Murgiarren Jauregia Astigarragan

Astigarragaren historia azaltzen da. Izan duen bilakaera eta bereziki bertan dagoen jauregiaren gorabeherak. Erdi Arotik hasi eta gaurdainokoa azaltzen du.

ARTSENI MELGAR


Asko izan dira Astigarragak historian zehar bizi izan dituen gorabeherak, herri gipuzkoar honen jurisdikzioak eta mugak ja etengabe aldatu izan baitituzte. Azken gorabeheraren ondorioz, Donostiako auzo huts izatetik nortasun bereziko herri izatera pasa da.

Gaur egun Gipuzkoan Aiztondo izeneko alkatetzarik existitzen ez bada ere, joan zen mendearen erdira arte herrialdean zegoen hirugarren alkatetzarik garrantzitsuena izan zen. Aiztondoko alkatetzaren hiriburua Asteasu zen eta bertan bizi zen alkatea. Asteasutik urrutitxo egon arren, Astigarraga Aiztondoko alkatetzaren barnean zegoen, Urnieta, Sorabilla eta Larraul zeuden bezala. Izan ere, Batzar Nagusietara ordezkari bat edo bi bidaltzen zituen Aiztondok, Zizurkilen, Astigarragaren, Umietaren eta Sorabillaren izenean botoa egozten zutenak. Jakina, asteasuarrak ez ziren auzoek ez zuten begi onez ikusten Asteasu «urrunean» bizi zirenen ordezkaritza hori, eta behin eta berriz exijitu zuten behar-beharrezkotzat jotzen duten «desanexioa». Azkenik, 1615. urtean, Urnietak Aiztondo utzi zuen, eta berdin egin zuten, 1660, 1664, 1840 eta 1843. urteetan Astigarragak, Zizurkilek, Larraulek eta Sorabillak. Azken honek antzinako alkatetza zabala utzi zuenean —1843. urtean, beraz— Aiztondo bera desagertu egin zen.

Ez dugu pentsatu behar garai haietako alkateak herriak aukeratzen zituenik. Aiztondoren kasuan, esaterako, Espainiako erregeak berak aukeratzen zuen bertako alkatea eta, kargu horretarako Esquilacheko markesa izendatu zuenean, zur eta lur geratu ziren asteasuarrak, ez baitzuten Esquilache zelako hura ezagutzen. Gainera, ez zuten ezagutuko, alkatea ez baitzen Asteasun ezta behin ere egon, Aiztondoko alkate «teoriko» hura Perura bidali baitzuten.

Aiztondotarrek —Astigarragakoak barne— egoera salatu zutenean eta alkatea aukeratzeko eskubidea exijitu zutenean, erregeak kargua «saldu» egin zuen eta aiztondotarrek diru kopuru ederra ordaindu behar izan zuten. «Baimena» 1659. urtean izenpetu zuen erregeak, Asteasu, Sorabilla eta Larraulerako urtean behin alkate aukeratzeko baimena ematen zuelarik. Erregearen «eskuzabaltasuna» erosteko zilarrezko 1400 dukat ordaindu behar izan zuten aiztondotarrek, eta, diru kopuru handi horri aurre egin ahal izateko, zerga bereziak ordaindu behar izan zituzten.

Astigarrako auzoek ondotxo ezagutu eta sufritu zituzten aipatutako gorabehera guztiak. Agian XIII. mendean bertan eraikia izan zen dorreak dituen gezi-leihoek puntu estrategiko hau defendatzeko premia azaltzen digute. Izan ere, gaur ezagutzen dugun Astigarragako eliza nagusia, antzinako gotorleku baten harresien gainean eraiki zuten, eta, otorlekuaren jabea Murgia izeneko familia izan zenez, elizaren lehen izena "Nuestra Señora de Murguia" izan zen, gaur Asuntzionekoa bada ere. Banderizoen gerretan, Murgiarrek oñazinoen alde egin zuten. Dorre edo jauregi eta elizaren arteko lotura hain izan zen zehatza, non etxetik elizara zuzenean pasatzeko pasabide bat egin zuten.

Murgiarren eta hiriburu Asteasu zuten aiztondotarren arteko harremanak ez dira errazak izan. Santiagoko bidea Astigarragatik pasatzen zen, eta milaka ziren Urumea Murgiatarren etxetik gertu zegoen Ergobiatik zeharkatzen zutenak. Beraz, Murgiarrak erromes bakoitzari zerga edo ariela kobratzen hasi zirenean, aiztondotarrekin zituzten tentsioak areagotu egin ziren. Egoerari irtenbideren bat aurkitzeko, murgiarrak —Ergobian zubi berri bat eraikitzeaz gain— eskualde osoko bideak zaintzeko konpromisoa hartu zuten, ia XVII. mendea arte bete zuten hitzarmena.

Aipatu bezala, Murgiarrak oñazinoen alde borroka egin zuten eta, 1446. urtean, Martin Perez de Emparan ganboinarren aurkako gudu batean hil zen.

Oñazinoek handik gutxira sufritu zuten porrotaren ondorioz, Murgiarrek Astigarragan zuten gotorleku edo gaztelua ia erabat suntsitua izan zen. Gazteluaren ordez, Murgiarrek jauregi bat eraiki zuten, eta, Astigarragak 1 660an bere lehen «desanexioa» lortu zuenean, ez zuten horregatik Murgiarrek eskualdeko mendi, baserri eta basoetan zituzten diru iturriak galdu. Eta XVII. mendean, Murgiako Teresa Manuel de Orbe y Larreategi zenarekin ezkondu zenean, Felipe V.ak Valdespinako markesak egin zituen.

Gaurko jauregiaren oina antzinako gazteluaren oina da, gaur aurrean duen lorategi ederrak jauregiaren aurreko fatxadaren itxura aldarazi badu ere. Fatxadan dituen lau leihoek eta ojiba ateak itxura dotorea ematen diote. Badago, gainera, eguzki-erloju bat. «Sólo el Sol se me da» dio erlojuak gainean duen inskripzioak.

Jauregia hiru aldiz erre dute, lehenik, Napoleonen aurkaka gerretan eta, besteetan, karlistadetan.

Gainera, ospitale, kuartel eta hilerri ere izan da. XX. mendearen hasieran Jose Maria de Orbe y Gaitan de Ayalak jauregia eraberritu zuen eta egun Valdespinako markesarena da.


Intéressant pour vous



C2
25-10-2000
16438978
1609