Kerman mintzalagun bila. Kermanen eskularruak

Kerman azazkalak margotuta agertu da, baina zergatik ote?
Egiturak:
- -garri eta -kor atzizkien erabilera.
- *Atzorako, *etzirako, *betirako / atzoko, etziko, betiko.


Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: Lastima eguraldia, Xalbat. Guztia prest geneukan piknika egiteko, baina...Denetik ekarri dugu, bazkaria, oihala, edalontziak... Baina plastikozkoak, kristalezkoak oso hauskorrak dira eta... Gainera, txoko ederrak dituzue Baiona inguruan piknika egiteko. Baina, euria hasi da eta...
XALBAT: Bai, lastima, zinez. Baina ondo bazkalduko dugu, ez? Onddoak ekarri ditut! Nihaurrek bildurik! KERMAN: Onddoak? Espero dut hilkorrak ez izatea, kar, kar...
XALBAT: Kerman, mesedez... Egarri naiz. Ba al duzu zerbait edateko?  
KERMAN: Noski! Zabalduko didazu niri ere freskagarri bat? Eskularru hauekin ez naiz moldatzen eta, kar, kar...
XALBAT: Ken itzazu ba!  Zergatik dituzu eskutan? Ez duzu horiekin bazkalduko!
KERMAN: Bai, bai, lasai... Moldatuko naiz... Eskularru hauek oso erosoak dira.
XALBAT: Eta bazkaltzeko bitartean eskularruak jantzita edukiko dituzu? Ero al zara? Ken itzazu segituan!
KERMAN: Eskularruak kendu??? Ez, ez... Ezin ditut kendu. Gaur ez behintzat. Gaurko eguna erabakiorra izango da.
XALBAT: Zergatik ba? Ez dut deus ulertzen... Laberako eskularruak dituzu eta hemen ez dugu laberik!
KERMAN: Xalbat, hobe da eskularruak jantzita egotea! Baditut nire arrazoiak!
XALBAT: Kendu horiek!!!! Ene!!!!!
KERMAN: Esan dizut ba nire arrazoiak nituela...

AZALPENA:.
Ez nahasi -kor eta -garri atzizkiak. Ekintzaren agentea edo eragilea adierazteko, oro har,  -garri erabiliko  dugu.  Beraz, okerrak dira «onddo hilkorrak erosi ditut» eta «gaur, egun erabakiorra da» erako esaldiak. Horien lekuan, «onddo hilgarriak erosi ditut»,   eta «gaur, egun erabakigarria da» esango dugu.

XALBAT: Kerman! Zer egiten duzu azazkalak horrela pintatuta? Ken ezazu margo hori ba!
KERMAN: Oso itsusia da, ezta? Banengoen ba ni...Aurten modan dago azazkalak kolore ilunetan margotzea...
XALBAT: Ez ilunak ez eta argiak! Ken ezazu margo hori, gizon!
KERMAN: Ez, ez... Hori ezin dut egin... Kafea ere ekarri dut. Atzorako prestatu nuen baina ez nuen edan. Ona egongo da oraindik ere.
XALBAT: Ez gaiez aldatu. Erraidazu zergatik ezin dituzun azazkala horiek garbitu?
KERMAN: Ba, garbitzen baditut, ez naiz lotsatuko. Eta lotsatzen ez banaiz, eskularruak kentzeko tentazioa edukiko dut. Baina, lasai, margo hau berehala kentzen da. Ez da betirako.
XALBAT: Eta zergatik atxikitzen  dituzu eskularru horiek?
KERMAN: Azazkalak margotuta ditudala ez ikusteko! Baina etzirako arazoa konponduta!
XALBAT: Zein arazo eta zer ondorio? Ez dut oraindik ulertu zergatik dituzun azazkala horiek tindaturik.
KERMAN: Ba eskularruak kentzeko tentaziorik ez izateko! Lehen ere esan dizut!!!
XALBAT: Ezin liteke, ezin liteke!!!!

AZALPENA:.
«Atzorako», «etzirako», «betirako» eta halako formak baino egokiago jotzen dira -ko hutsa dutenak. Beraz, «atzoko», «etziko» eta «betiko» esango dugu.

KERMAN: Hartu kafetxo bat, XALBAT!
XALBAT: Ez dut kaferik nahi! Mila esker!
KERMAN: Zergatik? Atzoko egin nuelako? Ez nuen uste horren fina zinenik...Agian ez dago horren goxoa, baina ez zaitu hilko! Ez da kafe hilgarria!
XALBAT: Ez da hori kontua. Nazkatua nauzu zure tontakeriekin!
KERMAN: Eskularruen kontuagatik haserretu zara? Lasai gizona, esan dizut ba, ni gustura nago. Oso erosoak dira.
XALBAT: Bai, ikusten da. Eta oso ongi moldatzen zara!
KERMAN: Tira, eroso-erosoak ere ez dira... Baina eskularruak ez dira betiko!
XALBAT: Hala espero dut! Egun batez beharko dituzu garbitu eta martxa horretan osoki zikinduko dituzu...
KERMAN: Hitzematen dizut, Xalbat. Bi egun barru, kenduko ditut. Etziko, akabo arazoa! Baina gaurko eguna erabakigarria da. Xalbat, zabaldu mesedez azeituna potoa!
XALBAT: Ez dut zabalduko. Eskularruak atera, azazkalak garbitu eta zabalduko duzu zuk.
KERMAN: Ondo da... Baina azazkalak ezin ditut orain garbitu...
XALBAT: Egin tuarekin!
KERMAN: Ezinezkoa! Azazkalak ez jateko margo berezia da. Eta oso zapore txarra dauka! Esango nuke hilgarria dela, kar, kar!!!
XALBAT: Hori zen kontua ba? Azazkalak ez jatea?
KERMAN: Bai, zer izango zen bestela? Nahikoa luzatzea lortu dut jada. Etziko listo! Esan dizut lehen ere!!!
XALBAT: Ezin liteke, ezin liteke...

AZALPENA:.
Azazkalak margotuta agertu zaigu gaurko saioan gure lagun xelebrea. Lehen zatian, «onddo hilkorrak erosi ditut», eta  «gaur egun erabakiorra da»  erako esaldiak ez direla zuzenak ikusi dugu.
Horien lekuan «onddo hilgarriak erosi ditut»,  «gaur egun erabakigarria da» eta tankerakoak erabiliko ditugu.

Bestalde, «atzorako», «etzirako», «betirako» eta halako moldeak baztertu egin ditugu. Horien lekuan, hobe da «atzoko», «etziko» «betiko» eta tankerakoak erabiltzea.

Hauxe gaurko saioa lagunok, zuek badakizue: honekin edo harekin, baina egin!

A2
30-05-2011
16497046
5347