Kerman mintzalagun bila: Opari bikaina
Maittanek oparia egin nahi dio bere mutil-lagunari, baina badirudi ez duela asmatzen.
Egiturak:
- Zuretzat eta zuretzako formen aldea.
- *Koloretazko/kolotetako, *benetazko/benetako, *gezurretazko/gezurretako, *erdipurdizko/erdipurdiko.
KERMAN: Aupa Mattane, zer zabiltza?
MATTANE: Aupa, Kerman! Argazki-album digital horietako bat egiten. Nire mutil-lagunari oparitzeko.
KERMAN: Hara, hori ideia polita! Baina... Nik argazki hau kendu egingo nuke...
MATTANE: Zer ba?
KERMAN: Ba ez delako oso ondo ateratzen... Eta oparia berarentzako bada...
MATTANE: Zaila da argazki guztietan ondo ateratzea! Gainera, horrek ez dauka garrantzirik...
KERMAN: Ba oparia niretzako balitz, ondo agertzea gustatuko litzaidake.
MATTANE: Kerman, Nik uste dut hemen hagitz ondo dagoela.
KERMAN: Litekeena da! Baina norentzat da oparia?
MATTANE: Kerman!
KERMAN: Zuretzat? Nik dakidala ez...
MATTANE: Kerman!
KERMAN: Uste nuen zure mutilarentzako ari zinela prestatzen...
MATTANE: Kerman! Gauza bat argi dago. Oparia ez da zuretzat!
KERMAN: Eskerrak niretzat ez den! Horrelako argazkiak jarrita nekez asmatuko duzu...
MATTANE: Kerman!
AZALPENAK:
«Argazki hau Mattanerentzat prestatu dut» esango dugu. Era berean, mezu horri «mattanerentzako mezua» deituko diogu. Horrenbestez, gogoratu izen baten alboan erabiltzeko, norentzat kasuari –ko ipintzen diogula: «Mattanerentzako mezua».
KERMAN: Argazki hori ere kendu egingo nuke…
MATTANE: Kerman, zergatik? hagitz ongi dago argazki honetan nire mutila!
KERMAN: Bai... Baina koloretazko soinekoa duen emakume horrek sorgina ematen du... Argazkia izorratzen du... Nor da?
MATTANE: Nire mutil-lagunaren ama!
KERMAN: Hara!!!! Eta nor da haurdun dagoen emakume hau?
MATTANE: Bere lehengusina... Eta ez dago haurdun.
KERMAN: Ez? Orduan tripa benetazkoa da?
MATTANE: Kerman!
KERMAN: Barkatu, barkatu! Gezurretazkoa da hortaz!! Mozorrotuta daude!!! Noski! Orain ulertzen dut dena... Tripa, koloretako soinekoa...
MATTANE: Ez daudela, mozorrotuta! Soinekoa eta tripa benetakoak dira!
KERMAN: Ba... Zure bikotea ere nagusitan horrela jartzen bada...
MATTANE: Kerman! Akabo albuma!
KERMAN: Mattane, ez zaitez petraldu. Nik lagundu egin nahi nizun, besterik ez… Baina, tira… Zuk erdipurdizko oparia egin nahi badiozu maite duzun pertsonari…
MATTANE: Kerman!!!
AZALPENAK:
«Koloretazko»,« benetazko», «gezurretazko» eta «erdipurdizko» ez dira egokiak euskaraz. Horien lekuan, «koloretako», «benetako», «gezurretako» eta «erdipurdiko» esango dugu.
KERMAN: Tira, tira... Arrazoi duzu. Ahaztu egingo dugu albuma... Beste oparirik erosi duzu zure mutilarentzat?
MATTANE: Bai, bere gustukoa den perfume bat. Handi-handia, gainera! Hori ere gaizki iruditzen zaizu?
KERMAN: Ez, ez... Ederki iruditzen zait... Iñakirentzako opari bikaina! Fina, pertsonala, erromantikoa, praktikoa...
MATTANE: Eskerrak!
KERMAN: Emporio Armando... Opari ederra, bai... Perfumea benetakoa bada, noski!
MATTANE: Izango ez da, ba!!! Ez al duzu ikusten markakoa dela?
KERMAN: Bai, bai... Etiketak benetakoa dirudi... Usaina, ordea, erdipurdikoa. Hau kiratsa!
MATTANE: Kerman, nazkatu nauzu! Ez zaizu opari bat bera ere ez gustatzen!
KERMAN: Ez dut hori esan... Ez da opari ona mutol-lagunarentzat! Hau amaginarrebarentzako opari bikaina da! Gezurrezko perfume hau, eta koloretako soineko itsusi hori. Ederki emango dio!
MATTANE: Akabo, akabo, akabo!!!
KERMAN: Ama!!!!
MATTANE: Kerman!!!!
AZALPENAK:
Mattaneren opariak ez zaizkio gehiegi gustatu Kermani.
Lehendabiziko zatian, «zuretzat» eta «zuretzako» formen arteko ezberdintasuna gogorarazi dizuegu. Hala, «Opari hau zuretzat da» esango dugu, baina «zuretzako oparia».
Bigarrenik, gogoan izan, «koloretazko», «benetazko», «gezurretazko» eta «erdipurdizko» hitzak ez direla egokiak. Horien tokian, «koloretako», «benetako», «gezurrezko» eta «erdipurdiko» esango dugu.
Hauxe gaurko ikasgaia lagunok, zuek betikoa: honekin edo harekin, baina egin!