Elizabete Manterolak eta Xabier Irujok prestatu dute edizioa, eta hitzaurre bana dugu irakurgai: testuinguru politiko-historikoari buruz bata, eta Ametzagaren itzultzaile lanari buruz bestea.
Testua idatzi zen garaian argitaratu izan balitz bezala plazaratzea izan da apailatzaileen helburua, ahalik eta aldaketa gutxien txertatuz. Gipuzkera osotuan idatzi zuen Ametzagak itzulpena, eta bere horretan uztea hobetsi dute, moldaketa grafiko eta zuzenketa batzuk gorabehera, horien azalpenarekin batera.
Bata bestearen jarraian topatuko ditu irakurleak euskarazkoa eta ingelesezkoa. Liburuaren amaieran, bestalde, hiztegitxo bat gehitu dugu, gaur egungo euskal irakurlearentzat ezezagunak izan daitezkeen adierak azaltze aldera.