uda, itxura, dieta

Uda datorrela eta egiten diren dietei buruz hitz egiten dute dietista batekin. Dietak eta jateko ohiturak asko aldatzen diren azaltzen du. Ez dute gehiegi aipatzen dieta zehatzik


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]
Audio-pasarteak
Iraupena: 8' 32''

 

 

Esataria         Osasunaz hitz egiten segitu behar dugu, oraingo honetan dietetikaz. Arantxa Lorenzo, Gabon eta ongi etorri.

Arantxa         Gabon.

Esataria        Gaia ez da berria, hori aitortu behar dugu hasiera-hasieratik. Egia esateko, topiko ere bihurtzen ari da. Baina uda, dieta-kontuak, dena lotuta etortzen dira, Arantxa, eta zuentzat ere, pentsatzen dut kontsultan hasiko zaretela pixkanaka horrelakoak ikusten.

Arantxa         Bai, egia esan, jada, udaberriari begira jartzen garenean, ba, martxoa-apirila inguru horretan, ba, ikusten da jendea gehiago etortzen dela, ez? Azaroa eta abendua, ba, bueno, hilabete lasai samarrak diren bezala, ba ia udaberriari begira ikusten da, ez dakit, inguruneko presioa eta jendea pixka bat, ba... hori ba, itxura fisikoa mantendu nahi horrek pixka bat bultzatuta, ba, kontsultara jende gehiago gerturatzen dela eta jendearen kezka areagotu egiten dela.

Esataria        Izan ere, mitxelinak bistan eramaten ditugu, kolorea ere, aizu, udari gehiago dagokion kolorea alaixeago bat. Egia da presioa ere handiagoa dela. Hemendik aurrera ezinezkoa izango da kaletik joatea bainujantzi iragarkirik ikusi gabe, telebista piztean neska eta mutilik ederrak ikusi gabe. Presioa da kasu honetan beti aipatzen dena. Ez dakit hori topikoa den ala benetan arrazoi bezala ikusi behar dugun.

Arantxa         Nik uste dut arrazoi bezala ikusi daitekeela, ez da topikoa bakarrik. Nik uste dut garbi dagoela, ez? Udaberriaren inguruan hasten gara arropa kentzen eta zuk esan duzuna, ba, jendea hasten da ikusten, ba, mitxelinak handik, ez dakit zer sobratzen zait hemendik. Eta gero zuk esan duzuna, gainera, ba, bai telebistak, bai iragarkiak aurkezten dituzten gorputzak beti dira, ba, bueno, ba, argalak, bueno, beti neurri batzuen barruan. Ba, bikini iragarkiak ikusten hasten gara eta guzti horrek eragina du guregan, ez? Eta eragin horrek bultzatzen gaitu, ba, horrelakoak eta pixka bat, ba, gorputz taila bat aurkitu nahi dugu... aurkitu nahi izatea edo horretara iritsi nahi izatea, ez? Orduan, nik uste dut topikoa baino gehiago, ba, arrazoi bat badela, ez? Izugarrizko presioa dagoela eta horrek eragina badu guregan, egunero gorputz batzuk ikusteak, ba, egunero bainujantzi batzuk ikusteak, ba, eragiten gaituela, e? Hori nahi gabe, uste dut, guztioi gertatzen zaigula, gainera, ez? Orduan, nik uste dut arrazoia badela.

Esataria        Testuinguru horretan kokatzen dira elikadurarekin lotutako desorekak. Hain zuzen ere, horri buruz hitz egin nahi dugu gaur. Estetikaz hitz egiteko izango dira gu baino jende prestuagoa, dudarik gabe. Elikadurari begiratu nahi diogu, uda garai, sasoi, honekin batera ere, hain zuzen ere, aipatzen ari garen arrazoi horiengatik. Dudarik gabe, egongo dira horiek baino gehiago, baina horiek hor daudela hasten gara... Hasieran nik esan dut, basakeria hitza aipatu dut. Agian, pasa egin naiz, baina sumatzen dut nik, behintzat, inguruan zaintze behar horrekin, itxura fisikoari eutsi behar izate horrekin. Bueno, ba, zerbait utzi behar bada, elikadurari ez zaiola horren zehatz begiratzen. Ez dut esango ez dela begiratzen, baina, Arantxa, e... zuek izan duzuen esperientziaren aldetik, dietista zaren neurrian, nabaritzen da hori edo ikasten ari gara pixka bat edo ez gara, jadanik, horren burugogorrak.

Arantxa         Bueno, nik uste dut badagoela denetik, e? baina aipatu duzun basakeri hitza batzutan, kasu batzutan ez zait gehiegizko ere iruditzen, ze egia da jende asko basakeriak egiten dituela. Badago jendea, ba, jada, maiatza-ekainean etortzen zaizuna eta uztailerako 10 kilo argaldu nahi dituena eta hori basakeria da. Beste aldetik ere aipatu duzun bezala, uste dut, badagoela jendea gehiago pentsatzen hasi dena eta, bueno, zorionez, nik kontsultan pixka bat eta gazteen artean sumatzen dut, ez? Ikusten dudana da gazteak geroz eta gehiago kezkatzen direla, baina ez bakarrik itxura fisikoaz, baizik pixka bat osasunaz ere. Orduan, ba, argaltzera datorren pertsona ez dator bakarrik, ba hori, itxura fisikoagatik eta ez dator bakarrik, ba, benga, korrika eta presaka argaltzera. Badira horrelakoak, baina bada jende asko ere, jada, bueno etortzen dena ere beste ideia batekin. Etortzen da, ba, gehiago elikatzen ikasi nahi duelako, edo elikadura egoki batzuk eskuratzea helburu duelako, ez? Ez bakarrik korrika eta presaka argaldu. Esan bezala, denetik dago, badaude basakeriak egiten dituena, baina nik uste dut kontzientzia bat ere esnatzen ari dela, ba, pixka bat elikadura eta osasuna daukaten lotura hori, ba, bueno, errespetatu egin behar dela eta, bueno, elikadura egoki baten, ba, oinarriak bilatzen dituzten pertsonak ere badirela.

Esataria        Azken batean, osasunaz hitz egiten ari gara, hasieratik esan dugu. Ez da, ez da moda kontua, ez da estetika kontua bakarrik. Osasunari ere eragiten diolako desoreka honek. Nola eragiten dio gorputzari? Zer gerta dakiguke, esate baterako, orain buru-kaskoan sartu zaigulako bi hilabetean 10 kilo gutxiagorekin ibili nahi dugula esan eta erregimen batean hasten bagara?

Arantxa         Ba, erregimena nolakoa den ikusi behar da. Erregimen mota asko daude eta badira erregimen pilo bat oreka, nolabait, elikadurak behar duen oreka hori, errespetatzen ez dutenak eta bitamina eta mineral beharrak... ze askotan mineral horiek asetzen ez dituztenak. Orduan, horren ondorioa izan litezke, ba, larriak. Izan litezke anemia bat, izan liteke kaltzio falta bat eta hezurrak askoz ere ahulagoak izatea, izan liteke, segun ze bitamina falta den, ba, nerbio-sistemari ere afektatzea eta nerbio-sistema hori afektatzearen ondorioz, ba, depresioak, edo pixka bat desoreka batzuk hor sortzea. Orduan da pixka bat... adina, sexua, pisua eta aktibitate fisikoaren arabera, edo egiten dugun ariketa fisikoaren arabera. Guzti horren arabera, energia beharrak ezberdinak dira. Beraz, pertsona bakoitzaren energia beharren oso-oso desberdinak dira. Orduan, horregatik, dietak pertsonalizatua izan behar du. Gero, kontutan izan behar da ere pertsona hori ze garaian dagoen, ba, 14-15 urteko pertsona bat den edo 40 urteko bat den. Ba, bueno, beharrak oso ezberdinak dira, bai gatz mineralenak, bai bitaminenak. Orduan, guzti hori kontutan izan behar da dieta bat egiteko garaian. Horregatik, beti esaten duguna, dieta baten baldintza ezinbestekoa eta oso garrantzizkoa da pertsonalizatua izatea, pertsonaren ezaugarriak kontuan izatea, bai ezaugarri fisikoak, bai ohiturak, elikadura ohiturak, ahal den neurrian, saiatzen gara elikadura ohiturak errespetatzen. Baina badira ohitura batzuk, ba, nahikoa desegokiak direnak, agian, aldatu behar liratekeenak, baina, ahal den neurrian, hori kontutan izan behar dugu, ohiturak eta pertsona bakoitzaren ezaugarriak.

Esataria        Eta saltoka ibiltzea? Hau da, bi kilo galduko ditut hile honetan eta datorrenean lasaiago ibiliko naiz, hurrengo hilean beste hainbeste... Hori ere

Arantxa         Bai, hori ere desegokia da, batez ere, saltoka ibiltze horretan askotan, ba, bat-batean argaltzen dituzu 2 kilo, eta askotan galtzen duzuna izaten da likidoa. Hau da, guk beti esaten dugu: argaltzea da pisuz jaistea, hori bai, baina pisu hori izan behar du gantza, guk erreserban dugun gantza, hori jaistea. Eta askotan argaltzen da jendea, baina likidoa galduz. Hau da... eta, orduan, ba, klaro, likidoa galtzean, pisua ere jaitsi egiten dute, baina hori ez da egokia, egokiena da gantza erretzea.

Esataria        Aste-bukaera honetan bertan, Arantxa, irakurri dut albiste bat benetan bitxia, zenbat egunkaritan agertu da albistea, gainera: langabetuek lanean dihardutenek baino hobeto jaten dutela. Ez hobeto denbora gehiago eskaintzen diotelako jateari, oro har, oreka hori hobeto mantentzen dutelako. Bueno, ba, gehiago jaten dutelako oinarrizko elikagaietatik. Oso bitxia egin zait.

Arantxa         Bai, posible da, batez ere, lan askotan. Eta bueno, gaur egun lan gehienetan nik uste dut horrelako... presaka dabiltza beti, korrika... ez dugu denbora hartzen, nik uste dut mahaian eseri eta gustura jateko, edo jende asko dago, ba, gosaltzeko denborarik ez duena, ba, lanera korrika joan behar duelako edo, agian, bazkaltzen ez duena eta sandwich bat jaten duena. Orduan, nik uste dut, agian, lanaren arrazoia pixka bat hortik doala, lanak, nolabait, sortzen digu estres bat eta presaka ibiltze bat eta pixka bat jateko, ondo jateko denborarik ere ez hartzea, ez? Orduan, bueno, langabetuak, nik uste dut, ba, bueno, bai jana prestatzeko eta gero, ba, lasai bazkaltzeko edo afaltzeko ere, ba, denbora gehiago duela, behitzat, ez? Uste dut gehienbat denbora kontua dela. Saiatu beharko genukeena da lanean gabiltzanok ere, ba, bueno, denbora tartetxo hori hartzea eta, bueno, elikadurari bere garrantzi hori ere eskaintzea, ez? Egunero egiten dugulako eta osasunarekin zerikusia daukalako, noski.

Esataria        Zerikusi handia. Hortik abiatu gara. Osasunaz hitz egin behar genuela esaten abiatu gara eta, izan ere, hala da. Uda gainera datorkigu, kezka handia eragiten digu. Hasi gara esanez, agian, topikoa dela. Litekeena da, agian, datorren urtean berriro ere honetaz hitz egin behar izatea...

Arantxa         Agian.

Esataria        Eskerrik asko, gaurko emandako argibide hauengatik, Arantxa.

Arantxa         Zuei.

Esataria        Eta nahi duzun arte



 

[1]Uda, itxura eta dieta (db-202). A. Lorenzo. Euskadi Irratia, Norteko ferrokarrila. 1999-05-26.


B2
25-05-1999
  • Lorenzo , Arantza
16442511
0:09:01
1810