Txirrita zenari hauzi bat asmatzea bururatu zitzaigun. Ifar Euskal Herriko antzerki zaharrean (batez ere kale antzerkian) egiten zen gisan. Karroxa, asto-laster edo tobera-munstra deitzen ziren adierazpenetan, gaia edo aitzakia horrelakoa izan oi zen gehienetan: pertsona berezi baten bizitzako pasadizoak kontatzea, era xelebre batean, jakina.
Era horretako errepresentazioek fartsa giroa hartzen zuten sarri.
Dena zen xelebrea: gaia, aktoreen imintzioa, gertakizunen karakterizazioa. Horrek ez du esan nahi, hala ere, zenbait aldiz hura guztia hauzitara eramana zen pertsonarentzat mingarria izan ez zitekenik. Euskal herriteatro zaharrean badago halako moral kutsu hestu bat; ez beti, jakina, baina bai sarri. Eta zergatik guk gaur horrelako istillu bat Txirritari buruz asmatu? Atsegin zaigulako, jakina. Txirrita bera pertsonaje bezela atsegin zaigulako (ez baizen aingeru bat, noski). Eta atsegin zaigulako, nunbait, bizitzari fartsa aldetik bere trazak hartzea ere.
Ez gera gauza haundi eta garrantzitsu bat egitera joan. Ez dugu horretarako indar eta gaitasunik. Txirritari buruz historio batzuk kontatzera gatoz, eta, ahal balitz, zuei ikusleei farre pixka bat egineraztera. Horrela, bidenabar, guk ere ongi pasako dugu.
Guk asmatutako Txirrita hori atsegin badezue, ontzat hartu; bestela berriz... gaizki esanak eta aldrebes esanak barkatu...
Farsa hastera doa... GABON, TXIRRITA!