Tokiko bi hizkuntzetan alfabetatze elebidunari muzin egin gabe, euskarazko alfabetatze goiztiarra abiapuntu duen D ereduko ikastetxe batean idatzizkoaren hastapenetan hizkuntza idatzia nola irakatsi den aztertzen da lan honetan, ahaztu gabe tokiko bi hizkuntzen –euskara eta gaztelania— arteko harreman soziolinguistikoa asimetrikoa dela, irakastorduen %70tik gora hizkuntza gutxituan (euskaraz) egiten dela eta ikastetxeko ikasleen heren batentzat euskara bigarren hizkuntza dela. Helburua izan da, idatzizkoaren hasierako irakaskuntzan irakasleen jarduna sustengatzen duen ingeniaritza didaktikoa azaleratzea, ezagutzea eta ulertzea.
Horretarako, HH4, HH5 eta LH1eko ikasgela banatan, hainbat saio aztertu dira.
Bideoz grabatutako gelako saioen kanpo behaketa ez-partehartzaile egituratuaren bidez, aukera izan dugu idatzizkoaren hastapenetan hizkuntza idatzia irakasteko dispositibo didaktikoen (Toulou & Schneuwly, 2009) inbentarioa osatzeko, baita idatzizkoa bezalako irakas-objektu zabal eta konplexuaren osotasunera iristeko, aipatu dispositiboak elkarrekin nola saretzen diren ezagutzeko ere.
Guztira idatzizkoari loturiko 46 dispositibo didaktiko eta 5 saretze identifikatu dira, agerian uzten dutenak dispositibo didaktikoen izaera modularra eta horien arteko elkar-eraginaren eraginkortasuna ikasleak idatzizkoaren osotasunera iristeko. Bide batez, autokonfrontazio- elkarrizketetan euren lanari buruz irakasleek esandakoaren edukien analisi kualitatiboaren bidez, dispositibo didaktikoen gelaratzea gidatzen duten 10 printzipio didaktiko-pedagogiko inferitzeko aukera izan dugu. Aipatu printzipio didaktiko-pedagogikoek oin hartzen dute ezagutzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi eraikitzailean eta haurraren ongizatea zaintzera bideratuak daude.
