irudia
Auteor: [testuen egileak = autores de los textos, Joxerra Bustillo Kastrexana, Eugenio Etxebeste Arizkuren, Xabier Peñalver Iribarren]; [argazkiak = fotografías Xabier Peñalver Iribarren]

Euskal Herriko horma biziak

Horma, mural bihurtuta, jada ez da objektu bizigabea, inboluntarioa, haren gerizpean gertatzen zenaren arrazoirik eta errurik gabea. Irudi eta koloreen bidez eraldatu eta gertakarien kronikalari edo aldarrikari bihurtu da, historian protagonismoa hartuz. Gure kasuan, Euskal Herriko historia garaikidearena. Eta zehazkiago, jasandako zapalkuntza eta errepresioaren aurrean herriak agertutako erresistentzia eta borrokatik eratorritako gertakariena. Muralaren filosofiak paretak anonimoak eta mutuak izateari utzi eta asalduraren eta askatasun oihuen subjektu bilakatzea lortu du. Zenbaitetan, abusuak eta bidegabekeriak salatzeko diana akusatzaileak dira. Beste batzuetan, erregimen menderatzaileek urratzen dituzten eskubideak aldarrikatzeko leiho irekiak. Esan liteke auzo, herri zein hiri-aldirietako erakusleihoak direla eta bertako beira-arasetan geure burua behatu eta gure nahi eta errealitateen zatiak islatuta ikus ditzakegula. Euskal Memoriak, euskal herriaren memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin bat, era anonimoan, bakarka zein taldean, muralaren adierazpen grafikoa borroka kultural, sozial eta politikoan “kausadun errebeldiarako” tresna gisa sustatu duten horiek omendu nahi izan ditu liburu honen bitartez. Irakurleak bere eskuetan duen lana horma-irudiari eskainitako lau hamarkada baino gehiagoren emaitza da. Euskal Herriko horma biziak lanaren egileak 4.000 horma-irudi baino gehiagoren argazkiak atera ditu garai horretan. Liburuki honetan adierazgarrienak jasotzen dira, guztiak ezin izango baitziren argitaratu. Beraz, ez da ikerketa akademiko bat, inurri lana baizik. Egilearentzat, une historiko bakoitzeko herri-sentimenduaren adierazpen zuzenak dira muralak. Aurrekaririk gabeko bilketa-lana egin du, eta, emaitza ikusita, ahaleginak merezi izan du.