Fiche de Nouveaux Livres - Liburutegia
Legearen hizkuntza : euskararentzako ikuspegi berriak
Euskararen inguruan maiz entzuten dira jarraikoak: elebitasun ofiziala, itzulpengintza, terminologia juridiko eta administratiboa... Beharbada, inguruko hizkuntza normalizatuetan baino ugariagoak dira gure artean horiexek. Hizkuntza-ofizialtasunaren eraginez, zuzenbidea eta linguistika elkar gurutzatu eta josi egiten dira, eremu bakarrekoak baino, eremu bikoak diren arloetatik hainbatetan. Egia esan, bi-bitako bidea egin dute bi diziplina horiek azken urteetan, biotan baita begien bistakoa gizartean ari diren errealitate batzuk euren barruan hartzeko asmoa. Juristak, batez ere herri elebidunetan, kezkati datoz, hizkuntzen artekoak zuzenbidearen mailan sortzen dituen gai korapilatsu eta konpongaitzez. Oraintsu arte herrien arteko zuzenbidearen aztergai zirenak egun estatu barruko autu-mautuak ere badira, testuen interpretazio juridikoak, esanahiak eta ondorioak zehaztu nahian.
Linguistek, aldiz, gertuago dute osterantzeko galdera, linguistika klasikotik harago eramaten dituena eta hizkuntzalaritzaren barrutira, besteak beste, diziplinen arteko izaera erakarri duena, dela soziolinguistikan, dela bestelako jakintzetan.



