Arantzazuko Santutegia
Arantzazuko Andre Mariaren Santutegia leku paregabean dago, Artia-Elgeta eta Aloña mendien artean, Aizkorri mendikatearen magalean. Erlijio eta abangoardiaren elkargunea, euskal arte garaikidearen adibide ezin hobea da Arantzazuko Santutegia.
Oñatitik 9 kilometrora dago Arantzazu auzoan, Araotzetik gertu. Kondairak dioenez, Uribarri auzoko Rodrigo de Balzategi artzainari Ama Birjina agertu zitzaion elorri baten gainean. Harrituta, honakoa galdetu zion: "Arantzan zu?". Hortik omen dator Arantzazu izena, eta ondorengo mendeetan frantziskotarrek gurtza, pelegrinazio, arte eta kultur gunea bilakatu zuten. Erromes lekua sortu zuten, eta hasieran ermita bat eraiki zuten. Baina 1541ean frantziskotarrek monasterioa eraikitzea pentsatu zuten, Arantzazuk jasotako garrantziaren ondorioz.
Frantziskotarrek tenplu berri bat egitea erabaki zuten
Monasterioak (halabeharrez edo nahita eragindako) suteak jasan zituen 1556an, 1622an eta 1834an. Gudu karlistan gertatutako sutearen ostean, fraideen joera absolutistei bukaera emateko, tenplua eta komentua berriz eraiki zituzten, baina tenpluan ez zegoen bertaratzen ziren erromes guztientzako lekurik. Horregatik, 1951. urtean, frantziskotarrek tenplu berri bat egitea erabaki zuten. Neurri eta itxura handikoa eta artegintza modernokoa egin nahi zuten, eta santutegi honen eraikuntzan Euskal Herriko abangoardiako artista esanguratsuenek hartu zuten parte. Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek eraiki zuten santutegia.
Jorge Oteizaren apostoluek polemika handia sortu zuten
Eraikinean kareharrizko hiru dorre nabarmentzen dira. Horiek kareharrizko diamante itxurako muturrez estalita daude, kare-harrizko paisaiaren eta elorriaren arantza zorrotzen aipamen gisa. Eduardo Chillidak, tenpluan sartzeko lau ateak egin zituen. Jorge Oteizak, berriz, eraikinaren aurrealdeko hamalau apostoluak, bata bestearen alboan.
Garai hartan polemika eta zeresan handia sortu zuten Jorge Oteizaren apostoluek. Izan ere, apostoluak hamabi dira, baina Oteizak hamalau egin zituen. Kondairak dioenez lekua soberan omen zuen eta geratuko zitzaion hutsuneak eraikina zakartuko zuen. Auzi honen gainean zabaldu diren istorio ezberdinen artean, bitxienak dio auzia Vatikanoraino iritsi zela, eta bertatik artelana deusezteko agindua eman zuela Aita Santuak. Izan ere, Vatikanoaren arabera, hamahirugarren apostoluak deabrua irudikatzen zuen. Arrazoi ezberdinak direla medio, urte askoan zehar Oteizak ezin izan zuen bere lanean aurrera egin eta Arantzazuko Santutegiko eraikin nagusia amaitu gabe egon zen.
Euskaldunon artean bisitatu eta maitatuenetakoa da eraikin hori, kondairarengatik, elizarengatik eta inguratzen duen paisaia basati izugarriarengatik. Bertako fraide baten esanetan, "lehen eliza modernotzat" har genezake artelan erraldoi hau. Bere garaian oso iskanbilatsua izan arren, gaur egun euskal arte modernoaren lanik garrantzitsuentzat jotzen da.