Nire aitatxo Fortunato 1885ean etorria zen mundu honetara, baina ez dut inoiz jakin non jaioa zen, uste dut Nafarroa ingurukoa zela, Iguzkitza herri txikikoa hain zuzen, baina oso umetan Donostiara etorria bere gurasoekin. Aitatxok oso ondo hitz egiten zuen euskaraz, “hika” ere bai, bere anaia zen Paulinorekin. Nire aitatxoren aitak nire aitonak José zuen izena eta karlista amorratua zen. Kondekorazio eta medaila ugari zituen etxean ondo gordeta; halaz ere, gustukoa zuen lagun eta ezagunei hauek aldiro harro erakustea. Paparrean jartzeko domina horiek guda zelaietan irabazitakoak omen ziren, borroketan liberalen kontra. José Donostiara etorri zen lan bila Alodia bere emazte gaztearekin. Gogoan daukat Alodiak, nire amonak, uste dut Errioxako alaba zela, nola deitzen zion euskaraz ez zekienari, “vascuen” esaten zion. Zimurra zen emakumea, gogorra, argala, serioa, eskuekin, bi behatzekin hobeto esanda, eta haizea botaz, ikatz zatia gori-gori zegoenean beste leku batean ipintzearren hartzeko gaitasuna zuen horietakoa. Josék Benta Berriko Xaboi fabrikan aurkitu zuen lana... uste dut “Jabones Lagarto” zela, edo “Lizarriturri y Rezola”... ez nago seguru, ez. José eta Alodiak Benta Berrin etxe bat aurkitu eta han bizitzen jarri ziren. Agian, dagoeneko nire aitatxo jaioa zen. Ondoren beste bi seme-alaba izan zituzten, nire osaba-izeba zirenak beraz, Paulino eta Ascensión Urbana. Fortunato, Maria Luixa neska gaztearekin ezkondu zen, Igeldoko alaba zena hain zuzen. Bere aita Praxku, nire beste aitona, Igeldoko semea baita ere, liberal amorratua zen. Hau da hau euskaldunen patua, bi aitona izan behar eta biak etsai amorratuak, bata karlista eta bestea liberala. Biak 1850. urtean jaioak gutxi gorabehera eta hirugarren eta azken Karlistadan ibilitakoak, mutil gazteak zirenean.