Aietetik Baionarako kontakizuna egin du Enekoitz Esnaola kazetariak Aleka bildumaren Luhuso, ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburu berrirako, mugarriz mugarri. Euskal gatazkan bakegintzarako mugarri izan baitzen Aiete: jarduera armatua utzi zuen ETAk. Luhuso ere izan zen gogoangarri: haren armagabetzearen lehen ekinaldia izan zen. Eta hurrengo mugarria, Baiona: guztiz desarmatu zela iragarri zuen ETAk, 2017ko apirilaren 8an; Aieteko bake konferentziatik bost urte eta erdira. Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera ikusita, eta saioak saio, ETAk azkenerako gizarte zibilari eman zion armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa, eta, lan kolektibo eta iraunkor bat eginez –batik bat, Ipar Euskal Herrian–, Frantziarekin hitzartu zen. «Armagabetzearen euskal eredua», deitu diote.