Fiche de Nouveaux Livres - Liburutegia
Lurralde estrategia euskararentzat: lurgune euskaldunena sendotu, euskararen indarberritzea hauspotzeko
Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantzia askotan izan da hizpide Mikel Zalbidek kontzeptua bera euskarara ekarri zuenetik. Lehenago, UEMA sortu zutenek ere lurgune euskaldunak euskarak bizirik irauteko duen garrantziaz ohartuta ekin zioten mankomunitatearen ibilbideari. Harrezkero urte askoan egindako lanaren ondotik, gaur egun adostasun handia dago arnasguneek indarberritze prozesuan duten garrantziaren inguruan, bai euskalgintza sozialean, bai akademian eta bai euskararen alde ari diren erakunde publikoetan. Horren erakusle da 2024an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk adostutako Euskararen arnasguneak: definizioaren eta erronken berrikuspena dokumentua. Lerro hauetan aurkezten dugun proposamenak dokumentu horren espiritua du abiaburu, eta bertan aipatzen diren erronkei erantzuten hastea du helburu.




