Usurbilgo organoa

Melomano baten aginduz eraikitako organoa da Usurbilgoa. Ingenieritza-lan bikain horrek 100 urte beteko ditu 2007an.

Bideo hau Dokumentu Biltegiko 52. DVDan badago ere, atari honetara ekarri dugu, transkripzio eta guzti.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Intrumentu berezi bati egingo diogu kasu: organoari. Askok diote musika tresna guztien artean nagusia dela, benetan, hainbat instrumentu batzen dituelako batean. Eta gehienok elizako musikarekin erlazionatzen dugun arren, bere bilakaera tekniko nagusia aberatsen aretoetan gertatu zen. Usurbilgo elizako hormek maisulan horietako bat gordetzen dute, 1907an melomano baten aginduz eraikitako organoa. Laster, datorren urtean, ehun urte beteko ditu, eta ingeniaritza lan bikain hori ezagutzeko aukera aprobetxatu nahi izan dugu.

Maisulan aparta gorde du urtetan Usurbilgo parrokiak. 1907. urtean Mutin-Cavaillé-Coll etxeak eraikitako organoa.

Jose Luis Atxega, organo-jotzailea.- Organo guztiak dira mundu bat, batzuk sonidoz eta tinbrez oso kaxkarrak dira, beste batzuk hobeak dira, eta beste batzuk onak. Nik hau katalogatuko nuke ona bezala.

Melomano baten nahiak gogobetetzeko egindako musika tresna zen, eta soinu baliabide asko zituen.

Jose Luis Atxega.- Bere efektu sonoro bereziak zituen, polizia-bozinak, sirenak, zera… anbulantziarenak, txakurrak ere bai, esaten dute… zituela, nolabait, aldameneko gelan txakur batzuk zituela eta berak nahi zuenean efektu hori esaten zien zerbitzariei atea irekitzeko eta zakurrak zaunkan hasten ziren.

Soinu baliabide horien guztien oinarrian haizea dago, ingeniaritza lan oso konplexu bat zeharkatzen duen haizea.

Edozein organotan haizea tutuetatik pasatu eta ateratzean sortzen da soinu hori. Organo jotzaileak teklatua zapaltzean, haizea hodi edo hodi multzo jakin batetik ateratzen da, eta nota jakin baten soinuak entzuten dira. Baina organoak teklatu bat baino gehiago eta ehunka hodi ditu. Usurbilgoak eskuez jotzeko bi teklatu, pedalier bat eta 1.600 hodi ditu. Haizez hornitzeko, organo honek bi hauspo nagusi ditu, baina bakarra erabiltzen da. Eraiki zenean, haize biltegiak bete ahal izateko, lau pertsonaren indarra behar zen. Usurbilera eraman zutenean, haizegailu elektriko bat jarri zioten. Hala ere, hor segitzen du jatorrizko mekanismoak. Hauspo nagusitik hauspo txikiagoetara bideratzen da haizea. Aire presioaren aldaketa beharrezkoak lortzeko balio dute guztiek. Tutu, hodi eta hoditxoek haizea sekretuetara eramaten dute, hodi multzo bakoitzaren azpian sekretu deritzon kaxa bat dago. Tutuak tamaina, material eta luzera ugarikoak dira. Nota bakoitzari dagokion soinua sortzeko behar den hodi multzoa erregistro bat da. Erregistro ezberdinak dituen instrumentu bakarra da organoa. Organoen artean, Usurbilgoa leku gorenean dago, eta arrazoi asko daude horretarako.

Jose Luis Atxega.- Ezaugarri berezia da bere hedadura, teklatuaren hedadura, hain zuzen, atera egiten da, araudietatik atera egiten da, nolabait esateko, beheko Do grabean bukatzen den bezala, organo guztietan, hau La arte jaisten da, eta goian beste horrenbeste egiten du.

Datorren urtean mendea beteko du Usurbilgo organoak. Eta urteek eragindako ajeak gainditzeko, zaharberritze prozesu konplexu bati ekingo diote. Denis Lacorre maisuak helduko dio lan artatsu horri.

Organoak ehun urte bete ditu, eta zaharberritzea egokitu zaio. Denis Lacorre-ren lantegiak hartu du bere gain zaharberritze lana. Instrumentuaren egoera ez da oso kaxkarra. Hala ere, desmuntatzen hasi orduko izan dira lehen ezustekoak. Pipiak uste baino kalte handiagoa egin du. Lehen pausua instrumentua pausoz pauso desmuntatzea izan da. Oso egun gutxitan egin den lana da hori.

Ehun urteotan, ehunka moldaketa egin dizkiote instrumentuari. Oraingo honetan jatorrizko espiritua errespetatzen ahaleginduko dira.

Denis Lacorre, organogilea.- Nahiz eta elementu oso bereziak geratzen diren, helburua ez da jatorrizko orkestra organora itzultzea, Mutin-Cavaillé-Coll etxearen espirituarekin eta XIX. mendeko frantziar estilo sinfonikoarekin  handitu eta zaharberritzea da helburua.

Pieza guztiak banan bana garbituko dituzte, eta erabat suntsitutakoak, berreraiki. Kontsola norabidez aldatu eta organoari begira jarriko dute; eraiki zenean, horrela zegoen.

Prozesu luzea izango da zaharberritzea, eta bukatzear dagoenean, iritsiko dira lanik zailenak.

Denis Lacorre.- Bukaerako afinazioa da beti arazorik handiena. Instrumentuari onena atera eta doitu egin behar da. Dudarik gabe, oso ondo eginda dago, baina onenaren bila gabiltza beti.

Zaharberritze lanen emaitza bi urte barru ezagutuko da. Bitartean, pieza batzuk, hodi gehienak, Usurbilen jaso eta garbituko dira. Beste guztiak, Lacorreren lantegian zaharberrituko dira, Frantziako Carquefou hirian.


 



B2
02-11-2006
16352282
00.07.20
4052