Bazen behin, erlojugile zahar bat. Erlojugilea, Etxezuri etxeburutik Bakuera bitarteko baso ondoko etxetxo batean bizi zen.
Bere betaurreko borobilak, ia-ia sudur puntaraino jaitsita eta petodun galtzak zerrauts fin-fineko geruzatxo bat izaten zutelarik, ibiltzen zen beti.
Bizilekua, lanleku ere bazuen aguretxo lasai eta bihozbera hau, hormetan kokatzen diren ordulariak eginaz bizi zen.
Ikusmena eta eskuak ere, zaharkituak zituen arren, ordulari politak oso egiten zituen. Trebezia handiz maneiatuz gubia ttiki bat, zurari forma ikaragarri ederrak ematen zizkion horrela.
Askorik ez zuen saltzen baina, ofizio-urte asko zituen gizon iaioak.
Bakarrik bizi zen baina basoko abere zein hegaztiak adiskide onak zituenez, beti zuen etxetxo hartan txoritxoren bat solaskide.