Osagai berria eguzkitik babesteko

Batek baino gehiagok pentsa dezake uda dela eguzkitik babesteko kremez hitz egiteko garairik egokiena. Baina krema horiek ez dira udan bakarrik erabiltzen, eta, batez ere, gai horretan ikertzen dutenek urte osoan egiten dute lana. Noizean behin, lan horrek fruitua ematen du, eta, adibidez, duela gutxi, ikerketa interesgarri baten berri eman du Britainia Handiko Bath unibertsitateak. 

Osagai babesleak
Bai Britainia Handian bai Euskal Herrian, minbizi-kasu gehientsuenak larruazalekoak dira. Eta eguzki-erradiazioa da larruazal-minbiziaren eragile nagusia. Hori aintzat hartuta, ez da harritzekoa ikertzaileek eguzkitik babesteko kremak hobetzeko saioak egitea.
Eguzki-izpi ultramoreetatik babesteko pantailak edo iragazkiak izaten dituzte krema babesleak.
Ohiko kremek eguzkiak igortzen dituen izpi ultramoreetatik babesteko osagaiak izaten dituzte. UVA eta UVB erradiazioaren aurkakoak dira, eta bi motatakoak izan daitezke, fisikoak edo kimikoak. Lehenengoek erradiazioa islatzen dute, eta besteek eraldatu egiten dute, ez kaltegarri bihurtzeko.
Horiez gain, krema babesleek larruazalerako mesedegarriak diren osagaiak izaten dituzte, hala nola, E bitamina. Bitamina hori antioxidatzailea da, eta, erradiazioaren ondorioz zeluletan sortzen diren erradikal askeak harrapatzen ditu. Hala, erradikal askeek kalte egitea eragozten du.
Osagai hidratatzaileak ere izaten dituzte. Azido hialuronikoak, glizerinak eta beste eragile batzuek atmosferaren ura jaso eta zeluletara sartzen dute, eta beste hainbat oliok, berriz, hezetasuna galtzea galarazten dute. Azkenik, krema gehienek kontserbatzaileak eta lurrinak ere izaten dituzte
Gakoa, burdina kentzea
Oraingoan, Bath Unibertsitateko ikertzaileek pauso bat haratago joan nahi izan dute. Eguzki-izpien eraginez larruazaleko zelulek burdina askea jariatzen dutela jakinik, burdina hori kentzeko substantzia egokia lortu nahian aritu dira. Azken emaitzen arabera, bide onetik doaz
Eguzki-izpien eraginez, larruazaleko zelulek burdina askea jariatzen dute.
Burdina askeak erreduraren sintomak —hantura eta mina— larriagotzen ditu, eta, gainera, arriskutsua da, erradikal askeak sortzen laguntzen duelako. Erradikal askeek, berriz, aldaketak eragiten dituzte zelulen DNAn, eta horien ondorioz minbizia agertzeko arriskua dago.
Arrisku hori gutxitzeko, eta bide batez erreduraren sintomak arintzeko, burdina askea desagerrarazteko molekula baten bila hasi ziren ikertzaileak. Molekula horrek burdina askea lortzeko gai izan behar zuen, eta, hartara, burdinak ezingo luke parte hartu erreakzioetan.
Bestalde, oso kontuan izan zuten kaltegarria dela burdinara lotzen diren molekulak larruazalean luzaroan edukitzea, zelulen barruko burdina ere hartzen baitute. Baina zelulek ezinbestekoa dute mineral hori beren funtzioak betetzeko; adibidez, globulu gorriek burdina behar dute oxigenoa garraiatzeko.
Erradikal askeek aldaketak eragiten dituzte zelulen DNAn.
Hortaz, ikertzaileek topatu beharreko molekulak gai izan behar zuen burdina askea neutralizatzeko, eta, aldi berean, ez zituen zelularen funtzioak oztopatu behar. Hiru urtez ikertu ondoren, merkaturatzeko egokiak izan daitezkeen bi prototipo garatu dituzte.
Prototipoetan, burdinara lotzen diren molekulak harrapatuta daude egitura baten barruan. Izpi ultramoreen dosia handia denean bakarrik askatzen dira. Horri esker, ez dago zelulei kalte egiteko arriskurik. Halaber, prototipoak eguzkitik babesteko krema arruntak baino eraginkorragoak dira, eta babesak denbora gehiago irauten du.
Oraingoz, hiru dimentsioko larruazal-zelulen kulturetan probatu dituzte prototipoak, eta bi edo hiru urte barru pertsonetan probatzen hasteko prest egotea espero dute. Proba guztiak gaindituz gero, luze baino lehen izango dira merkatuan. Dena dela, eta kremak krema, zein merkea, eraginkorra eta gozoa den itzala!
7K-n argitaratua




C2
13-10-2006
16511363
3650