
Ele-meleka : Bigarren Hezkuntzako nerabeen hizkuntza-sozializazioan laguntzeko proiektua
Nerabeen euskararen erabilerarekin hainbat eragile eta erakunde arduratuta daude Euskal Herri osoan zehar. Behin eta berriz, han eta hemen, entzun ohi dugun esaldi arruntenetako bat da euskararen ezagutza nabarmen gora doan arren, ez duela gora egiten neurri berean erabilerak, nahiz eta ahulgune horretan eragiteko proiektuak eta ekimenak aurrera eramaten diren batean eta bestean. Lasarte-Orian ere hainbat urte daramatzagu horretan eta herriko eragileak elkarlanean aritzeko esperientzia ere badugu. Horren ondorioetako bat da orain aurkezten duguna: Ele-meleka, Bigarren Hezkuntzako nerabeen hizkuntza-sozializazioan laguntzeko proiektua. Ele-meleka Lasarte-Oriako ezaugarrietara egokitutako proiektua da, baina hizkuntza-sozializazioranzko norabidea eta oinarriak edozein udalerri eta eskualdeetarako baliagarriak direla uste dugu. Are gehiago, iruditzen zaigu hemen proposatzen dena eredu, adibide behintzat, izan daitekeela nerabeen hizkuntza-ohituretan eragiteari dagokionez. Horregatik erabaki da argitalpen hau egitea, interesa eduki dezaketenentzat baliagarria izango delakoan.