Odolaren matxinadak : gorputza, politika eta afektuak
“Odolaren matxinadak” liburuak egun bizi ditugun hainbat aldaketa sozial eta kulturaletan murgiltzen gaitu, hilekoaren politika eta kultura alternatiboei buruzko etnografia bat abiapuntu harturik. Hilekoaren normatibitatea osatzen duten esanahi biomediko eta kultural nagusiak identifikatzeaz harago, azken hamarkadetan, borroka feministen ondorioz, horri erantzuten dioten praktika politiko, afektibo eta estetikoak zein genero konfigurazioak aztertzen ditu. Liburuak ibilbide etnografiko bat aurkezten digu, ikerketaren protagonisten gorputz-ibilbideen bitartez. Ibilbide horiek, beren testuinguru ezberdinetatik eta askotariko estrategia feministen bidez, osasun-praktika, -epistemologia eta gorputz-irudikapen alternatiboak bilatzen dituzten gorputz-politiketan murgiltzen gaituzte, bai eta hilekoarekin lotutako teknologia feministetan ere. Kontsumo-gizarteak subjektibotasunen eraketan duen eragina aztergai hartzen da, baina baita askotariko estrategia feminista subertsiboak ere, hala nola nazkaren performatibitatea, bai eta gizarte-eraldaketarako jakintzen ekoizpenean prozesu kolektiboek edota plazerak duten garrantzia ere.
Miren Guillók politika eta kultura menstrual alternatiboei buruzko liburu hau aurkezten du, gorputz-etnografiatik abiatuta eta gorputzaren antropologia, afektuen teoriak, medikuntzaren antropologia, teoria feministak eta hilekoaren azterketa kritikoak zimendutzat hartuta. Horren bitartez arakatzen ditu generoari, osasunari, kontsumoari eta politikari loturiko zenbait gizarte-aldaketa orokorragoak, ikuspuntu kritiko batetik.