Euskal testuinguru kulturalean bi arte-instituzio publikotan aurrera eraman diren arte-ekoizpen feministen inguruko bidaia eta hausnarketak biltzen dira liburuan, Arteleku zentroan eta Montehermoso Kulturunean gertatutakoak. Instituzioen esparruan arte-ekoizpen feministek zer egoera, oztopo edota betebehar gainditu behar izan dituzten ikusi ahal izango dugu. Bestalde, kontuan hartu behar dugu ekoizpenerako baldintza bilakatzen diren betebehar horiek kultura-politikek urteetan azaldu dituzten lehentasunekin guztiz erlazionatuta daudela; esaterako, arte garaikidearen esparruan garatzen diren praktika guztiak baliabide ekonomiko eta politikoak bilakatzera bideratzen dituzte.
Baina zer gertatzen da instituzio horiek espaziorik edota ekoizpenerako aukerarik irekitzen ez dietenean arte-ekoizpen feministei? Zer gertatzen da instituzio horiek ateak ixten dituztenean? Testuinguru horretan, arte-ekoizpen feministek eta teoria eta mugimendu feministek, queer eta transfeminismoekin batera, beren praktikak gauzatzeko baldintzak sorrarazten dituzte arte-instituzio publikoen espazio instituzionalizatutik kanpo.
Arte-ekoizpen feministek baliabide ekonomiko eta politikoa izan beharrari aurre egiten diotenean, beren praktikaren bitartez, ezagutza-prozesua aurrera eramateko bideari ekiten diote, baita subjektibazio-prozesu berriak eskaintzeari ere. Izan ere, kultura-politikek irudikatzen dituzten helburuetatik aldentzen diren heinean, eta teoria eta mugimendu feministekin, queerekin eta transfeminismoekin elkarreraginean gauzatzen diren heinean, subjektuen eta ekoizten dituzten bisualitateen artean mugak lausotu egiten dira. Arte-ekoizpen feministek eskaintzen dituzten bisualitateek eta lan-prozesuek ekintzarako eta ezagutzarako esperientzia berriak ahalbidetzen dituzte.