiarekin.
Horretaz gain, kolaborazio ugari egin du beste musikari batzuen diskoetan. 2023an, berriro Joseba Tapiarekin, "Tapia eta Leturia" taldea martxan jarri zuten. 2024an, Iñaki Dieguez akordiolariarekin batera ibili da Leturia, "Pepito Yanci" ikuskizuna aurkezten.