Kerman mintzalagun bila. Kermanen gauzak

Dirudienez, Kermanek batzuetan arazoak ditu lagunen arteko harremanak ulertzeko orduan.
Egiturak:
- Salbuespena adierazteko ezik partikulari izan jarri behar zaio aurretik: *Mikel ezik denak etorri dira / Mikael izan ezik denak etorri dira.
- Ez nahastu idazkari hartu eta idazkaritzat hartu.


Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: Aurreko larunbatean koadrilako afaria izan genuen...Ez al zizuten abisatu?
AITZIBER: Bai, komentatu zidaten...
KERMAN: Ba koadrilako guztiak joan ginen, zu ezik. Ez al zeneukan etortzeko gogorik?
AITZIBER: Gurasoengana joan behar izan nuen. Familiako arazo bat konpontzera.
KERMAN: Eta? Zein arazo izan zenuten ba?
AITZIBER: Kerman, familiako kontuak dira horiek. Eta familiako kontuak, familia barruan geratzen dira.
KERMAN: Ziur lagun guztiei kontatu diezula, niri ezik.
AITZIBER: Ez ba! Esan dizut lehen ere. Familiako kontuak, familian gelditzen dira. Eta gainera ez zaitez gogaikarri jarri!
KERMAN: Ondo da, ondo da... Nahi baduzu, hurrengo asteburuan ere afaria egin dezakegu... Nik edozein egunetan ahal dut, ostiralean ezik!
AITZIBER: Ba igandean beharko du orduan zeren ni larunbatean geldituta nago. Herriko neskekin gelditu naiz. Txikitako lagunekin...
KERMAN: Benetan? Zurekin joango naiz!
AITZIBER: Ez , zu lekuz kanpo egongo zara...
KERMAN: Lekuz kanpo? Zergatik?
AITZIBER: Ba... Nesken gauzez hitz egiten dugulako...
KERMAN: Nesken gauzez? Eta zer gauza dira horiek?
AITZIBER: Ba izenak berak esaten du! Nesken gauzak! Horretxegatik zaude zu soberan.
KERMAN: Aitziber, Aitziber...

Azalpena:
Gogoan izan «ezik» partikulari, salbuespena adierazteko, «izan» erantsi behar diogula aurretik. Horrenbestez, «guztiei kontatu die, niri izan ezik» edota « lagun guztiak joan ginen, zu izan ezik» dira esaldi egokiak. «Guztiei kontatu die, niri ezik», «lagun guztiak joan ginen zu ezik» eta tankerakoak, aldiz, txartzat emango ditugu.

KERMAN: Aitziber...
AITZIBER: Kerman, mesedez, ez hasi berriz lehengoarekin...
KERMAN: Ez... Lasai... Ba al dakizu Kirmen bekaduntzat hartu dutela nire bulegoan?
AITZIBER: Bai, berak esan zidan.
KERMAN: Bai? Deitu egin dizu ala?
AITZIBER:Ez, aurreko ostiralean gelditu ginen elkarrekin, zerbait hartzeko.
KERMAN:Ez nekien Kirmenekin geratzeko ohitura zenuela...
AITZIBER: bueno, tarteka gelditzen gara. Zer ba? Gaizki iruditzen al zaizu?
KERMAN: Ez...Gainera ni ostiralean ezin nintzen geratu. Langile batzordean ordezkaritzat hartu naute eta bilera neukan ostiralean.
AITZIBER: Hala ere, ez genuen zu gonbidatzeko asmorik.
KERMAN: Ez? Zergatik?
AITZIBER:Bueno ba, tarteka-tarteka, Kirmeni eta bioi bakarrik gelditzea gustatzen zaigulako!
KERMAN: Bakarrik? Zertarako?
AITZIBER: Zertarako izango da ba! Gure gauzez hitz egiteko!
KERMAN: Zuen gauzak, zuen gauzak...Tontotzat hartu nauzue ala?  Ni kritikatzeko geratzen zarete! Horixe!
AITZIBER: Kerman, erotu al gara? Ni Kirmenekin geratzen naiz, gure gauzei buruz hitz egiteko. Gaur, zurekin, gure gauzei buruz hitz egiteko geratu naizen bezalaxe.
KERMAN: Orduan, guk ere, gure gauzak  ditugu????Gure gauzak! Gure gauzak!
AITZIBER: Kerman! Kerman!

Azalpena:
Ez nahastu « Kerman idazkari hartu dute» eta «Kerman idazkaritzat hartu dute» egiturak, ez baitute esanahi bera.  «Kerman idazkari hartu dute» esango dugu idazkari lanak egiteko hartu dutela esateko. «Kerman idazkaritzat hartu dute» esatean, berriz, Kerman idazkaria iruditu zaiela azalduko dugu.
 
KERMAN: Aitziber... Galdera bat...
AITZIBER: Hara, Kerman. Ez hasi berriz ere! Zu ez zara nor, ni zeinekin gelditzen naizen kontrolatzeko!
KERMAN: Ez ba!!!! Lasai, orain ulertu dut guztia. Familiako gauzak daude, nesken gauzak daude, lagunen arteko gauzak daude, bulegoko gauzak daude...
AITZIBER: Oso ondo! Kito! Ulertu baduzu, pozten naiz.
KERMAN: Bai... Guztia ulertu dut, gauzatxo bat izan ezik... Izan ere...
AITZIBER: Banengoen ba ni...
KERMAN: Lasai Aitziber! Gauza txiki-txiki bat baino ez da eta! Izan ere, guztia ulertu dut, gu bion artekoa izan ezik!
AITZIBER: Nola, gu bion artekoa?
KERMAN: Ba gure gauzak!!!! Tontotzat hartuko nauzu... Baina nik ez dakit zein gauza diren...
AITZIBER: Ene... Kerman... Ba nik nire gauzak kontatzen dizkizut, eta zuk zeureak! Adibidez, langile batzordekoa.
KERMAN: Bai, bulegoko langile batzordean ordezkari hartu naute. Eta euskaltegiko udalekuetan begirale hartu naute... Baina horrek ez du...
AITZIBER: Begirale hartu zaituzte? Pozten naiz...
KERMAN: Bai, oso lan polita izango da... Gainera ume guztiek irakasletzat hartuko naute, kar, kar... Eta ni ere ikaslea izango naiz... Baina ez da hori kontua! Izan ere, gauza hauek nire gauzak dira. Ez daukate zurekin harremanik...Beraz, zeintzuk dira gure gauzak?
AITZIBER: Tira, Kerman...
KERMAN: Gainera, badira zuk aipatu ez dituzun gauza batzuk...
AITZIBER: Zeintzuk...
KERMAN: Bikote gauzak... Eta? Noiz hasiko gara gu bikote gauzak egiten? Ala horiek al dira gure gauzak?
AITZIBER: Akabo Kerman!!!!
KERMAN: Eztabaidak eta haserreak ere bikote gauzak dira. Ziur nago!!!!

Azalpena:
Bakoitzak bere gauzak dituela ikasi du gaur gure Kermanek.

Lehen zatian esan dizuegu, salbuespena adierazteko, «ezik» partikulak, aurretik  «izan» behar duela. Horrenbestez, «dena ulertu dut, gauza bat izan ezik» edota «lagun guztiak etorri ziren, zu izan ezik» dira forma egokiak.«dena ulertu dut, gauza bat ezik», «lagun guztiak etorri ziren, zu ezik» eta tankerakoak, aldiz, baztertu egingo ditugu.

Bestalde, «idazkari hartu» eta «idazkaritzat hartu» motako esaldien arteko aldea ikusi dugu. «Kerman idazkari hartu dute» esaten badugu, idazkari lanak egiteko hartu dutela esaten ariko gara. «Kerman idazkaritzat hartu dute» esanez gero, berriz, Kerman ikusi eta idazkaria dela iruditu zaigula esan nahiko dugu.
Hauxe gaurko saioa lagunok, zuek badakizue, ezta?  honekin edo harekin baina, egin!

A2
20-05-2011
16351356
3954