Gaur egungo gizarteak eraldaketa sozial sakon eta konplexu batean murgilduta daude. Alde batetik, krisi ekonomikoen eta sozialen kateamenduak, aldaketa demografikoek, migrazio-prozesuek, krisi klimatikoak nahiz eraldaketa teknologikoek eragin nabarmena dute gero eta desorekatuagoa den gizartearen behar sozialetan. Bestetik, eskubideen aitorpenean gizarteak egin duen aurrerabideak agerian jartzen ditu egungo behar eta errealitate sozialak, eta horiei modu eraginkorrean erantzuteko premia.
Testuinguru horrek agerian uzten du Gizarte Zerbitzuen Sistema sendoa eta integrala behar dela, gero eta konplexuagoak diren gizarte-behar eta -desberdintasunei erantzuteko gai izango dena.
Hartara, liburu hau Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak ematen dituen erantzunen analisian zentratzen da; eta, horretarako, haren egitura, ezaugarriak, eskumenak eta eskaintzen dituen zerbitzuak aztertzen dira.
Bost atal nagusitan egituratuta dago liburua. Lehen atalean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren bilakaera, oinarri teorikoak eta ezaugarri nagusiak aztertzen dira. Bigarren atalean, sistemak kontingentzia desberdinen aurrean ematen dituen erantzunak jorratzen dira. Hirugarrenak, berriz, zerbitzuen horniduraren inguruko azterketa eskaintzen du. Laugarren atalean, sistema definitu eta baldintzatzen duten zeharkako gaiak lantzen dira. Azkenik, bosgarren atalean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak aurre egin beharreko erronkei buruzko hausnarketa sakonak aurkezten dira.