• Auteor: Karlos Santisteban
  • Type: Outers
  • Mots-clés: ipuin, habe aldizkaria, eguzki, izar, zeru, herensuge, karlos, oskarbi, ortzi, artizar, gurdi, santisteban, errainu, esnebide, izarloka, orga handia, ostargi

Giltzapeko zorion iheskorra


HABE aldizkariaren 51. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Gaur gogotsu iratzarri naute goizaldeko lehen eguzki-errainu hozkirriek. Beha, laguna, beha ezazu nire leiho honetan zehar eta han urruti puntutxo dirdaitsu bat antzemango duzu zeure begiak ongi irekiz. Zeure begimiran duzu, ezta? Orain izar goiztiar horrek nola agurtzen nauen begizta dezakezu, bai, laguna, bai. Artizar da, goizero etortzen zait nire esnatzean laguntzera eta ñir-ñir egiten dit irritsu, aurpegi zabal; poztu egiten nau, benetako adiskide dut, adiskide mina.

Lehengoan berarekin joan nendin gonbidatu ninduen. Begiak itxi nituen eta handik laster Artizarren urrezko soingaineko distirakorrean nengoen alai, haren izar lagunen txirula miresgarrien soinuaren arabera dantzaka eta jauzika, lehertu beharrez jauzika. Eup! Ai, jai jai! Lalalatraralala! Eup!

Hain zuzen ere, jaiak ziren Esnebidean eta ikuskizun miragarria zegoen han. Jaiei hasiera emateko artifiziozko suak zeuden. Gonbidatu berezia nintzenez, neuri eskaini zidaten jaiei hasiera ematearen ohorea. Izarloka bati su eman nion buztantxoan eta, zzzsssshhh!, espazioan zehar abiatu zen arin baino arinago eta egundoko trumoi baten eztula aditu zenean jaiak hasi ziren. Lehenik artifiziozko suak, astroei izugarri laket zaizkielako.

Hasi ahal izateko iluntasuna behar zenez, eklipse bidez amatatu zen zegoen argia, planeta, satelite eta eguzki guztiek eklipse egin zioten elkarri eta iluntasun sakon hondogabean kolore askotako izarlokek, meteoritoek, tximistek, eguzkiek, izar keinulariek eta gainerako astroek paregabeko emanaldia eskaini zuten, inoiz Lurrean ikusi gabeko kolore eta forma asko ikusi nituelarik, eklipseekin batera gau artifizial hura bukatu zen arte. Ondoren, denetik zegoen jaietako egitarauan, denetik inoiz bukatzen ez ziren jai haietan, azkengabeko unibertsoan orduak ezer gutxi baitira.

Gehien gustatu zitzaidana mila milioi kilometrotako lasterketa izan zen. Hasieran korrikalari guztiak pare-pare zebiltzan, baina laster izarlokak bakoitza bere aldetik aldendu ziren norakorik gabe, izar arinak pixkanaka-pixkanaka ahitu egin ziren. Herensugeari ahoko sua itzali zitzaion eta Orga Handia aurrea hartzen hasi zen eta lehena heldu ere bai, Orga Txikia, gure Eguzkia eta gainerako astro guztiak oso atzean utziz.

Pozarren nengoen hantxe, gehiago ikusteko irrikaz, baina Artizarrek itzuli beharra nuela adierazi zidan, edo bestela zahartu egingo nintzela. Egia zen, niri han egona unetxo bat iruditu arren, egun osoa iragana zen, unibertsoa presarik gabe dabil.



• • •



Gaur triste esnatu naiz, laguna, triste, eguna bezain goibel. Hodeiek betetzen dute ortzi goia eta haietan zehar sentitzen badut ere, ezin dut neure Artizar ikusi. Eguzki errainuek ere beldurrez bidaltzen dute beren argia, beren beroa, beren alaitasuna. Goiz-euria ari du atertu gabe eta giroa guztiz heze dago, bustita, blai. Itxita daukat neure leiho hau, itxita, laguna. Eta oso txiki dakusat. Haren kristalaz bestaldean burdina-hagak daude orain eta ezin dezaket neure esparru honetatik alde egin; giltzapetuta, lotuta nago. Begiak ixten saiatzen naiz, alferrik, momentuzko iluntasun horrek gorputza ikaratzen baitit osotoro eta beldurra hezur-muinetaraino sartzen zait inolako gupidarik gabe.

Latza da hau, latza, laguna, ia jasanezina. Ordu luzeak iragan behar ditut gelatxo ziztrin honetan eta minutu bakoitza egun osoa iruditzen zait, segundo bakoitza ordubete, eta egunean dauden segundoak zenbatzen hasten naizenean zoratu egiten naiz.

Gaur amestu ere ezin dut egin, laguna, dar-dar dut gorputza, ilun dago oro, egun argiaz gaua jabetu da, etsimenduan eroriko naiz; hala ere, badakit goiz-zirrinta argitsu gehiago etorriko dela, eta arrastiri oskarbiak, eta Artizarrek, Ostargi Gorriak eta Ilargiak laguntza emango didate; bestela galdurik nago, laguna, galdurik kartzela honetan ...

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AHITU.- Nekatu, unatu, akitu.
AMATATU.-Itzali, emendatu.
ARRASTIRI.- Ilunabarra.
ARTIZAR.- Venus.
BEGIZTATU.- Divisar, observar.
BEHA.-Begira.
BURDlNA-HAGAK.- Barrotes.
DAKUSAT.- Ikusten dut.
DIRDAITSU.- Distiratsua. Brillante.
EGITARAU.- Programa.
EGUZKI-ERRAINU HOZKIRRIEK.- Los frescos rayos del sol.
EMANALDI.- Actuación.
ESNEBIDEA.- La Vía Láctea.
ETSIMENDU .- Desesperazioa.
GOIBEL.- Ilun, triste.
GOIZ-ZIRRINTA.- Egunsentia.
GUPIDARIK GABE.- Errukirik gabe.
HERENSUGE.- Dragón.
HEZE.- Húmedo/a.
IRATZARRI.- Esnatu.
IZARLOKA.- Estrella errante.
JAUZIKA.- Saltoka.
LAKET IZAN.- Atsegin izan, gustatu.
ORGA HANDIA.- Gurdi Handia. Osa Mayor.
ORGA TXIKIA.- Osa Menor.
ORTZI GOIA.- Zeru gaina.
OSOTORO.- Erabat.
OSTARGI GORRIA.- Aurora Boreal.
POZARREN.- Pozik.
ZIZTRIN.- Txiki, eskas.
 

C1
29-08-1984
  • Santisteban , Karlos
16169122
3253