Musikene eta Eresbil elkarlanean aritu dira berriz ere proiektu aitzindari bat abian jartzeko, Euskal Herriko egungo musikaren zabalkundean bi erakundeek egiten duten apustuan sakonduz. Euskal musikaren ondarea nazioartean ezagutzera emateko helburu nagusiarekin "Kaierak. Basque Composers of the 21st Century" bilduma abiarazi dute.
Hiru hizkuntzatan —euskara, gaztelania eta ingelesa— egindako koaderno bilduma da, nazioartean ospetsu diren euskal konpositoreak elkarrizketa baten eta bere obraren inguruko analisi-artikulu baten bitartez modu zorrotz, garbi eta laburrean gerturatzea helburu duena. Elkarrizketak garapen profesionala eta egilearen ibilbidearen kontestuak izango ditu ardatz, sortzailearen figura irakurleari gerturatzen lagunduko duten bestelako alderdiez gain, eta artikuluak berriz protagonistaren hizkuntza, idazkera eta obra izango ditu ardatz. Horretaz gain, liburu bakoitzak konpositorearen obren katalogo bat eta haren bizitza laburbiltzen duen kronologia bat jasotzen du, diskografia eta bibliografiaz gain.
Teresa Catalánen liburuaren kasuan, Jesús Echeverría konpositore eta orkestra zuzendaria da "Música y mitología, un camino sonoro y místico de simbiosis" artikuluaren egilea. Mari Jose Cano kazetaritzan doktorea eta pianista da liburuaren beste egilea, "El compromiso es el motor de la música" izeneko elkarrizketarekin. Bai Echeverría, bai Cano Musikeneko irakasleak dira.