"Errealitatea aldatu nahi dugunok etorkizun bat bilatzen dugu, euskaldunok (egun erdaldun elebakarrek bezala) eguneroko bizitzako funtzio guztiak gure hizkuntzan erabateko normaltasunez bete ditzakegun etorkizuna desiratzen dugu. Egungo errealitateak diosku etorkizun horretara iristeko neurriak modu progresiboan hartu beharko ditugula. Adinaren arabera, zenbait langilek euskalduntzerik izango ez dutela onartu beharko dugu. Beste hainbatek euskalduntzeko laguntza bereziak behar izango dituzte. Eta etorkizunean berriz ere erdaldun elebakarrik ez egoteko edota erraz euskalduntzeko baldintzak sortu beharko dira, esaterako hezkuntza sistema eraldatuta, euskarazko hedabideak ugalduta eta hobetuta, etab. Anbizioz baina malgutasunez eta norbanakoekiko justiziaz jokatu beharko dugu, beti ere eskubideen berdintasuna dakarren etorkizun horretara helduko bagara.
Beste eragile batzuek ez dute ontzat eman nahi errealitate soziolinguistiko hau aldatu beharra dagoenik baina. Euren interpretazioaren eta interesen arabera, euskaldunok onartu behar dugu erdaldun elebakarrek beti izango dutela beren hizkuntza inposatzeko eskubidea, eta euskara erabiltzea borondatezkoa eta erdaldunei ezer exijitu gabe izan beharko duela.
Euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikala talka honetan kokatu behar dugu. Epeak negoziatu daitezke. Hartu beharreko neurriak negoziatu daitezke. Hizkuntz eskubideak ez dira negoziatzen. Hizkuntzen eta hizkuntz eskubideen ukazioa ezin da onartu".