irudia
Auteor: Amelia Barquín López, Karmele Pérez Lizarralde

Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko esperientzia berria udalerri euskaldunetan

Artikulu honek UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) hainbat herri euskaldunetako hezkuntza-komunitateetan gauzatzen ari den proiektu bat azaldu eta aztertu du. Proiektu horrek euskara eta kulturartekotasuna sustatzea eta uztartzea du helburu, eta Hego Euskal Herriko hogeita hamabi udalerritan martxan jarrita dago, lerro hauek idazteko unera arte. Azken urteotan, herri euskaldunetako ikastetxeetara Espainiako Estatuaz kanpotik etorritako familien kopurua hazi egin da, eta horrek euskaraz bizitzen jarraitzeko eta aldi berean familia horiekiko komunikazioa eta harremana bermatzeko erronka areagotu du. Kezka eskola-eremutik abiatu bazen ere, gaur egun herriko hitzarmen gisa lantzen ari da, hots, gero eta zabalagoa da proiektuaren esku-hartze eremua. Testuan azaldu ditugu egitasmoaren oinarriak eta printzipio teorikoak, alderdi metodologikoak eta erronkei aurre egiteko sortutako estrategiak, bai eta hainbat praktikaren adibideak eta prozesuaren harira azpimarragarriak diren alderdiak ere.