1966ko euskal pizkundearen barnean sortu zen Oskarbi taldea. Garai berean sortu ziren Ez Dok Amairu eta beste zenbait kultur mugimendu. Harrigarria da urte beretsuetan izandako loraldia, are harrigarriago Oskarbi taldeak 50 urte kantuan irautea.
Oskarbi taldeak jende aurrean emandako 580 kantaldi ageri dira liburuan, hauetatik 411 hasierako hamar urteetan (1966-1976).
Grabatutako diskoak: 11. Milaka entsegu eta ehundaka afari kantatuak osatzen dute Oskarbiren altxorra.
Liburu honetan kronologikoki kontatzen ditu Joxelu Trekuk Oskarbiren ibilbilde luzeko emaitzak: aurrekariak, taldearen sorrera, Eibarko txapelketa, lau urtetako Ez Dok amairuti partaidetza, Baga biga higa Sentikaria, zentsurarekiko arazoak, Madrilgo Ateneoan emandako kantaldia, 24 Ordu Euskaraz, hamaika diskoren sinopsia, grabazioetako kontakizunak, kantaldiak, egitarauak, ehundaka kantutako errepertorioa, afari kantatuak, hogeinaka taldekideren gorabeherak, Quebec, Argentina eta Uruguaiko bidaiak, 2016ko 50. urteurrenaren ospakizunak ...
Hasierako urteetan Jorge Oteiza, Luis Romero eta Bitoriano Gandiagaren eragina azaltzen da kontakizunean.
Oskarbiren kantugintzak bi zutabe nagusi izan ditu musika arloan. Bata, herri kantak jaso, konposatu, egokitu eta zabaltzea eta bigarren zutabea, sorkuntza propioa. Bi arlo hauek askotan nahita nahastu dituzte entseguko laborategian. Hirugarren zutabe bat ere aitortu behar zaio Oskarbi taldeari: euskara. Hasieratik musika noten lagun bakarra euskara izan da.
Haría eten gabe izan da Oskarbi taldea mende erdian; eskuan haria hartu, hartu eskuan hari. Aurrera egin kantu berriak sortzen eta arbasoen abesti altxorraren hariari helduta.