• Auteor: Kultur Atelier

Onddo-nahaskia

Askotan esaten da euskaldunak onddo-zaleak garela. Egia esan, plater askoren osagai nagusia izaten da onddoa. Guk, onddo-nahaskia nola prestatu erakutsiko dizuegu.

Osagaiak, lau lagunentzat:
- Onddoak (600 g)
- Zortzi arrautza
- Perrexila
- Gurina (10 g)
- Oliba-olioa
- Gatza


Transcription:[+] Transcription:[-]

Kaixo denoi! Gaurko errezeten atalean onddoa izango dugu protagonista.

Askotariko nahaskiak edo tortillak presta daitezke: bakailaoarekin, urdaiazpikoarekin, baratxuriekin edo etxean eskura dugun gustuko beste produkturen batekin. Guk, gaur, onddo-nahaski bat egingo dugu, zapore-kontraste ezin hobea duena!

Gure betiko estiloarekin jarraituz, erraza, merkea eta osasuntsua. Has gaitezen!

Lanean hasi aurretik gaurko osagaiak aurkeztuko ditugu: Onddoak, arrautzak, perrexila, gurina, oliba-olioa eta gatza.

Lehenengo eta behin, onddoak garbitu eta zati txikitan moztuko ditugu. Jarraian, zartagina berotzen jarriko dugu oliba-olioaren zurrustada batekin, eta onddoak salteatuko ditugu.

Jarraian, arrautzak ontzi batean jarri, gatza bota eta irabiatu egingo ditugu. Ondoren, sutan ditugun onddoen gainera botako ditugu. Etengabe nahastea garrantzitsua da.

Edozein nahaski egiten ari garenean, gurin pixka batek gozatu egiten du. Hori horrela, guk ere gurin apur bat gehituko dugu. Nahaskia krematsu dagoenean ateratzeko prest egongo da.

Onddo-nahaskia prest dago, orain platera zerbitzatzeko prestatuko dugu. Horretarako, onddo-nahaskia plateraren erdian ipiniko dugu. Gainetik, perrexila botako diogu.

Hauxe gure gaurko errezeta, merkea, osasuntsua eta erraza!  Orain zuen txanda da! On egin!

A2
26-10-2021
28846646
00:03:05
522