Joseba Jauregi: Garuna

Joseba Jauregi Euskal Herriko Unibertsitateko (EHUko) irakaslea da Donostiako Psikologia Fakultatean. Neurozientziak irakasten ditu, hau da, garunaren funtzionamendua, beste hainbat gairen artean. EHUk argitaratutako ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) liburuak direla-eta, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eman zuen hitzaldia hartu nahi genuke hizpide. Gai honetaz jardun zuen bertan: "Garuna, arimaren organoa".

Izenburu benetan esanguratsua, arima eta garuna biak elkartuta. Ez al dira, ba, guztiz ezberdinak?
Ezagutzaren tradizioan garunak eta arimak bi bide desberdin jorratu dituzte. Garuna materia da, fisika, kimika, zelulaz osatua dago, mila milioi neurona gutxienez badira, konexio askorekin; pisua dauka, dentsitatea, forma... Beraz, naturaren zientzien ikuspegitik aztertu izan da garuna. Arima, berriz, ez da fisikoa.

Ezin da neurtu.
Ezin da, arima kontzeptu metafisiko bat da. Orduan, gogoeta filosofiko eta teologikoak garatu du arimari buruzko kontzeptualizazioa historian zehar. Gertatu dena da azkeneko mende honetan neurozientziak egin duen aurrerapenarekin -alegia, garunaren ezagutzan egin dugun aurrerabidearekin- posible zaigula, gaur egun, arimaren mundu hori organoaren funtzionamendutik ulertzen saiatzea. Batak besterako bidea eman digu.

Aipatutako hitzaldi horretan esan zenuen: "Kontzientzia kontrol-gelan aginteak maneiatzen dituen intxixuaren modukoa litzateke". Ba al daukazu hori zehazterik?
Bueno, hasteko, kontzientzia hitza da zientziak, gaur egun, arima izendatzeko erabiltzen duena; badira beste hitz batzuk ere -psikea, gogoa...- baina, consensus, kontzientzia hitza erabiltzen da. Intxixuaren irudi hori ideia intuitibo bat da. Guk gehienok sistema sentsorialen bitartez jabetzen gara gure inguruaz: ikusi egiten ditugu gauzak, entzun, eta gainera, oroitu ere egiten ditugu. Irudi horietaz baliatuz, gure erantzunak prestatzen ditugu; esan nahi dut ikusten badugu semaforoa gorria dagoela, gure garunak, gure begiek...

Badakigu nola erreakzionatu, ezta?
Informazio guztia prozesatzen da garunean eta, gainera, gure garunak oinak ere martxan jarriko ditu, kalea gurutzatzeko edo geratzeko. Baina, azken batean, zeinek erabakitzen du? Zeren eta semaforoa gorria dagoenean, bi gauza egin ditzakegu: pasatu edo geratu. Orduan, intuitiboki iruditzen zaigu hor gure barruan badagoela norbait, zerbait, informazio horretaz baliatuz, erantzunak bideratzen dituena.

Intxixu kontuak alde batera lagata, zein mailatan sortzen da kontzientzia eskala ebolutiboan?
Eztabaida klasikoa da: animaliek badute arimarik?, kontzientziarik? Gogora dezagun inoiz planteatu dela emakumeek ere ba ote zuten; edo, baita ere, debate handiak egon zirela ea Amerikako indigenek ba ote zuten arimarik. Horren inguruan, beti egon izan dira gogoeta teologiko-filosofikoak. Alabaina, gaur egungo ikuspegitik, uste dugu animaliek, bere garapenean, kontzientzia-maila desberdinak garatu dituztela, azken batean, bere biziraupenerako behar izan dituztenak. Oraindik orain egunkarietan agertu da orangutanak guk uste baino azkarragoak direla, kontzeptu abstraktuak erabiltzeko gaitasuna dutela. Gaur egun, ez dago dudarik tximu antropoideek _txinpantze, gorila eta orangutanek_ badutela, nolabait, bere buruaren irudi bat; beste animaliek ere, seguru asko, badute bere mailan. Galdera ez da, beraz, nork duen arima edo kontzientzia eta nork ez, baizik eta zenbaterainoko kontzientzia-maila lor dezakeen animalia bakoitzak. Hor zaila da muga trinkoak jartzea. Berdin gertatzen da gure garapen ontologikoarekin ere, alegia, norberaren garapenarekin: jaioberriaren kontzientzia oso urria da, gero garatzen da; eta, paradoxikoki,  zahartzerakoan, galtzen doa, batzuetan erabat galtzeraino.

Aurrera begira jarrita, ikerketan oso lagungarriak izango bide diren bi hitzen inguruan galdetu nahi dizugu: zibernetika, batetik, eta garunari edo eremu neurologikoari aplikatutako irudi-teknikak, bestetik.
Gaur egun gauza baldin bagara kontzientzia bezalako fenomeno konplexuak aztertzeko, garapen teknologikoari esker da, neurri handi batean. Neuroirudien teknikari esker, gure egoera mentalari dagozkion aldaketa zerebralak ikus ditzakegu, ez diogu inori burua ireki behar. Zenbait teknikari esker -erresonantzia magnetikoa, proba funtzionalak...- jakin dezakegu nola dagoen pertsona baten garuna egoera mental bakoitzean: pozik edo triste dagoenean, gezurra dionean...
Zibernetikari dagokionez —informazioaren zientzia da zibernetika—, gure garunak informazioa tratatzeko sistema baten funtzionamendua du. Guk input batzuk ditugu, sarrera batzuk, gauza batzuetaz jabetzen gara eta erantzun batzuk antolatzen ditugu.

Ordenagailuaren modura funtzionatzen du, nonbait, gure garunak.
Hori da: zerebroaren funtzionamenduaren metafora nabarmenena ordenagailuarena da, eta ez metafora bakarrik. Informatikaren barruan bada Adimen Artifiziala deitzen den alor bat helburutzat duena gure funtzionamendu mentala errepikatuko lukeen makina bat egitea, eta zenbait arlotan -xakean, adibidez- gizakia gainditu dute dagoeneko. Dena dela, ez dira nahastu behar, oso diferenteak dira makinak eta gure garuna; alabaina, garunaz hitz egiteko zibernetikak kontzeptuak, metaforak, hitzak eta abar eskaini dizkigu, horretan oso lotuak daude.

Nola lotuko zenituzke hiru izen hauek: Koperniko, Darwin eta Freud?
Hiru zientzialari handi izateaz aparte, badute elkarrekin beste zerbait: hirurak iraultza ekarri dute gizakiaren kokagunean: alegia, zein den gizakiaren tokia unibertsoan. Gure mundu hau ez dela unibertsoaren zentroa esan zigun Kopernikok, XVI. mendean, jira-biraka dabilen beste planeta bat gehiago dela. Horrek ekarri zuen, noski, gure estatusa ahultzea, jadanik ez baikinen unibertsoaren zentroa. XIX. mendean Darwin-ek beste "makilakada" bat eman zion gizakiaren irudi horri, esanez gu ez garela izaki berezi bat baizik eta, besteek bezalaxe, eboluzionatu duen bizi-forma bat. Eta, azkenik, Freudek esaten digu, gainera, gure jokaera, gure pentsamenduak, gure emozioak ez daudela gure kontzientziaren kontrolean, baizik eta, guk kontrolatzen ez dugun inkontziente batek kudeatzen dituela.
Badakigu ideia horiek -eta ondorioak, batik bat- onartzea, kosta egin zela. Horrek guztiak ekarri du gizakiaren irudi guztiahaldun hori ahultzea, eta umilago ibili behar izatea.

Bukatzeko, noizko argituko da arimaren kontu hori?
Ez da erraza galdera horri erantzutea, baina bada ausartzen denik. Antonio Damasio neurozientzialari ospetsuaren ustez, 40 urte barru galdera horri erantzuteko moduan egongo da neurozientzia. Egia esan, ez dago hori esaterik, zeren arimaren edo kontzientziaren gakoa misterio bat da, ez da arazo bat, eta bi kontzeptu horiek ondo bereizi beharra dago. Arazoa da zerbait ez dakigunean baina badakigunean zer egin behar den jakiteko: adibidez, itsaso sakon abisaletan bizi diren espezie guztiak ez ditugu ezagutzen, baina badakigu zer egin beharko genukeen: hara bera jaitsi eta begiratu zer dagoen. Misterioak, aldiz, ez dakizkigun gauzak dira, eta erantzuna ere ez dakigu nola edo nondik etor litekeen. Orduan, neurozientziaren ikuspegitik, uste dugu garunaren funtzionamendua aztertzen aurrera egingo dugula, baina ezin dugu aurreikusi noraino iritsiko garen. Arimak misterio bat izaten jarraituko du.


____
Artikulu honi buruzko ariketa-sekuentzia egiteko, bilatzailean 365546 idatzi.




Relacionador de contenido est temporairement indisponible.
B2
05-12-2007
Relacionador de contenido est temporairement indisponible.
16505903
2406