Fiche de Nouveaux Livres - Liburutegia
Kakaoaren ibilia: Pasaia mundu-ekonomian Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren bitartez
Pasaiaren eta itsas-kulturaren arteko lotura goratzeko urtea izango dugu 2018koa.
Ezin egokiago dator beraz Pasaia eta Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra uztartzen eta aztertzen duen lan hau.
Mediterraneoan eta Ipar Atlantikoan itsaskatu eta arrantzatu ondoren, euskal marinelak Ameriketako bidaian trebatu ziren. Itsasketa berri horretan erreferentziazko portua izan genuen Pasaia: globalizazioaren hastapen haietan, gure portuan izan zuen Konpainiak egoitza, eta gure portuan eraiki zituen ontziolak, eta gure portura zetorren kakaoa.
Historia handiaren osagarri den bertako historia hori ez da soilik erakunde ekonomiko batena, jende xumeena ere bada, aipatua izan ez den pasaitar askorena. Jende anonimo askok egin du historia Pasaian. Baita Caracasen ere. Eta baita XVIII. mendean ere.
Haiek denak oroitu nahi izan ditugu La Guairaren eta Pasaiaren arteko joan-etorri honetan, 2018ko ospakizunetara ekarriz.



