irudia
Auteor: Patri Urkizu

Eskribu galduen bila : autobiografia eta kultur kritikak

Eskribu galduen bila bai, beste autobiografia ahalegin bat, beste errelato bat, orain esaten ohi den eran, eta, noski, Pro domo, maisuak artikulu bat titulatu zuen eran. Baina, norentzat bildu, jaso eta gordetako irudi zahar eta berriek, fotografia eta koadroek, liburu portadek, kontraportadek eta barneko testuek sorrarazten dizkidaten oroitzapen, iradokizun eta iruzkin hauek behar ditut idatzi, galdetzen diot nire buruari. 
Nori arraio interesatuko zaizkio. Eta pentsatzen hasi eta, lehenik neronentzat izan daitezkeela interesgarri begitantzen zait. 
Oroitzapen lanbrotsuok zertxobait irudien kriseiluaz argituz orain arteko ibilbidea hobeto konprenitzeko saio gisara balioko didatela gogoetatzen dut, eta baita ere lagunduko didala aspaldi honetan literatur historiaren ikerketa ohikoetatik askatzeko, neurri batean bederen. Edota izan daitezkeela nire familia eta adiskideentzat, irakurtzeko gogorik eta astirik badute, bereziki nire anaia-arreba Marikrutx eta Joxebarentzat, (tamalez, bi anaia maitegarriok jada joan zaizkit lur honetatik baina ez bihotzetik) nire seme Urtzirentzat, nire biloba Malenentzat handitzen denerako, eta nire garaia bizi izan duen edonorentzat, beste lekuko bat gehiagoren moduan zerbait beren oroimenen ganbara eta ibilbide propioa argitu diezaielakoan, agian. Trapu zikinak nork bere etxe barruan, etxeko harraskan garbitu behar dituela esaldia oso zabaldua den arren, esperantza dut inor gehiegi mindu gabe, baina zenbait mito bere neurri apalera eramanez eta desmitifikatuz, eta gertakizunak neronek bizitu izan ditudan eran, argi eta garbi, aratz eta garratz behar bada adierazterakoan argi pittin bat urte gogor, zail eta odoltsu gertatu direnez emango dutela, eta historiaren letra handietarik kanpo, azpi ohar edota ertz ohar gisara kontsideratu daitezkeen hauek balioko dutela osatzen joateko, ororena behar duen historia, eta ez soilik garaileena.